2026ko apirilaren 21a.

Egun on.

Hasierako lerrootara ekarri beharrean, efemeride bat dakarkit lehen albiste izatera.

Noan gaira.

Aitortza (azkenerako) eder bat

Egin ditzagun 50 urte atzera. 

1976ko apirilaren 21a da, arratsaldeko 15:00ak. Leitzako Sarrio paper lantegiaren atarian guardia zibilen jeepa Anparo Arangoaren zain dago. Atxilotu egingo dute. Polizia-etxean galdera batzuk egin eta Tolosara eramango dute. Han izango ditu zain zeregin maltzurretan ondo asko trebatuta dauden beltzak, Muñecas kapitaina eta bere morroiak. Gogotik jipoituko dute. Gogotik, gogotik. Zazpi-zortzi agenteren artean mila basakeria egin eta Leitzara itzuliko dute berriz, jadanik hilzorian. Gauerdian, Leitzako guardia zibilen emazteek errukiz begiratuko diote atxilo daukaten Arangoari, eta herriko medikuari deituko diote. Hark, larritasuna ikusirik, Iruñeko ospitalera eramango du bere automobilean. Diagnostiko klinikoak honela dio: “Hematoma oso zabalak eta sakonak ditu izterren gainaldean, azpialdean eta ipurmasailetan; eta giltzurrun-blokeoa eta heste-blokeoa ere baditu”.

Hurrengo egunean, herriko medikuaren ahotik jakingo dute ospitalean ingresatu dutela Arangoa. Iruñera joan, eta senideek hala moduz lortuko dute gelan sartzea, erizainen laguntzaz. Javier Yaben eta Patxi Zabaleta ere presente egongo dira; haiek egingo dituzte behar diren argazkiak, Zeruko Argia-k argitaratuko dituenak. 

Berehala zabalduko ziren irudiok Euskal Herrira, eta munduari bira emango zioten gero; prestigiozko The Times egunkari britainiarrak maiatzaren 13an publikatuko zituen, lehen orrialdean, eta Amnistia Internazionalak bere urteroko txostenean aipatuko zuen Arangoaren kasua. 

Yabenek eta Zabaletak argi zeukaten zeren bila zihoazen Arangoaren irudia jasotzera. Haiek esana da Urko Apaolaza lankideak 2013an egindako erreportajean: “Jakina zen hemen torturatu egiten zela, baina ez geneukan frogarik; irudi hori behar genuen”. Hemen bideoz.

Iragan abenduan aitortu du Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko indarkeriaren biktima izaera duela Anparo Arangoak. Familiak eskatutako errekonozimendua izan da, eta dirua ere jaso dute. Horren zati bat, Anparoren iloba Jon Arangoak hala bultzatuta, ARGIAk jaso du, bere esanetan, komunikabide eta kazetaritza molde jakin horri aitortza gisa. Hunkitu gintuen Arangoa sendiaren deiak.

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

Basakeria purua

Ez dut morbosoa izan nahi; nazkagarria eta edonolako gizalege guztien aurkakoa da Israel egiten ari dena Palestinan. Berriena da testigantza batzuk erakutsi dutela armada sionistak txakurrak entrenatzen dituela preso palestinarrak bortxatzeko. Bai, txakurrak. Halako umiliazioa, txakurrak trebatu jendea bortxatzeko... Gutxienez zortzi presok adierazi diote hori kazetariren eta gobernuz kanpoko erakunderen bati, bakoitzak bere aldetik. Denek ere sinetsi ezinda bezala, baina testigantza bat bestearen atzetik jasota, asuntuak ez du imajinaziorako tarterik uzten. 

Hori guztia eta gehiago egiten ari da Israel.

· · · · · · ·

Segregazioaren aurkako mahai... herrena?

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak abian duen segregazioaren aurkako mahaia azken fasean sartzear da, eta orain zehaztuko dira estrategiak eta neurri zehatzak. Baina konfiantza galtzen ari dira eragileak. Dagoeneko mahaia utzi dute, esaterako, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek, baita PP alderdiak eta Ikastolen Elkarteak ere, edota EHIGEk. Konfiantza ez dute soberan oraindik ere mahaiaren parte diren kideek, hala nola EH Bilduko Ikoitz Arresek. Berarekin hitz egin du Mikel Garcia lankideak.

Eztabaidak zertan diren eta zertan ez jakitea interesgarria da, baina uste dut zera hau azpimarratzea nahikoa dela: Hezkuntza Sailari interesatzen ez zaizkion gaiak ez dira hurrengo fasera pasatuko; aldebakarrez jarduten ari da. 

Zerbait esan nahi didazu? Erantzun mezuari edo idatzi buletinak@argia.eus helbidera.

·····>   Ez galdu hauek

  • Bortxaketa saiakera. Oñatiko unibertsitate campusean bortxaketa saiakera bat izan dela salatu du Bargastak taldeak. Indarkeria matxista gaitzetsi, eta herri mailan gogoeta egiteko deia luzatu dute, buloen zabalpena handia izan delako. Elkarretaratzeak egin zituzten atzo.
     
  • Immigrazioa arazo? Zenbait komunikabideren lerroburuak ikusita, badirudi gizartearen zati handi batek immigrazioa lotzen duela segurtasun faltarekin, baina gero ez da horrela, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikerlanaren emaitzak dira adibide. Haien herrietako elkarbizitza ona dela esan dute 10etik 9k.  
     
  • “Baxoa euskaraz”. Azterketak Euskaraz kolektiboak aldarri hori duten itsasgarriekin bete ditu Baionako eta Donapaleuko hezkuntza ikuskaritzen egoitzak, joan den astean iragarri ondotik ezin izango dutela matematikako baxo berria ere euskaraz egin.

· · · · · · ·

A. Atzo publikatu genuen Etxerako Lanak podcastaren atal berria. Gai kitzikagarria ez digu ekarri, bada, Mikel Garcia lankideak: gorputzak, emozioak, generoa, pornoa… nola landu sexualitatea eskolan eta etxean? Egin klik irudian.

PANTAILARA ITSASTEKO BAZKA

Batzuentzat asteburuak dira film eta telesailetara lotzeko uneak, eta besteentzat aste-tarteak. Zerrenda labur bat duzu hemen: film bat eta bi telesail.

  • Dance First. Etzi izango da liburuaren eguna, eta baliatuko dut aukera Samuel Beckett jenio literario irlandarraren bizitza kontatzen duen film hau gomendatzeko. Nola joan zen Parisera, zer nolako harremanak garatu zituen... Nahiko modu ausartean kontatzen da, nire iritziz, alegiazko jauziekin eta horrela. Gustatu zitzaidan 2023ko Donostiako Zinemaldian; Sail Ofiziala itxi zuen film honekin. Ez du batere sonarik izan, isil-isilean igaro da, Filmafinnity-n ere ez du balorazio oso ona, baina uste dut 100 minutu atsegin eskaintzen dituela. Filminen dago.
     
  • Fleabag. Hamar urte bete ditu telesail honek. Zeinen azkar pasatzen den denbora... Baina ez da iraungi edukia. Oso aktuala da. 30 urteko Londreseko tipa baten bizialdia eta bizi-krisia kontatzen ditu. Berak kontatzen digu guri, kamerari hitz egiten baitio; eta burua biratu eta lagunekin solasean segitzen du. Interesgarria da norbere nahi, desira eta pentsamoldeak nola erreprimitzen ditugun ikusteko. Prime Videon dago. 
     
  • Poquita fe. 40-50 urteren bueltako familia bateko norbanakoen eguneroko sinplea kontatzen du telesail espainiar honek. Jakizu oso espainiarra dela estiloa. Baina kontatzeko modua iruditu zait ederra: badago pertsonaia bat, Fleabag-en bezala, zuzenean kamerari hitz egiten diona, eta beste guztiek, tarte askotan, dokumental batean bezalaxe elkarrizketatzaile bati erantzuten dizkiote galderak. Horrela osatzen da hari narratiboa. Ikustekoa da besteen bizkar zer esaten dugun, eta aurrez aurrekoan nola isiltzen ditugun gauzak. Movistarren dago. 

Honaino gaurkoa.

Astearte ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN