2026ko apirilaren 30a.

Egun on.

Gauerdiko notizia da: flotilla atzeman du Israelgo armadak, Greziako Kreta irlatik gertu, baina itxuraz nazioarteko uretan. Ontzi batzuetara sartu dira, bidaiariak lau hanketan ipinarazi dituzte, eta mehatxu egin diete: “Edo buelta eman, edo arriskuan zaudete; zuen ekintzen ardura izango duzue”. Irrati bidez ere gauza bera esan diete denei. Soldadu sionistek iradoki diete badaudela “legezko bideak” Gazara laguntza humanitarioa sartzeko, baina itsasontziz eta gisa horretan egitea ez dela aukera bat.

58 ontzi doaz flotillan, eta horietako asko geldiarazi egin dituzte, kameran ikusi da. Dozena batek baino gehiagok konexioa galdu dute, eta ez dago haien berririk. Hemen ikus daiteke haien kokapena.

Tira, goizean zehar ganoraz eguneratuko dugu notizia. 

Goazen mamira.

Aitor Esteban eta Pedro Sánchez / EFE

Mimoak EAJri

Espainiako prentsan jeltzaleek badute fama zera bat, serioarena-edo; alderdi “serioa” dela eta ez dela txorakeriatan ibiltzen. Uste dut sentsazio hori gehiago dagoela Madrilgo perspektiban Euskal Herrikoan baino. Eta uste dut gehiago duela hemendik, eta bat nator Gorka Bereziartuak atzo Mastodon sarean zioenarekin: EAJ alderdi analogikoa da. EGIko gazteak ari dira Instagram eta TikTok-arekin probak egiten, baina iruditzen zait garrantzi gehiago ipintzen diotela euskalki tradizionalak zaindu eta probintzianismoa indartzeari. 

PSEren meme-ak askorako eman du. Jeltzaleak asko haserretu dira eta aita jaunari hartu diote kargu, hau da, Pedro Sánchezi, edozein irakurle komunikabideetara deika hasi eta zuzendariarekin hitz egin nahi duela esanez jartzen den bezalaxe. Egia esan, fuerte hitz egin du EAJren Espainiako parlamentuko eledunak, Maribel Vaquerok, Sánchezi begira: “Pentsatu zerorrek legealdia nola amaitu duzun, nola heldu nahi duzun hauteskundeetara eta zeinen konpainian”. Hau da, etxeko sofako lengoaian, galtzerdiak erantzi eta oinak magalean jarri dizkiola EAJk PSOEri. “Igurtzi iezazkidazu”. Debalde eta errekargurik gabe. Eta horixe egin dio Sánchezek, parlamentuko hiztegian: “Jakina konpainia nahi dudala, eta konpainia ona, EAJrena bezalakoxea; estimu handia diot zuon jarrera eraikitzaileari eta abegikorrari”.

EITBk kontatu duenez, Espainiako Gobernuaren zentralitako dei bat jaso dute EAJren Sabin Etxean, aldartea baretu eta bakeak egin asmoz. Baina ez omen dute jaso Eneko Anduezaren eta PSEko lagun zaharren mezurik, eta ez dute, gainera, meme irudia sareetatik ezabatu. Ez dute hitz egin nahi izan ezta ere. Kamerak saihestu zituen atzo azken boladan kamera aurrean agertu baino egiten ez den Denis Itxasok –bai, etxebizitzaren auzia Engelsek baino hobeto konponduko digun sailburu sozialistak–. 

Meme-arekin minduta daude jeltzaleak. Baina aldi berean, xanpainaren aparretan ere badaude. Zeren, estatutu berriaz, autogobernuaz eta hizkuntza politikaz hitz egiten ari zaizkigun bitartean, eta PSErekin xextran dabiltzan arren, harro eta gustura izango ditu Aperribay familia eta enparauak, Errealaren kopa ez ezik, militarismoaren errekorrak ere hausten ari baitira, tartean, EAJk armagintza duelako bultzatzen Madrilen. Horra hor: duela bi urteko datuekin alderatuta, %50 hazi da Espainiako Estatuko gastu militarra. Eta halaxe bihurtu da Espainia munduan horretan gehien gastatzen duten hamabost herrialdeetako bat. 

· · · · · · ·

Bide batez, EH Bilduk eta EAJk bart aurkeztu zizkioten zuzenketak administrazioko lanpostuetako hizkuntza eskakizunen araudi berriari. 

  • EH Bilduk bi dokumentutan egin du, bi xehetasun esanguratsu aurkeztu ditu, biak ere aurrekoan kontatu nizunaren bidetik: bata, printzipio gisa aitortzea herri honetan bi hizkuntza ofizial daudela eta biak jakin behar direla enplegu publikoan lan egiteko; eta bigarrena, aurrekoan azaldu nuen geroratze indizea, eskakizunak zehazteko mekanismo malgua. 
     
  • EAJk birritan azpimarratu du jarrera “zentrista”. Hau da, immobilismotik (PSE-rengandik) eta maximalismotik (EH Bildurengandik) urrun mantenduko dela esan du hitzez hitz. Baina detaile gehiagoren faltan, gertutasuna ikusi diot EH Bilduren proposamenetik. Izan ere, derrigortasun-indize orokorra ezabatzea proposatzen du, eta horren partez derrigortasun-indize geroratuarekin egitea lan; hau da, hizkuntza-profila duten lanpostuak ezarri ahal izango lituzkete administrazio publikoek, baldin eta langileak konpromisoa hartzen badu euskara ikasteko eta gerora profila lortzeko.

Nahiko argia iruditu zait hau, joko-bataila nola dagoen ikusteko: EAJk esan du ez dela EH Bildurengana gerturatuko; EH Bilduri eskatu dio EAJrengana gerturatzeko.

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

· · · · · · ·

Portzierto. Etxe barruko nobedadeak ditut kontatzeko. Ezohiko liburu bat argitaratzera goaz, sekulako liburu puska. Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian. Ia 500 orriko lana da, tamainaz ere koskorra. Entziklopedia moduko bat da gure herriko eta basoetako zuhaitzen eta arbolen inguruan. 116 espezie, bakoitza bere ezaugarri, bere argazki, kokapen mapa, ilustrazio, erabilera, bitxikeria... Hemen duzu lagin bat ikusteko.

Jakoba Errekondok, Markel Arriolabengoak eta Iñaki Etxebestek idatzi dituzte testuak, eta Dani Blanco argazkilariak egundoko lan egin du baita ere, zuhaitzak eta fruituak sasoiz sasoi harrapatuta. Unai Gaztelumendik egin du maketazio lana. 

Eta Estitxu Eizagirre lankideak egin du koordinazio eta editore lana. Nor hobe, bera baino, hiru egileekin bildu eta liburuaren mamia elkarrizketa formatura ekartzeko. Bideoz ere jaso digu Manex Morenok, atseginago bazaizu. 

Zerbait esan nahi didazu? Erantzun mezuari, eta gustura irakurriko zaitut.

·····>   Ez galdu hauek

  • Iparra bero. Europa iparraldean oso agerikoa zaie urte gutxian nola igo diren tenperaturak, batik bat udan. Eskandinavian, adibidez, 21 eguneko bero bolada bat izan zuten iazko uztailean. Eta Norvegia erdialdean, adibidez, 35 graduko tenperatura erregistratu zen; inoizko handiena. Zirkulu polar artikoan ere 30 gradu gainditu zituzten hainbat lekutan eta hainbat egunez. 
     
  • Gidabaimena euskaraz. Ez dakit beste nonbait egiten den, baina atentzioa eman dit Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) PSEren gobernuaren ekimenak: 500 eurorainoko laguntzak emango dizkie herritarrei gidabaimena euskaraz egin eta gainditzen dutenei.
     
  • Okzitanieraren La Passem. Korrikaren gisako lasterketa da, hamar egunekoa. Hilaren 30ean abiatuko da Bedozetik (Bearno), eta Angelun amaituko du maiatzaren 9an. 
     
  • The White Lotus. Krisitxoa telesail honen zale garenontzat: aktore ziurrenik printzipal bat gabe daude. Helena Bonham Carter aktore ezagunak utzi egin du errodajea. Edo hobe esanda, kaleratu egin du zuzendariak. Ez zeuden gustura berarekin, eta nahiago izan dute grabaketa eten, aktore berri bat bilatu eta geroago segi. Frantzia Hegoaldean ari dira grabatzen, eta udazken-negurako publikatu behar dute (hasiera batean bederen) laugarren denboraldia. 

ITZALETIK ARGIRA

Egile ezezaguna / ARGIAren artxiboa
1979ko maiatzaren 1ean, Iruñean.

Pankarta. Franco hil osteko laugarren Maiatzaren Lehena, mobilizazio “legalizatu” berria. Sindikatuek deituta, mobilizazioak hiriburuetan. Irudian ageri zaiguna Iruñeko Gaztelu Plaza da. Agure bat ageri zaigu lasai ederrean; beharbada ez da ohartu pankartako bi logoez. ETAren aldeko aldarri bi dira. Horiek ez zeuden legalizatuta, ez noski. Ekintza klandestinoa izan zen. Eta saltsa izugarria sortu zen. Orduko Zeruko Argia-ren esanetan, arratsaldean kendu zuen Poliziak pankarta. 

Segi kontakizunarekin, Urko Apaolazarekin.

Honaino gaurkoa.

Ostegun ona izan. Baita asteburua ere.

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN