Ustezko sozialdemokraten norabide politikoa benetan da gaitzesgarria. “Polarizazioa saihesteko” alderdi gisa aurkezten du bere burua, baina aspalditxoan irmoki ari da euskaldunen aurka egiten, euskara eta enplegurako eskubidea parez pare jarrita adibidez, elkarren etsai balira bezalaxe. Lotsagarria da. Auzolotsa sentitu behar lukete PSE-EEren boto-emaile euskaldunek. Azkena hauxe bota du: “Lan eskubideen aurkako beste mehatxu bat da euskara”. Parekatu egiten ditu “euskararen mehatxua” eta eskuinaren eta ultraeskuinarena, baita yankien inperialismoak munduko langileriarentzat dakartzan kalteak ere. Gainera, euskararen aurkako fronteari aktibatzera ere dei egin dio, “kalean egon behar dugu”.
Tira, ez naiz Instagram-eko estekak hemen jartzearen aldekoa, baina ez dezazun pentsa Anduezaren hitz horiek “nahigabekoak”-edo zirenik, edo testuingurutik ateratakoak; minutu eta erdiko bideo honetan hitzez hitz esaten ditu nik hemen kontatu dizkizudanak.
Anduezak UGTren logodun pegatina soinean zeraman sindikatu horrek eta CCOOk elkarrekin antolatutako manifestazioan, Maiatzaren Lehenean. Gero eta konbentzituago nago Zigor Olabarria lankideak Larrun monografikoan iradokitzen zuen honetaz: administrazioa euskaldundu ahala, Hego Euskal Herrian euskararen aurka ari diren CCOO eta UGT sindikatuen ordezkaritza sindikala murriztu egingo da, eta imajinatzen dut kezkaturik egongo direla; eta horregatik ari direla hain oldarkor euskararen aurka egiten. PSE-EE ere ildo berean ikusten dut.
Une hori, Maiatzaren Leheneko mobilizazioa baliatu zuen Eneko Anduezak EAJri egin zioten meme leloaz ere hitz egiteko. Lehenbiziko aldia zuten gaiaz mintzatzen. “Meme-a iritsi behar zen momentuan iritsi zen”, adierazi zuen harrokeria handiz, ohi duen moduan, Anduezak. Ez dira damutzen, hortaz. Eta jeltzaleei ez die batere graziarik egin. Baina lasai: EAJ eta PSE binomioa ez dago kolokan. Zalantzarik bazenuen, erreskatera atera zaie Vocento taldea: horretarako dago Alberto Surio, PSEk izan duen lehendakari bakarraren aroan, Patxi Lópezen agintaldian, EITBko zuzendaria izan zen kazetaria; bi beteranori deitu die, EAJko Iñaki Anasagastiri eta PSEko Ramón Jauregiri, koalizio gobernuaren osasunaz gogoeta dezaten, eta zenbait auziren inguruan desberdin pentsatu arren, bat egiten dute esanez ez dagoela EAJren eta PSEren akordioaz aparteko alternatibarik.
Bikote harreman toxikoa da. Desberdin pentsatzen dute, gai askoren inguruan ez dute adostasunik, mokoka aritzen dira, baina elkarrekin segitzen dute.
- Portzierto. Maiatzaren Lehenean, sindikatu guztiek (gehiago ala gutxiago) aipagai izan dute absentismoaren gaia, patronalek kexarako eta presiorako baliatzen duten auzi interesatua. Zaku berean sartzen dituzte laneko baja guztiak, eta “absentismo” terminoarekin, denak lotzen dituzte lanetik “iheska” ibiltzearekin. El Correo egunkariak paper garrantzitsua du lobby lanean: Maiatzaren Lehenaren biharamunean titulatu zuen EAEko langile bakoitzak urtean 23 egun egiten dituela huts batez beste.