2026ko apirilaren 27a.

Egun on.

Ongi joan al da zure asteburua? Hala espero dut.

Goazen mamira.

Madrilen konkista

En Tol Sarmiento (ETS) musika talde arabarrak 15.000 pertsonaren aurrean eskaini du ikuskizuna Madrilen, larunbatean. Ezaguna den Movistar Arenan egin du. Uste dut informazio esanguratsua dela: EAEko erakundeen dirulaguntza mordoa jasotzen dituen Last Tour enpresa bizkaitarra (BBK Live-ren eta beste hainbaten antolatzaile dena) da Madrilgo eraikin edo barruti horren jabea. Jokaldi horretan parte hartze berezia izan du Eusko Jaurlaritzak ere, beharbada jakingo duzu, zuzen-zuzenean finantzatu duela ETS taldea 300.000 eurorekin, lizitaziorik eta lehiaketarik gabe, “euskara eta euskal kultura Euskaditik kanpo zabaltzeko”. Dena engranaje beraren parte ikusten dut.

EITBk jarraipen zabala egin dio ETS taldeak Madrilen larunbatean eskainitakoari. Kazetariak bertara bidali ditu, eta kamerak ere bai, zuzenean etxetik ikusteko modua egin baitu euskal irrati telebista publikoak. Ez dut ulertzen, baina, zergatia. Zeren, ETSko Iñigo Etxezarretari entzun genion Madrilgo eta Bartzelonako kontzertuak hango publikoarengan zentratuta egongo zirela, hau da, ikuskizunak ez zirela errepikatzeko modukoak Euskal Herrian. Neuk ez dut ez hemengo eta ez hango emankizunik ikusi, eta ez dakit zertan bereizi diren; baina Etxezarretak horixe zioen. Kultur ekitaldiak telebistan ematearen oso alde, dena dela.

Sareetan eta telebistako informatiboetan ikusitako irudietan nahiko nabarmena egin zait euskaldun ugari bertaratu zirela Madrilera larunbatean. Errealeko eta euskal pilotako kamiseta batzuk-batzuk agertu zaizkit pantailan. Eta Gaztea irratiaren sareetan ere ikusi ditut euskaldunak ilara egiten Movistar Arenara sartzeko. Hor pizten zait zalantza: Madril konkistatuko dugu esan dutenean ea benetan zer duten konkistatu, eta ez ote duten lortu autoan 400 kilometro egin dituzten zale herrikideak Madrilen juntatzea. 

Beste kontu bat da talde honekin zer ari den gertatzen. Urrundik ari naiz jarraitzen, baina zantzu batzuk hartzen nizkion eta hemerotekari erreparatu diot. Hona emaitza. 2023ko abenduan iragarri zuen ETSk “azken bira” egingo zuela, eta itxuraz ibilbidea amaitzera zihoazela (“agur”-ek benetan “agurra” esan nahi badute bederen). 2025eko martxorako iragarri zuten birako azken kontzertua, taldeak urte horretan 20 urte betetzen zituelako. Azken hiru kontzertu horietako batean, Barakaldoko BECen, iragarri zuten 2026ko apiril honetan Madrilera joango zirela, ezin bereziagoa izango zela. Eta Madrilgo kontzertu horretan, orain, jakinarazi dute 2027ko martxoan “ospakizun handi bat” egingo dutela Gasteizen.

Luzapenek, kirolean, muga bat dute. Hiru urte eta erdiko luzapena errekor guztiak hausteko modukoa iruditzen zait.

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

Kaleko artea

Tabernetako terrazen araudi berri bat landu du Bilboko Udalak, tartean bizilagunen atsedenerako eskubidea zaintzeko, eta horren aitzakian, aterkia zabaldu eta kaleko jarduna gehiago edo gutxiago egiten duten kulturgileei oztopoak jarri dizkiete. Izan ere, ordenantza horrek galarazi egiten du hiru pertsona edo gehiagoren artean funtziorik txikiena ere egitea, eta debekatuta dago edozein musika aparatu erabiltzea. Salbuespenak egiteko aukera jasotzen du legeak, baina salbuespenak salbuespen dira.

Haserre agertu dira kulturgileak. SOS Bilboko Kaleko Artistak taldeak deituta, protesta egin dute Bilboko Arriaga antzokiaren atarian, ordenantza horretan aldaketak egitea exijitzeko. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdi politikoek babesa adierazi diete. 

· · · · · · ·

Bi ezkertiar eta abertzaleren heriotza

  • Ortzi. Francisco Letamendia Ortzi abokatu, idazle, irakasle eta politikaria zendu da 82 urterekin. Burgosko prozesuan auzipetuetako euskal herritarren abokatuetako bat izan zen 1970ean. Franco hil eta gero, Euskadiko Ezkerrako diputatua izan zen Madrilen, eta Herri Batasunakoa gero. 
     
  • Kixkur. Jokin Urain Kixkur idazle eta ETAko preso ohia ere hil da 67 urterekin. 25 urte egin zituen kartzelan. Bi nobela, bi kronika liburu eta saiakera liburu bat idatzi zituen espetxetik.

·····>   Ez galdu hauek

  • Nafarroaren Eguna. “Herri erresistentzia” aldarrikatu dute igandean Baigorrin, Nafarroaren Egunean, urteroko besta egun jendetsuan. Baigorriko Basaizea elkarteak antolatzen du ekitaldia, eta aurtengo edizioan azpimarratu dute euskarak eta euskal kulturak mehatxu eta erasoak jasaten dituela egunero, eta horretarako, mugaz gaindi, hizkuntza eta kultura biziaraztea etengabeko eta guztion lana dela. 
     
  • Gernika-Palestina. Milaka lagun irten ziren protestan Donostian, larunbatean, Gernika-Palestina taldeak egindako deiari erantzunez. 
     
  • Maiatzak 9. Enplegu publikoan euskara eta gaztelania parekatu behar direla exijitzeko, eta batik bat euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea bermatzea aldarrikatzeko, manifestazioa deitu dute maiatzaren 9rako ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek. Bilbon izango da mobilizazioa. 

    Horri lotuta, aste honetan amaituko da Enplegu Publikoaren Legeari aldaketak proposatzeko epea, hizkuntza eskakizunei lotuta. PSE-EEk EAJri kontra egin ondotik, jeltzaleak EH Bildurekin ari dira negoziatzen. Izango dira notiziak aste honetan.

HORRA HOR

Ni zuengana, edo zuek nigana. Aipatu dut goian ETS musika taldearena; irudipena dudala euskaldun asko joan direla euskal talde bat Madrilen jotzen ikustera. Eskala handiagoan, baina horri lotuta doa alferrikako kutsaduraren asuntu hau.

Shakira musikariak ere Madril konkistatuko du. Bere “erresidentzia” ari da eraikitzen hiriaren kanpoaldean. Hor aurkeztuko du disko berria udazken honetan. Eta momentuz behintzat, Europan emango dituen kontzertu guztiak Madrilgo erresidentzia horretan eman asmo ditu. Alegia, Europako punta bakoitzeko Shakira-zale gaixoak Madrilera joan beharrean egongo direla. Esan nahi dut, milaka eta milaka kilometro egin beharko dituztela.

Ingurumenaren aldetik, benetan kutsagarria da praktika hori. Ikerketek diotenez, musika jaialdi handiek sortzen duten kutsaduraren eta CO2 emisioen %75 baino gehiago jendearen bidaian egiten da. Eta Shakiraren kasuari lotuta, irakurri dudanez, Shakira lekuz leku mugitu eta jendearengana gerturatzea baino 38 aldiz kutsakorragoa izango da Shakira soilik Madrilen gelditzea, eta bateko eta besteko zaleak derrigorrean Madrileraino joan araztea.

Honaino gaurkoa.

Astelehen ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN