Iragarpen asko egin ditu Eusko Jaurlaritzak azken orduotan, eta hainbeste gabinete eta komunikazio arduradunez osatuta dagoen erakunde batek hori egiten duenean, gutxienekoa da pentsatzea titularrez haragoko analisirik ez dutela desio.
Kultur arloko ekoizpenak bultzatzeko eta haien sustapenean laguntzeko 10,5 milioi euroko poltsa baten berri eman du Kultura Sailak. Hortik ia 9 milioi euro, ikus-entzunezkoetara joango dira. Gainontzekoa, ia erdi eta erdi, arte eszenikoetara eta literaturara. Aski diferenteak dira diziplinak eta sektoreak haien artean, baina aski nabarmena da nondik nora doazen Jaurlaritzaren tiroak: zine aretoetan eta batik bat streaming plataformetan EAEn ekoiztutako lanak sartzera. Horretan zentratuko naiz, ez nadin luza.
Ikus-entzunezkoek hartuko dituzten ia 9 milioi horietatik, puskarik handiena (erdia baino gehiago) film luzeen ekoizpenetara joango da. Eta, ez badute ere poltsa berean sartu, jakizu zergatik, aparteko 3 milioi euro bideratuko dituzte telesailak ekoiztera. Horixe zait aipagarriena. Konparaketak eginda, dokumentalen sorkuntzara bideratuko dena baino lau aldiz gehiago inbertituko da telesailetan. Hartu dokumentalei bideratutako aurrekontua, batu film laburretara bideratuko den dirua eta animaziozko film luzeak egiten inbertituko dena, eta horra emaitza: 3 milioi euro. Telesailetan bezainbeste.
Konparaketa hau ere jostaria da: arte eszenikoen eta literaturaren ekoizpenera eta sustapenera bideratutako dirua, telesailetan ipiniko denaren erdia da.
Nik hariak lotzen ditut: telesailak indartu nahi ditu Jaurlaritzak. Ez zait gaizki iruditzen. Kontsumo ereduak horretara eramaten duela ere iruditzen zait. Baina kontsumo ereduak ere badio telesailen lehen kapituluko lehen zortzi minutuak oso-oso-oso inportanteak direla (Moriarti ekoiztetxekoei entzun nien hori), bestela jendeak kendu egiten dituela. Eredu hori ere hauspotu nahi da?
Beste egun batean hitz egingo dugu euskarazko proiektuetara zenbat bideratuko den partida horietatik. Hitz hauek dakartza Jaurlaritzaren oharrak: “Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da”.
- Bide batez, gaur zortzi Dantzaren Nazioarteko Eguna izango da, eta ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartearen artikulu bat publikatu dugu gaur, Etorkizun zoriontsua dantzarentzat izenburupekoa. Aurreko paragrafo guztiak eta gero, hauxe nabarmenduko nieke: “Zaila da ospatzea sentitzen duzunean dantzaren sektorea kolokan dagoela eta ez duzula hankazpian profesional gisa eutsiko zaituen gainazal egonkorrik”.