Eguraldi honek ez du laguntzen opor garaian pentsatzen jartzeko, baina ziurrenik zuk edo zure inguruko jende askok hartuta izango ditu uda sasoiko hegaldiak, hotelak edo dena delakoak.
Asuntua bero dago Mediterraneoan. Bai behintzat Grezian. Turismo sektorea kezkaturik sumatzen da hango egunkarietan, hainbat arrazoirengatik. Horietako bat da Ekialde Hurbileko gerra. Gertuegi daude gauza onerako, eta Erresuma Batuko inkesta batek larritu ditu aldarteak: hiru turistatik batek moldatu edo ezeztatu egingo du bere bidaia.
Analisi zabalago bat ere egin dute Greziako kostaldean fokua jarrita. Pandemiatik hona igo egin dituzte diru sarrerak, baina gutxi gorabehera bizitzaren garestitzearen neurrian, hau da, KPIa bezalatsu. Eta turista kopurua igo egin da, baina nabarmen ari da jaisten gaualdi kopurua. Horrek kezkatzen ditu gehien, nahiz eta To Bhma egunkariak dioskun ez dela Greziaren kontu bat, “nazioarteko tendentzien erakusle” dela baizik, hondartza leku gehienetan ari dela gertatzen; jendeak ez du hainbeste desio astebete eguzkitan eta tripaz gora pasatzea. Dimokratiki-k ere analisi bera egin du, baina azken paragrafoan diferentziatu da: aldaketa klimatikoa aipatu du, baita populazioaren zahartzea ere. Gero eta jasanezinagoak dira uda puntako tenperaturak, eta are gehiago adin batetik aurrera.
Esanguratsua iruditu zait notizia hau: Greziako Gobernuak debekatu egin du 251 hondartzatan toldoak edo aterkiak ipintzea, tabernak zabaltzea edo bestelako jarduera turistiko edo ekonomikorik martxan jartzea, “gainturismoari” aurre egiteko. Irla askotan eragingo du. Eta harritu nau, turismoaren apaltzeak kezkatzen dituen bitartean, jendea erakartzeko zerbitzuak kenduko dituztelako. Baina badu beste alde bat, klaseez ere ulertzen baitu turismoak: debekuak izango dituzten hondartzen zonaldeetan, %70 hondartza pribatuak dira. Eta horiei ez die eragingo. Beraz, gehiegizko turismoari aurre egingo diote, turismo aberatsa erakarrita.