ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek deituta, milaka pertsonek Bilboko kaleak hartu zituzten larunbatean, euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Eskubide hori ez dago bermatuta; ondo asko daki euskaldunak. Baina hartzailearen posiziotik baino, auzia gehiago planteatu da hitza egiten duenaren aldetik; zeren, oso interesatuki, berriz ere parez pare jarri dituzte euskara eta enplegua. Zer nahi duzu, mediku ona ala mediku euskalduna? Badirudi ez dagoela mediku on euskaldunik, edo ez dagoela euskara ikasteko eta pazienteak haien hizkuntza ofizialean artatzeko borondatea duen mediku erdaldunik. Beharbada ez da borondate kontua izan behar; beharbada langileak euskalduntzeko baliabide errealak jarri behar dira.
Hortik planteatu zuten iragan larunbateko manifestazioa. Eta jakina, baliatu dute hitzordua batik bat EAJri eta EH Bilduri presio egiteko, Eusko Legebiltzarrean lantzen ari diren Enplegu Publikoaren Legean aitor dadin behingoz herri honetan bi hizkuntza ofizial daudela, eta biak parekaturik ipini behar direla legearen aurrean. EH Bildu eroso dago aldarrikapen horietan, eta horregatik joan ziren bere ordezkariak Bilboko manifestaziora.
Eroso ez dagoena EAJ da, eta horregatik ari da jokatzen hain arraro. “Zure ideiak ez ditut onartuko”, bota dio EH Bilduri; “beraz, gerturatu zaitez zu nigana”. EH Bilduko Josu Aztiriak esan zuen bezala, planteamendu hori ez da serioa. Baina publikoki hala planteatu du asuntua EAJk. Ikusiko da, zeren aste honetan izango dute lehen bilera bi aldeek.
Erabat galduta, eta Euskal Herrian bere hilerria prestatzen ari dena da Sumar da. Fundamentuzko bozeramailerik ere ez zaie geratzen. Begira, pasa den ostiralean Euskadi Irratian egon zen Lander Martínez, Sumarrekin Madrilen ibiltzen dena. Ez zuen jakin nondik irten (edozein gairekin, egia esan). Baina hizkuntza eskakizunei lotuta, zirimolaka bezala aritu zen, jira eta jira. “Kezkatuta” daude; bale, ados. Eztabaida “lasaia” nahi dute; argi asko dakite gai hau ez dela inoiz lasaia izan, eta are gutxiago orain, erlojuaren aurka ari garenean lege bat egiten. Tira, zerbait argi esan badu, da euskara ikasteko tresna eraginkorrak nahi dituztela; oso ongi. Baina lanpostuetan eskakizunak ipintzearen ez alde eta ez kontra ez du hitz egin; zuzenean, ez du hitz egin. Jakin nahi nuke eremu pribatuan zer jarrera duten Sumarreko hauek. Baina publikoki, dohakabe samar.