Lehendakari abertzalea izanen da Ipar Euskal Herrian, Euskal Hirigune Elkargoan: Alain Iriart, EH Baiko kidea, egun Hiriburuko (Lapurdi) auzapeza. Utzi egingo du kargu hori Elkargoan zentratzeko. Zeren, pisuzko ardura da lehendakariarena, Ipar Euskal Herriaren izenean mintzatuko baita. Egokituko zaio, baita ere, Euskal Erdiko lehendakari Imanol Pradalesekin eta Nafarroako Gobernuko Maria Chiviterekin mahai bueltan esertzea, pareko karguak baitira hirurak. Interesgarria izango da abertzale batek lehenbizikoz mahai horretan lekua izatea.
Kate batzuk apurtu ditu Iriart lehendakari hautatzeak. Sorpresa galanta izan da begi bat Baionako areto hartan genuenontzat. Izan ere, Jean-René Etchegaray zentrista, Baionako auzapeza eta Elkargoko orain arteko lehendakaria zen karguan segitzeko hautagai nagusia. Eta itxura hori izan du lehen bozketa egin denean, Elkargoko batzarrean presente ziren herriko etxeetako 232 ordezkariek (horiek ematen dute botoa, ez herritarrek) Etchegaray babestu dutelako gehien. Baina ez behar beste. Lehen bozketan, botoen %50 baino gehiago lortu behar izaten dira, eta inork lortzen ez baditu, bigarren bozketa bat egiten da, eta gehiengo sinplearekin aski izaten da. Kontua da, lehen bozketatik bigarrenera, EAJko kide eta Kanboko auzapez Peio Etxelekuk erabaki duela bere hautagaitza atzera botatzea, eta Iriart babestea. Mikrofono bidez iragarri du. Eta hara, bada, kasu egin diote. Horrelaxe lortu ditu Iriartek 119 boto, eta Etchegarayk 102.
Aldaketa garaia izango da, beraz, Elkargoan. Bada halako talka bat edo elkar ulertze zail bat Lapurdiko kostako hirietako hautetsien eta barnealdeko herri txikien artean. Arazoak ere biziki pilatu dira kostaldean, hala nola etxebizitzarekin, eta aldi berean landa eremua husten ari da. Azken asteotako kanpaina ere norabide horretan bideratuta egon da: zentralizazioa eta deszentralizazioa. Iriartek “deszentralizazio orokor” kontzeptua erabili du usu. Deszentralizazio politikoa, administratiboa eta ekonomikoa, besteak beste. Herrietako hautetsiak proiektuen erdigunean ipintzea proposatu du Iriartek, haiei hitza eta ekintza ematea.