Horixe aldarrikatu du EH Bilduk euskarak administrazioko lanpostuetan duen egoerarako. Linbo batean dago legedia; euskararen aurkako frontea antolatuta dago, eta epaitegiek egurra eman dute azken bost urteotan. Euskaldun asko kikiltzeraino. Zeren, derrigortasun hitza euskara-rekin lotzen denean, arazoak sortzen dira herri honetan. Eta uste dut hortik doala EH Bilduk aurkeztu duen proposamen berria: ahoz aho dabilen derrigortasun indizea, geroratze indize izendatzea, eta praktikan ere alderantzikatzea, lanpostuetarako hizkuntz eskakizuna per se handitzea, baina betiere malgu jokatzeko aukerarekin.
Ez dira ulertzeko kontu errazak, kostatu zait niri ere konprenitzea, baina ahaleginduko naiz zehatza izaten. Izan ere, itxuraz aste garrantzitsu baten aurrean gaude auzi gatazkatsu honetan. EAJk eta EH Bilduk asmo bera dute, hizkuntz eskakizunen auzia legez blindatzea; baina formula diferenteak darabiltzate. Momentuz. Etzi iragango da proposamenak aurkezteko epea, eta negoziaketa betean dabiltza.
Mekanismo malgu, tasatu eta progresibo bat proposatzen du EH Bilduk. Horri esaten dio geroratze indizea, gehienezko muga ezarriko lukeena. Orain arteko derrigorrezko indizeak praktikan ez zuen horretarako balio; sinpleki esateko, batzuek (salatzaileek) gehienezko muga gisa ikusten zuten, eta besteek gutxieneko moduan. Indize bat zen, kalkulu baten emaitza: herri batean “euskaldunak” badira hainbeste, eta “ia euskaldunak” beste hainbeste, bada, horren portzentaje edo emaitza moduko bat (zehatzago azalpena, hemen).
Orain, EH Bilduk proposatzen duena da indize horri buelta ematea: herri bateko derrigortasun indizea %40koa bazen, geroratze indizea %60koa izatea. Horrek, itxuraz, eskakizunen igoera bat eragin dezake, baina erakundeek malgutasunez joka dezaketela iradoki du EH Bilduk. Hau da, langileek lanpostura sartzean egiaztatu dezakete euskara maila, edo euskara ikasten ari direla frogatzeak ere balio dezake. Horretarako, langileen trebakuntza planak indartu beharko lirateke.
EAJk auzia “deszentralizatu” nahi du nolabait ere. Hori da momentuz iradoki duena. Derrigortasun indizea ezabatzea eta administrazioei autonomia gehiago ematea. Hau da, administrazio bakoitzak, lan deialdia egiterakoan, “azterketa zorrotz eta justifikatua” egitea lanpostuaren hizkuntz eskakizunak finkatzeko.
Gutxi gorabehera termino horietan ari da mugitzen kontua. Ez da auzi erraza, ez problema konpontzeko, ezta herritarrok ulertzeko ere. Baina Onintza Irureta kazetariak lan ederra egin du, eta Iñigo Urrutia legelariak EH Bilduren eta EAJren proposamenez egin duen azterketa ere jaso du artikulu honetan.
Aste honetan halabeharrez ebazteko gaia da Eusko Legebiltzarrean. Lege aldaketari proposamenak aurkezteko epea amaitzear da, behar lukete akordio batera iritsi EH Bilduk eta EAJk, nahiz eta testu definitiborik itxi ez. Baina oinarrian ados jartzeko garaia da. Presioa dago horretarako, eta EH Bilduk kolpea eman du mahai gainean: ez kasualitatez, atzo aurkeztu zituen hizkuntza politika berri eta anbiziotsu baterako duten proposamena, lege horrez harago doazen ideiak.