2026ko apirilaren 29a.

Egun on.

Hemen da asteazkena.

Aizu, zuk ere ikusi dituzu PSE-EEko leloak umemokoarena egiten? EAJko Aitor Esteban irudikatu dute adimen artifizialaz eginiko argazki inozo batean, igerilekura salto egiten… “Krisia” lehertu omen du horrek Jaurlaritzako gobernu bazkideen artean. 

Ez dakit, ulertzen dut haserrea, baina iruditzen zait eskolako patioan ere ez luketela hain serio hartuko.

Tira, ergelkeriak utzita. Goazen mamira.

Jesús Rodríguez / Directa

Polizia ikastetxean?

Euskal Herrian ere ibiltzen dira, baina Katalunian are larriago ari gara ikusten. Izan ere, Esquadra Mossoek eta Hezkuntza Departamentuak “elkarlana” abiatu dute, proba pilotu bat: kalez jantzitako agenteek hitzaldiak emango dizkiete nerabeei, “segurtasunaren eta prebentzioaren ezagutzan sakontzeko”, baita “elkarbizitza bermatzeko” ere. Eta itxuraz, gurasoek ere parte hartu beharko dute aurreragoko fase batean. Esanguratsua da Generalitateak nola hautatu dituen ikastetxeak, denak ere Bartzelonaren metropoli kanpoaldeko zentroak, edo errentarik baxuena duten inguruetakoak. Eztabaidarako hainbat hari sortu dira: zergatik auzorik txiroenetako ikastetxeak? Eta zergatik Polizia ikastetxean? 

Polemika sortu dela ez da dudarik, La Vanguardia egunkari kontserbadoreak berak ere aitortu baitu gauzak ez direla ongi egin. Baina sortu den eztabaidaren iturri nagusia omen da, Jordi Juan zuzendariaren hitzetan, gobernuak bere kabuz hautatu dituela ikastetxeak, haiekin hitz egin gabe. “Infernua asmo onez harriztatuta dago”, dio zuzendariak. Ideia ona omen, berez, agenteak ikastetxeetan sartzea eta halako ikastaroak curriculumean txertatzea.

Ikasle eta irakasleek elkarretaratzeak egin dituzte bi ikastetxeren atarietan, eta La Vanguardia-ko artikulu horri kontrapuntua ipini dio La Directa-k. Protestei eman die ahotsa: besteak beste, aldarrikatu dute “baliabide sozial gehiago eta Polizia gutxiago” behar dituztela zentro eta auzo horiek, lanuzteek eta grebek “erakusten dutela bide zuzena”, eta behar beste segituko dutela horretan. 

Euskal Herriko ikastetxeetan ere egoten da Polizia. Izan zibersegurtasunaz hitz egiten, izan bide segurtasunaz... Baina uste dut ez dela Kataluniako kasua bezain muturrekoa. Kalez jantzita egingo dute Katalunian, jarraikortasunez gainera, eta “elkarbizitza” eta “segurtasun falta” dituzte mintzagai. Baina elkar kopiatzen dira sarri Mossoak eta Ertzaintza. Eta atzetik joaten da kasu batzuetan Foruzaingoa. 

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

Urruña: euskarari zigorra

“Herriko etxea hauskorra da; hurrengo agintaldiak dena alda dezake”. Urruñako herriko etxeko euskara zerbitzuko Ione Josieri entzun nion hori, Larrun-erako elkarrizketatu nuenean, eta ondo gogoan gelditu zitzaidan iltzatuta. Horretaz akordatu naiz Urruñako euskaltzaleen protesta aditu dudanean.

Abertzaleek Urruña galdu dute iragan martxoko hauteskundeetan. Filipe Aramendiren zerrendari gailendu zitzaion Sébastien Etchebarne zentrista, eta prentsaren aurrean esan bazuen ere Urruñak euskaldun izaten segituko zuela, hilabete bakar bat igarota hasi dira kontrako bidearen zantzuak azaleratzen. Seaskari emango dio zaplazteko bortitza: 22.500 euroko dirulaguntza ematen zitzaion herriko ikastolari, eta orain 2.500 euro izango dira, sare elebidunak bezainbat. Besteak beste, udaleku euskaltzaleen elkarteari ere erdira murriztuko diete finantzazioa; eta Bertsularien Lagunak-ek ez dute zentimo bakar bat ere errezibituko.

·····>   Ez galdu hauek

  • Erasoak Nafarroaren Egunean. Baigorrin ospatu zen jaia iragan igandean, Basaizea elkarteak antolatuta, eta antolatzaileek eurek egin dute salaketa: eraso fisiko bat, eraso arrazista bat eta ahozko eraso bat gertatu ziren. Jaiaren balorazio ona egin badute ere, kezkaturik eta haserre agertu dira alde horretatik.
     
  • Utzi izurdea bakean. Iragan udazkenaz geroztik, izurde bat dabil Donibane Lohizuneko badian. Joango zela uste zen, baina hor segitzen du. Eta udala pozik da, kostaldean habitat ona dagoenaren seinale delako; baina kezkaturik agertu da, zer pentsa ematen dutelako zabaldu diren hainbat irudik. Jende asko ari da animaliarengana hurbildu nahian, argazkiak egiteko, eta izurdeak sarri jator erantzuten badu ere, elkar bakean uzteko eskatu dute agintariek.
     
  • Sare sozialak eta komunikabideak. Australiak lege proposamen interesgarri baten berri eman du: sare sozialek erabiltzaile asko dituzte, beste hainbat gauzaren artean, hedabideen informazioa hedatzen delako eta herritarrek plataformak erabiltzen dituztelako notiziak jasotzeko; beraz, beharbada sare sozialen enpresek pagatu egin behar diete komunikabideei? Bi sektoreen artean negoziatzeko gonbita egin du Australiako Gobernuak, eta adostasunera heltzen ez badira, gobernuak dio enpresek herrialdean dituzten irabazien %2,25, zerga gisa, gobernuari pagatzeko obligazioan egongo direla, gobernuak komunikabideei emateko. 
     
  • Kasu! AA musika! Estimazioen arabera, Spotify plataforman 5.000 “artista” inguru daude faltsuak direnak, adimen artifizialaz egindako musika eskaintzen dutenak. Spotifyk ez dio erabiltzaileari abisurik ematen, irakurri dudanez, Spotifyk berak ere ez dakielako zehatz-mehatz. Oztopo berak ditu Apple Music plataformak. Deezer da tamaina handiko plataformen artean abisatzen duenetako bat. 

AGENDA KULTURALA

Datozen egunetarako entresaka bat duzu hemen. Baionan, bihar, irudian duzun Formol laborategiaren obra zoroa.

Honaino gaurkoa.

Asteazken on. 

Besarkada bat.

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN