Duela bizpahiru urte-edo agertu zen prentsan: Irungo institutu batean, 13 eta 15 urteko hainbat neska ikasleri diru edo opari truke sexu praktikak proposatu zizkiola 53 urteko gizonezko irakasleak. Bada, gaur hasiko da epaiketa Donostian. Dena ukatzen du gizonak.
Auzia Fiskaltzarengana eraman duena Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila izan da. 2018tik begiz jota zeukan irakaslea, Errenteriako ikastetxe batean espedientea zabaldu eta epe batez lan egiteari utzi ziolako. Irunen hasi zen lanean gero. Eta hor proba gehiago bildu dituzte, praktika bertsuak egin baititu: biluzik agertzen zen bideoak ikasle neskei bidali, oporrak elkarrekin igarotzea proposatu, sugar daddy izateko eskaintzak egin... Gauza higuingarri asko eta asko, higuingarri gisa soilik defini badaiteke.
Baina kontua ez da hor bukatzen. Tipoak liburu bat argitaratu du, gaztelaniaz, honela itzuli genezakeena: “Nola ulertu eta arrakastaz irten lan eremuko jazarpenetik”. Alegia, bera dela biktima. Liburuan kontatzen du neska ikasle gazteak berarengana gerturatzen zirela, haien artean “borrokatzen” zirela bere magalean nor eseriko, jolas-eremuko anekdota nazkagarriak kontatzen ditu... eta, gaur hasiko den epaiketaren harira dio feministak (eta Hezkuntza Saila ere bai, imajinatzen dut) bere aurkako kanpaina egiten ari direla.
Mikel Garciaren albistean aurkituko dituzu xehetasun gehiago.