Egun on.

Ongi inaute ostea? 

Datu-sorta batekin zabalduko dut buletina.

Goazen mamira.

Turismoa jaitsi dela dioenari

Datuak atera berri ditu Eusko Jaurlaritzak eta ez dut prentsan urtarrileko katastrofismoa desmuntatzeko ahaleginik ikusi. Gipuzkoako prentsa probintzianoak eskuak burura eraman zituen joan den hilean, “turismoa” eta “hautsi” terminoak elkarren ondoan jarrita, lehenbiziko aldiz hamarkada askotan (salbu eta 2020ko uda) turismoa “apaldu” egin zelako Donostian. Ez zelako igo, alegia. Igotzea da-eta “seinale ona” kontsumo gizarte batean. Badakizu: igotzen ez dena, gaizki doa.

Segituan heldu zen Donostiako Bizilagunekin plataformaren erantzuna: “Donostian turismoa ez da jaitsi, egonkortu eta elitizatu baizik”. Zeren, urtebeteko ikuspegia hartuta, ados, sarrerek %1 egin dute behera hirian; baina azken hamar urtetako ikuspegia hartuta, %76 hazi dira. Eta elitizatu: hamarkada batean, ia bikoiztu egin baitira hiru izarreko hoteletan egindako gaualdiak.

Baina esatera nindoana. 2025eko turismo-datu gordin batzuk argitaratu ditu Jaurlaritzak, eta bai: urte artekoa Donostian %1 jaitsi da, eta Gasteizen ia %5. Horiek izan dira jaitsi diren zifra bakarrak. Baina ñabardurekin: gau kopuru totalak gora egin du Gasteizen, eta ia-ia aurreko urteko zifra errepikatu du Donostiak. Ez dezagun, orduan, batzuen atsekabea eta besteon zoriona lekarkeen alarmarik sortu. 

Bilboren hazkunde-gaitasuna bai dela ikaratzeko modukoa: urte bakarrean ia %10 hazi dira sarrerak. Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean %4 igo dira, Arabako Errioxan ere beste hainbeste, eta mendi eta haran inguruetan, berriz, %6. 

Eta bukatzeko, solasaldi informaletarako balioko dizun datua. Kanpinetara jende gutxiago joaten dela? Datuek horiek diote, jende gutxiago eta gau gutxiagotarako etortzen dela. Baina moda edo garai kontua dirudi, urtetik urtera, apartamentu turistikoen sarrerak %30 igo baitira.

· · · · · · ·

Portzierto. LABek erantzun egin dio Torres Ekonomia sailburuari, atzoko buletinean kontatzen nizun moduan, Torresek baitio gutxieneko soldata 1.500 eurora igotzeak langileen %3ari soilik eragingo liokeela, eta ez dela nahikoa motibo greba orokorrera jotzeko. LABek dio 240.000 langile liratekeela onuradunak; hirutik bi emakumeak, eta bitik bat migrantea. 

  • 1.221 euro. Horra igo dute lanbide arteko gutxieneko soldata Espainian. Hilean 37 euroko igoera, urtean 518 euro. Harrokeria nabaritu zaio Sánchez presidenteari; ezkerreko besoa igo eta “gora iraultza sozialista!” oihu egitea baino ez zitzaion falta. Zeren, patronalari errieta egin dio prentsaurrekoan, enpresa askotan irabazi handiak daudelako eta soldatak oso apurka igotzen dituztelako. Ez zaio arrazoirik falta.

·····>   Ez galdu hauek

  • Kurdistanen da ARGIA. Atzo esan nizun Euskal Herriko laukote bat Rojavan dela, Siriaren menpeko Kurdistanen. Bada, Lander Arbelaitzek idatzizko lehen kronika bidali digu handik. Hango jendeak kontatzen du kolpe gogorra jaso dutela Siriaren erasoaldiarekin, baina indartsu sentitzen direla, eta argi dutela gauza bat: duten antolatzeko modu horizontala ondo sustraitua dutela, eta kosta ala kosta, nahiz Turkiaren edo Siriaren menpeko izan, horrela antolatzen segitu nahi dutela. 
     
  • Hamar frantziarrek lau, torturaren alde. Inkesta baten zifrak argitaratu dira Frantzian, eta bi datu hauen aurkako norabidea iruditu zait azpimarratzekoena: azken 25 urteotan, gora egin du salbuespen egoeratan tortura erabiltzea onartzen dutenen portzentajeak (%25etik %38ra), eta aldiz, behera doa Frantziako Poliziak noizbait inor torturatu duela uste dutenena (%76tik %49ra).
     
  • Osasungintza euskalduntzeko eskaera. Ipar Euskal Herriko osasun zentro guztietan lehen hitza euskaraz egiteko kanpaina abiatu du Euskal Herrian Euskarazek. Orain arte 115 langilek babestu dute.
     
  • ‘Lourdes Iriondo pastorala’. Leire eta Intza Casamajou-Elkegarai ahizpak ari dira sorkuntza ontzen. Uztailaren 19, 24 eta 26an eskainiko dute, Sohütan. Pertsonaia nagusiak nortzuk gorpuztuko dituzten esan du Xiberoko Botzak. Abian da afixa lehiaketa: martxoaren 23a baino lehen helarazteko eskaera egin dute.

PANTAILARA ITSASTEKO BAZKA

Asteburuan euria goian-behean, eta bi pelikula ikusi ditut. Horiek biak eta telesail-dokumental bat dakartzat gaur. Bat bera ere ez dago euskaraz.

  • Human. Ez ditut sarri ikusten, baina gustatzen zaizkit animaliei buruzko dokumentalak, eta oro har naturari buruzkoak. BBCren ekoizpen bikain bat da hau, giza eboluzioaren ingurukoa. Halakoak ikusi ondoren aldiro pentsatzen dut: zeinen huskeria garen bizitzaren existentzia osoan. Tira, telesail-dokumental honek bost kapitulu ditu, irentsi egin ditut, eta gozatu dut irudi eder eta off ahots zoragarriarekin. Movistarren dago.
     
  • Reality. Batere planeatu gabe, Sidney Sweeney protagonista duten bi pelikula ikusi ditut asteburuan. Bata, hau. AEBetako 2016ko hauteskundeei buruz sekretu ofizial batzuk prentsara filtratu zituen tipa bat gorpuzten du. Sasi dokumental bat da filma, grabazio errealak entzuten baitira. Entretenigarria da, ez zait sekulakoa iruditu, baina baditu gauza onak filmak: Sweeneyren antzezlana bikaina iruditu zait, eta argazkigintza lan ikaragarria du. Netflixen eta Filminen dago.
     
  • The Housemaid. Hauxe asteburuan ikusi dudan Sweeneyren bigarren pelikula. Boga-bogan dago. Denbora darama leihatilan. Ongi dago, arratsalde pasa baterako plan polita da. Ez zaizkio falta estatubatuar trazak. Gidoiak baditu bere sorpresak, baina aldamenekoak esan dit ez zaizkiola oso errealistak iruditu; liburua irakurria du, eta aho zapore gazi-gozoa utzi dio pelikulak. 

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan. Besarkada bat.

JARRAITU SAREETAN