Garaiak aldatu direla dioenari emateko moduko notizia: kondenaren hiru laurdenak betetzetik gertu egon arren, eta Eusko Jaurlaritzak proposatutakoaren kontrara, Marixol Iparragirre eta Juan Ramon Karasatorre euskal presoak atzera ere espetxera gau eta egun itzultzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Helegiteak aurkeztuko dituzte.
Espainiako eskuinak bere lana egin du. Ez dio atsedenik eman Iparragirreri eta bere inguruari, eta haien buruari kazetari deritzen mikrofonodun beltzak Martuteneko espetxearen kanpoan ibili dira, zirkua muntatu eta protagonistak doilorkeriaz tratatzen. Eta, irudiak telediarioetara heldu ahala, fiskaltzak eta epaile lagunek haien makineria ipini dute martxan. Betikoen betiko jokaldia.
Eusko Jaurlaritzaren kontrolpean daude EAEko espetxeak, eta hark oniritzia emanda jaso zuten bai Iparragirrek eta bai Karasatorrek astean zehar eta egunez espetxetik atera ahal izateko baimena. Horretarako 100.2 artikulua baliatu dute, Jose Luis Castro epaileari batere gustatzen ez zaiona. Nolabait ere zigorra arintzeko balio du, gizarteratzea helburu. Baina epailearen iritziz “nahasmendu hutsa” da: “Barnean dagoenari itxaropen faltsuak ematen zaizkio, eta senideei beharrezkoa ez den kezka eragiten die”. Alegia, barrura berriz. Iparragirrek datorren urteko martxoan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak, eta orduan utzi behar lukete baldintzapeko askatasunean (zigor osoa 2034an beteko du).
Ez nuke esango Eusko Jaurlaritza leku txarrean uzten duenik horrek. Beharbada jeltzaleek lehen ikusi nahi ez zutena beraien begiekin ikusten baitute orain; nola pasatzen den Espainia denaren gainetik.