Franco hil osteko Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria izan zen Carlos Garaikoetxea (Iruñea, 1938-2026). Agintaldi bat egin zuen (1980-1984) oso konpletoa, orduan sortu baitziren Osakidetza, Ertzaintza eta EITB, besteak beste. Bera izan zen, baita ere, Gernikako Estatutua landu zuena eta Kontzertu Ekonomikoa sinatu zuena. Bigarren agintaldian, baina, EAJren barneko ika-mikak eta ikuskera hain diferenteak tarteko, dimisioa ematen amaitu zuen.
1975ean sartu zen EAJn, Franco hilko zen urtean. “Une horretan, EAJ gehiago zen mugimendu bat alderdi bat baino”, leitu diot 2011ko entrebistan. “Diktadura batean ez daukazu gobernu ardurarik, eta gobernu ardurarik gabe nekez erantzungo diezu gizartearen arazoei; hori hala, mugimendu berean tendentzia oso ezberdineko jendea pilatu daiteke (...) Baina gobernatzen hastean, gizartearen arazoen irtenbide bila abiatzean, berehala sortu ziren lehenengo kriki-krakak”. Zein gatazka? Besteak beste, elkarrizketa horretan, Lemoizko zentral nuklearraren auziaz ari zitzaion Sustrai Colinari: “Nik erreferenduma eskatzen nuen, baina nire alderdiak ez ninduen babesten, nik txintik ere jakin gabe Iberduerorekin [zentralaren atzean zegoen enpresa, gerora Iberdrola] akordioak zituelako”. Eta gauza bertsua NATOrekin.
“Arazoaren muinean, herri ikuskera bat zegoen”, zioen Garaikoetxeak. Lurraldetasuna eta probintzianismoa. Azken horrekin amaitu behar zela defendatu zuen azkenera arte, nazio gobernuaz hitz egin behar zela, eta “aldundiez gutxiago”. Zera zioen: “Beti proposatu dut Iruñea hiriburutzat, eta Gernikako Estatutuak halakorik ez bazioen ere, Iparraldeko eta Nafarroako herritarrei funtzio publikoan sartzeko atea ireki nien; ordurako, txokeak aurrez aurrekoak ziren, eta bigarren legegintzaldirako zepoa jarri zidaten; eta nik ez nuen segi nahi, oso minduta bainengoen Xabier Arzalluz [EAJko buru] eta konpainiak, nafarrei bizkar emanez, Jaime del Burgorekin [UCD, Espainiako zentro-eskuina] paktatu zutelako”.
Hego Euskal Herria batzearen ideia presente izan zuen Garaikoetxeak. Eta gai hori oso aktuala da; ikusi bestela UPN zertan ari den: dagoeneko urte honetan hiru aldiz saiatu da Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra indargabetzen. Izan ere, puntu horrek zirrikitu bat zabaltzen du Espainiako legedian, noizbait Nafarroa eta EAE batu daitezen. Eta Gernikako Estatutuak ere bai. Garaikoetxeak honela zioen 2002ko Larrun monografiko batean, Pello Zubiriak eta Xabier Letonak eginiko elkarrizketa mamitsuan: “Gernikako Estatutuak badu bere sarreran euskal komunitate berezko baten definizioa, esaten duenean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroak badutela komunitate politiko bat osatzeko eskubidea eta beren herritarren erabakiaren mende dagoela”.