Dantzaren nazioarteko eguna izango da igande honetan, eta horren atariko, gaur eta bihar, dantza koreografo israeldar baten emanaldia programatu dute Bilboko Arriaga Antzokian. BDZ taldeak ez du aukera pasatzen utzi, eta boikoterako deia egin du. Protesta egingo dute arratsaldean, antzokiaren atarian, Kultura ez da neutrala lelopean.
Arbaso alemaniarrak dituen Hofesh Shechter israeldarra da bere izena daraman konpainiako burua, Arriagan obra berria oholtzaratuko duena. 50 urte ditu. Urtebetez aritu zen Israelgo armadan, zehazki Palestinari ebatsitako lur okupatuetan, eta sarean bilaketa azkar bat eginda, The Guardian-i duela urte eta erdi eskainitako elkarrizketan irakurri dut “bakezale” deritzola bere buruari: “Elkarrekin bizi behar dugu [israeldarrok eta palestinarrek] (...) Ez dut gustuko politikaz hitz egitea, baina buruzagi politikoak dira arazo; jendeak ez du hil nahi eta inork ez du inor erail nahi”.
Ez dut uste aparteko irakurketarik duenik, baina datorren astean, hain justu, Roald Dahl idazlearen bizitzako azken urteak kontatzen dituen Gegant antzezlana eskainiko dute Arriagan. Ekoizpen kataluniarra da. Ez dut ikusi, baina aztertzeko modukoa izango da ziur. Izan ere, hauxe da antzezlanaren oinarria: Dahlek artikulu “antisemita” bat publikatu zuen 1983an, estatu sionistaren jarduna kritikatzen, palestinarrei egiten ari zitzaienak ez zuela izenik esaten; eta sekulakoak eta bi entzun zituen. Horren guztiaren inguruan ardazten da istorioa. Publikoki barkamena eskatu edo bere jarrerari eutsi; hori da funtsa. Aurrerapen bat: Dahlek ez zuen barkamena eskatu. Baina bera hil eta 30 urtetara, 2020an, Dahlen familiak barkamen mezua igorri zuen. Esanguratsua iruditzen zait hori.
Beste kontu bat. Arriagako agenda begira aritu naiz, eta ezer berezirik espero ez banuen ere, atentzioa eman dit hemendik eta abuztura bitarteko agendan euskarazko ekitaldi bakarra dagoela antolatuta, Xabier Amurizaren eta Agus Barandiaranen kopla musikatuak, maiatzaren 26an. Ekintza bakar bat euskaraz, Bilboren bihotzeko antzoki esanguratsuan.