2026ko maiatzaren 8a.

Itsas hondoan behea jo / ta pentsatzeari uzteke / paranoiaren logikapean / pasa duzu astebete…

Egun on.

Burutik kendu ezinda daukat Desgaraianen Portuak eta aingurak kantu berria, Aitor Bizkarraren bertsoetan oinarritua (portzierto, atzo kaleratu zuten disko osoa). 

Aldi berean irratian entzun eta entzun ari naiz Kanariar Irlen bueltan dabilen gurutzontzi hori. Hainbat kontu ez ditut ulertzen. Adibidez, zergatik lehorreratu (eta etxeratu!) dituzten ditxosozko hantavirusarekin kutsatuta dauden edo egon daitezkeen turista horiek. Zeren, gutxienez duela hiru aste jakin zuten bidaiarietako bat kutsatuta zegoela; eta zertarako bueltatu da bat etxera, Herbehereetara, bestea Suitzara… Berrogeialdi kontzeptua azkar ahaztu zaigu.

Beste ontzi ziztrin batekoak balira, eta barnean gaitzarekin datozela jakingo bagenu, ez lukete horrelako dispositiborik muntatuko. Horiek bai joko luketela hondoa. Eta hortxe gelditu, eta ez astebetez. 

Tira, goazen mamira.

Beste tranpa bat Palestinari

Ez gara ari azkenaldian Palestinaz hitz egiten. Ez da kasualitatea, fokuak aldatzen abilak direlako Mendebalde honetako botereak, eta Ormuz gora eta Ormuz behera gabiltza baita gu ere. Baina Ekain Carrasco kazetariak kontatu digunak begiak gehiago ireki dizkigu (posible bazen).

Gazako zerrendaren etorkizunari buruzko elkarrizketa saio batzuk ari dira egiten Kairon, Egipton. Tranpatia da oso, AEBen interesak ari direlako lehenesten beti. Baita aliatu fidel duen Israelgo estatuarena ere. Baina aukera errealistagorik ez dutelakoan, Hamas ere ari da negoziaketa horietan parte hartzen. Kontua da orain ere gupidagabeak direla sionista zikinak; Hamas talde palestinar armatuko buruetako baten semea erail du azken orduotan Israelek. Propio eginda, gainera; Reuters albiste agentziak ere hala kontatzen du. Kairon dago Hamaseko kide hori, AEBekin eta Israelekin eskuz esku negoziatzen.

Ez du hitzik zikinkeria horrek. Dagoeneko lau seme hil dizkiote.
 

  • Bestalde, Libanoko ustezko bake plana ere zanpatzen segitzen du Israelek. Beirut hegoaldeko Ghobeiri auzoa bonbardatu dute, Hezbollah-ren gotorleku historikoa. Benjamin Netanyahu lehen ministroak esan du “salbuespen” bat egin diotela su-etenari, Hezbollah talde xiitako buruzagi bat hiltzea “ezinbestekoa” zitzaielako. 

· · · · · · ·

Portzierto. Gaur hasiko da Veneziako Biurtekoa, arte garaikidearen nazioarteko jaialdirik zaharrena. Eta esan nizun gisan, Europako Batasuna eta Italiako Gobernua kexu dira antolakuntzak Errusia gonbidatu duelako; Europak zigorrekin mehatxu egin die. Baina antolakuntzak ez du deus egingo. 

Hori bai. Presio horri beste aldea gehitu zaio, artistena eta herritarrena. Ehunka lagunek manifestazioa egin dute salatzeko Israel ere gonbidatuta dagoela, bere postu propioa izango duela, eta errespetua eta Israeli bizkar emateko eskubidea eskatu dute gainontzeko herrialdetako artistentzat: “Inork ez luke beharturik egon beharko genozidioa leporatzen zaion estatu batekin ekintzaren bat partekatzea”.

Zerbait esan nahi didazu? Erantzun mezuari.

·····>   Ez galdu hauek

  • AA eta eduki sexuala. Bruselak debekatu eta zigortu egingo ditu adimen artifizialarekin sortutako eduki sexuala hedatzea onartzen duten plataformak; tartean, praktika horiek izugarri biltzen dituen X edo lehengoko Twitter sare sozial nardagarria. Araudia abenduan jarriko da indarrean.
     
  • Biarritz eta eskuin muturra. Le Canon Français talde ultraeskuindarrak euskal tripakada antolatu du azarorako. Jan-edan astakeria (izugarrizko menu potoloa) horren bueltan, frantses kultura eta identitate itxi eta baztertzailearen aldeko mezuak zabaltzen dituzte. Diskurtso eta kode faxistak darabiltzate. Ipar Euskal Herrian ezaguna den Pierre-Edouard Sterin da talde horretako burua. Talde antifaxistek kontzientzia zabaltzeko deia egin dute.
     
  • Montejurrako erromeria. Bihar beteko dira 50 urte gertakari hartatik. Ezkerreko karlistek urteroko erromeria antolatu zuten Lizarraldeko merindadean, Montejurran, eta eskuineko eta eskuin muturreko karlistak tiroka hasi ziren goialde batetik. Bi pertsona hil zituzten.  
     
  • Ategorrietako sarraskiari kantua. Hau ez da istorio bat; historia da. Hala diote Beñat Gaztelumendik idatzitako hitzek, Nakar eta Gailu taldeek abestira eramanek. Esklusiban ekartzen dizut kantua eta bideoklipa. Kontua da komiki bat argitaratu berri dugu ARGIAn, eta komikia osatzeko bi kantuko binilo bat osatu dutela egileek. Lehen aurrerapena, esandako kantu hori. Gaur, bigarrena.

ASTEKO KOORDENADAK >>

  • I > Irria. Umorezko antzerki talde ederra da Barrexerka; gaur eta bihar estreinatuko dute Patatekin antzezlana, Donostian. Sold out egin dute. Bira luzea desio dute, batez ere udazkenetik aurrera. Mikel Irazusta eta Maialen Sorzabalbere dira taldeko kideetako bi, eta entsegua ikusi berri elkarrizketatu ditu Berria-ko Ane Insaustik. Kintoen afari bat da istorioaren abiapuntua. 
     
  • H > Heziketa. Ziur laster hasiko garela baso-suteak gora eta baso-suteak behera, urtez urte areagotzen ari dira-eta uda bueltan. Zer dakigu gure basoez? Nola daude, eta zergatik sortzen dira suteak, zergatik lehen baino maizago? Tantai baso jabe kooperatibako kide da Markel Arriolabengoa, eta Egonarria saioan egon da, Eli Pagolaren galderei erantzuten 23 minututan. Ohartarazi du Euskal Herriko baso zonalde batzuk zaurgarri daudela. 
     
  • E > Euskaraz. Tolosako alde zaharrean, Errementari kalean komiki denda bat ikusten baduzu, eta sartzera ausartzen bazara, egiozu euskaraz James Ling Cheung lagunari. Denbora oso gutxian euskara ikasi eta C1 maila eskuratu du, eta mundu guztiak lehen hitza gaztelaniaz egiten dio. Hong Kongekoa da, eta duela hamar hilabete zabaldu zuen Tolosa erdigunean komiki denda eder bat; proiektu arriskatua dela kontziente da, baina probatu nahi izan du, manga zalea delako. Ataria-n elkarrizketatu dute.
     
  • M > Mila bederatziehun ‘ta lehenengo urtea. Badator maiatzaren 14a. Orioko herriko barraren aurrean, urte hartan, balea agertu zen bederatziak aldera. Aurten, beraz, 125 urte dira. Bertso famatuak egin eta kantu bihurtu zituena Benito Lertxundi abeslari oriotarra izan zen, eta aurtengo urteurren festan bera izango da omendua. Ekitaldi bereziren bat ari zaie prestatzen bardoari; Olatz Zugasti musikaria, antzezlana prestatzen ari den Xanti Agirrezabala eta Orioko alkate Anuska Esnal egon dira Euskadi Irratian

Honaino gaurkoa.

Asteburu ederra izan. 

Besarkada bat.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN