2026ko azaroaren 23a.

Egun on.

Zer moduz asteburua?

Ondo hasi genuen guk, lantaldean, ostiralean Rikardo Arregi Kazetaritza Saria jaso zuelako Zigor Olabarria lankideak, martxoan argitaratu genituen Euskararen aurkako oldarraldia erreportajeengatik. 

Akordatuko zara, lan deialdi publikoetako euskara eskakizunak auzitegietan atzera botatze hori antolatuta zegoela argitaratu genuen, eta zalaparta ederra sortu zen gero alderdi politiko, sindikatu eta hedabideetan. Ikerketa lan handia egin zuen Zigorrek, kazetari gisa jakina, baina batez ere euskaltzale gisa zuen kezka eta susmo bati segika. Oso pozgarria, beraz, sari hau jasotzea.

Tira, hitzaldia hunkitu samar egin zuen Zigorrek, eta oso txukun egin ere, baina ahaztu zitzaion iragarpen bat egitea: astelehen honetarako artikulu potente bat zeukala, geneukala. Badakizu Osakidetzan lan deialdi erraldoi bat egiten ari direla hilabeteotan? Bada, azterketetan eta ikasmaterialetan, euskarazko ereduetan akats oso larriak daude. 

Goazen mamira.

Osakidetzako oposizioetan, euskaldunak baztertuta

Artikulu sorta baten lehen kolpea da gaurkoa (beno, bart publikatu genuen webgunean): elkarrizketa bat. Ane Aizpurua. Erizaintzako azterketa egin zuen ekainean, eta negargarria izan zen esperientzia.

Galdera edo enuntziatua ez ulertzea, zoritxarrez, ohikoa da, euskaraz oker idatzita dagoelako, zalantzarik gabe gaztelaniaz pentsatua izan delako, eta gaztelaniatik euskarara gaizki ekarri delako. Orduan, zer egin? Aukera bat da eskua altxa, azterketa zaintzen ari denari gaztelaniazko azterketa eredua eskatzea, eta hala, behintzat, enuntziatua ulertzea. Baina Ane Aizpuruak esan digu ez dela beti posible izaten, hauxe dela jaso izan duen erantzuna: “Gaztelaniazko eredua ematen badizut, azterketa osoa gaztelaniaz egin beharko duzu”. Lankide gehiagok konfirmatu diote gauza bera gertatu zaiela.

  • Horrek guztiak, azken finean, honetara garamatza: Donostialdeko osasun eremuan erizainen %72 euskaldunak dira, euskaraz komunikatzeko gai badira behintzat, baina azterketa euskaraz egitea hautatzen dutenak %1 inguru dira. “Hor bada zerbait ondo ez dagoena”, diosku Aizpuruak. 

Orain arte, unibertsitateko ikasketak-eta, den-dena euskaraz egin daiteke EHUn, irakasle eta ikasmaterial aldetik ez du arazorik oroitzen Aizpuruak, baina lanpostuaren plaza lortzeko azterketa egiterakoan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jartzen dituenean materiala eta azterketa, dena dago gazteleraz pentsatuta, eta euskalduna baztertuta.

Hemen duzu Zigor Olabarriak egin dion elkarrizketa Ane Aizpuruari. Pertinenteak dira galderak, eta diskurtsiboki onak erantzunak.

· · · · · · ·

Tira. Orain arte Ane Aizpuruarengan jarri dut fokua, baina hitza eta aurpegia jarri dion osasun langile bat baino ez da. Urrunago goaz. 

Izan ere, gaur arratsaldean, Osakidetzako euskarazko azterketa negargarrien detaile gehiago emango dituzte Aintzat Osasungintza Euskalduntzeko Mugimenduak, Euskal Herrian Euskarazek eta ELA eta LAB sindikatuek.

Akatsak. 

  • Adibidez, hau. Lista de espera, gaztelaniaz. Euskarako azterketan, “itxaropen-zerrenda” (“itxaron-zerrenda” behar luke). Edota beste adibide argi hau, eredu batean gauza bat eta bestean kontrakoa dioena: gaztelaniazko azterketan No debe ser menor a 15 segundos, eta euskarazkoan “15 segundotik beherakoa izatea”.
     
  • Akats arinak, akats larriak... Gehiago arinak, zorionez, baina Erizaintzako azterketan, esaterako, 110 galdera edo enuntziatu zeuden eta hizkuntzari loturiko 76 akats identifikatu dituzte. 

Datozen buletinetan emango ditut detaile gehiago.

Iritzi artikulu hau ere ekartzen dizut, Aintzat Osasungintza Euskalduntzeko Mugimenduko kide batek idatzita.

Debalde eskaintzen dugu edukia, komunitatearen ekarpenei esker.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Koofizialtasuna. Baionan, larunbatean, 7.500 euskaltzale manifestatu ziren euskara Iparraldean koofizial izatea eskatzeko, eta Simon Fetet prefetaren azkenaldiko erasoei erantzuteko. Iragarri dute akordio politikoa landuko dutela eragile politiko, sozial eta sindikalekin, Ipar Euskal Herria berreuskalduntzeko plan integrala lantzeko.
     
  • COP31. Inork zalantzarik bazuen, akordiorik gabe amaitu da klimari buruzko goi bilera. Ez da erregai fosilak baztertzen joateko borondaterik hartu, ezta mekanismorik adostu ere klima larrialdiaren ondorioak gehien jasaten dituzten herrialdeak diruz laguntzeko.  
     
  • Donostiako metroa. Asteburuan inauguratu dute, eta jendetzak erabili izana arrakastaz baloratu. Protesta ere egin zuen herritar talde batek, proiektua “behar gabekoa eta erokeria” delako. Aurreikusitakoaren ia bikoitza xahutu da (340 milioi euro 4 kilometrorako).  

    Bertso-sorta egin zuen Beñat Gaztelumendik protestarako, Txirrita zenak Norteko trena-ri jarritakoei keinu eginda. Honela bukatzen da Gaztelumendirena: “Turistentzako metroa eta / bertakoentzako trena / aurrerantz omen dabilen hiri / honen ibili herrena / Donostiako ziudadea, / ederretan ederrena / lehen hiru txulo omen zituen / eta orain laugarrena”.  

  • Aitor Mendiluze. Bi hankak abenduaren 20ko finalean jarri ditu bertsolari andoaindarrak, 760 puntu ez baitira ahuntzaren gauerdiko eztula. Bigarren egin du Joanes Illarregik, eta finalean sartzeko hautagaia da. Hirugarren Aner Peritz, saio ederra mimatuta. Honatx kronika. Datorren larunbatean azken aurreko finalaurrekoa, Gasteizen.

PANTAILARA ITSASTEKO BAZKA

 
  • Le dernier souffle. Negarra eragin zuen eta sareetan bolo dabil Joanes Illarregiren ganbarako ariketa, amak eutanasia eskatu berri zion semearen paperetik. “Finean askatasuna / horixe da gorpuztea / egon nahi ez duenari / lasai joaten uztea”, horrela bukatu zuen bertsoa. Eta pentsatu dut Costa-Gavrasen film eder hau ekartzea. Bere azken pelikula izango delakoan nago, 93 urte baititu, eta duela bi estreinatu zuen. Zaintza paliatiboaz hitz egiten du pelikulak, medikuaren ikuspegitik eta hori ulertu nahi duen idazlearen gorputzetik. Azken hatsa ematera duintasunez iristeaz, horretaz doa. Hegoaldean Filminen dago, eta Iparraldean Applen.
     
  • Golden Eighties. 40 urte bete ditu aurten Chantal Akermanen film koloretsu honek. Garaian kokatuta, 1980ko hamarkadan, film osoa zentro komertzial baten barruan gertatzen da, triangelu bat osatuta ile apaindegi, arropa denda eta taberna baten artean. Kolorea, bizipoza, ilusioa… emakumezko pertsonaiek oso ondo gorpuzten dute, maitasunarekin eta kontsumoarekin nahastuta, garaiaren adierazle. Film interesgarria, ikusteko atsegina. Hegoaldean Filminen dago, eta Iparraldean ez dago.
     
  • The Hunger Games: Sunrise on the Reaping. Heldu berria da zine aretoetara Gose jokoak trilogiaren beste prekuela bat. Oraingo honetan Haymitch da protagonista, gaztea zeneko Haymitch, lehenbiziko istorioetan Katniss eta Peeta pertsonaien prestatzailea dena. Ez dut ikusi, baina etxekideak bai, eta asko gustatu zaio, grinatsu kontatu dizkit hainbat kontu. Zinemetan dago.

Honaino gaurkoa.

Astelehen ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN