2026ko maiatzaren 12a.

Egun on.

Ongi hasi al duzu astea? 

Goazen mamira.

“Plan bat daukat”

Esan nizun lasai egon zintezkeela, etxebizitzaren auzia konponduko digu-eta Denis Itxaso sailburuak. Halaxe esan ez du, bada, harro-harro: “Etxebizitza eskuratzeko arazoari irtenbidea emateko, Euskadik plan bat dauka”. Hau da, liburuxka bat; argazkian eskuetan daukana. Ez da Friedrich Engels filosofo alemaniarrak idatzitakoa, ez. Engelsek zioen alferrik zirela edozelako neurriak: arazoa ekoizpen-modu kapitalistan errotuta dagoela, eta neurri politikoek zalantzan jarri behar luketela jabetza pribatu kapitalista, bestela, alferrik dela; horixe delako etxebizitzaren arazoa.

Ez pentsa inondik ere bide horretatik doanik Eusko Jaurlaritzak super-sozialista hau. Gauza ponposo asko iragarri dituzte, gaur jakingo direnak letra txikian, gaur publikatuko baitira dekretuak. Baina oro har, hauek dira: alokairu eskuragarriko etxebizitza gehiago eraiki, alokairua pagatzeko gazteen laguntzak handitu, babes ofizialetako etxebizitzen erdia gazteentzat erreserbatu, eta lokalak etxebizitza bihurtu. 

Azken horretan sartuko naiz, harri eta zur utzi bainau iragarpenerako Itxaso jaunak egin duen bideoak. Ez du, bada, adibide gisa taberna bat ipini? 

Merkatuari “malgutasuna” emango lioke lokal hutsak etxebizitza bihurtzeak, baina batik bat “malgutasuna”, imajinatzen dut, lokalaren jabeari emango liokeela. Zeren, eta asuntu honi buruz badakit zertxobait, detaile txiki mordo bat bete behar ditu edozein lokal edo espaziok etxebizitza izaera hartzeko. Arrazoi argi bategatik: bizigarritasunagatik. Hau da, milioi bat eskakizun beteta bermatzen da leku hori (pintzekin hartu) bizigarria dela, gutxieneko batzuk betetzen dituela. 

Baina orain, Itxaso sailburuak hitzez hitz esplizitatu duenez, “karga burokratikoa arindu” egingo dute. Esan nahi duena da zulo ziztrin eta ez-bizigarri batzuk “legezko etxe” bihurtu ahalko direla orain. Ea, pentsatu nahi dut zerbait-zerbait exijituko zaiela lokal horiei, baina Jaurlaritzak ez du ezer zehaztu, eta Itxasori entzun dioguna da “presa” dagoela, merkatuko prezio altuak jaisten lagunduko luketela etxe-lokal horiek; berak esan du, dituen kalkuluen arabera, 7.500 lokal inguru bihur litezkeela etxe Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
 

  • Proposamen zehatzik eman gabe, baina EH Bilduk ekitaldia egin zuen atzo Bilbon, ordezkaritza politiko zabalarekin, etxebizitzaren gaiaz solastatzeko. Merkatuan eskua sartu behar dela iritzi dio koalizio subiranistak, eskaintza babestua bultzatu behar dela eta etxebizitzaren funtzio soziala berreskuratu. “Datozen 10 urtetan konpon daitekeen auzia da”, esan du Otxandianok. Datorren ostiralean aurkeztuko dute dekalogoa Iruñean.

· · · · · · ·

Beharbada ikusi duzu zerbait sareetan: asteburuan, Gasteizko Aiztogile (edo “Kutxi”) kalean, goizeko ordu txikietan, kalez jantzitako ertzain batek pistola atera eta mehatxu egin dio aurrez borroka batean murgilduta zegoen gizon gazte bati. Bideoan ez dago interpretaziorako tarterik; baina Segurtasun Sailak justifikatu du liskarrean murgilduta zegoen gizona “oldarkor” zegoela (nahiz besoak goratuta ageri den), eta horregatik atera zuela pistola kalez jantzita zihoan ertzainak. 

Bideoa grabatu zen unean, bertan zegoen lekuko batekin hitz egin du Zigor Olabarria lankideak. Orain arte ez genekiena kontatu du: uniformatutako ertzainak bertaratu zirenean, lekuko lagun horiek mehatxatu zituzten. “Zergatik ez duzu bideoa ipurditik sartzen?”.   

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Mundiala Donostian. 2030ean, munduko futbol txapelketa Espainiako Estatuan, Portugalen eta Marokon jokatuko da, eta estatu bakoitzak hainbat futbol estadio edo egoitza hautatu beharko ditu, partiduak hor jokatzeko. Tartean da Donostia. Eneko Goia aurreko alkateak borroka handia egin zuen txapelketa Donostiara ekartzearen alde, baina Jon Insausti ez dago hain alde; batez ere, Espainiako Futbol Federazioaren bulegora ere heldu direlako bizilagunen kexak, eta Donostian egingo balitz, eta protestak egongo balira, batekoak eta bestekoak gerta daitezkeelako. Beraz, Insaustik esan du “aztertu” egingo duela erabakia. 
     
  • Ernairen kongresua. 800 gazte inguruk hartu dute parte Ernai gazte antolakundearen IV. Kongresuko azken hitzorduan. “Euskal gazteriarentzat tresna eta heldulekua” izan nahi dute, eta “eskaintza zabaltzeko” asmoa adierazi, “Ernai zabalago, irekiago eta eraginkorrago bat lortzeko”. 
     
  • Israel eta Eurovision. Gaur izango da lehen finalerdia, Vienan, eta Israelek parte hartuko du. Finala larunbatean izango da. Dagoeneko eztabaida handia dago: Israel ez dutelako kaleratu, Islandiak, Esloveniak, Irlandak, Herbehereek eta Espainiak ez dute parte hartu aurtengo lehiaketan, herrialde horietan ez da telebistan emango ere; baina horrez gain, eta beste urteetako moduan, Israel ari da jada tranpa egiten. Kontua da ezin dela botoa eskatzeko promozio bideorik egin, eta horretan ari da Israel. Kargu hartu dio jaialdiaren zuzendaritzak, baina bost axola. 

PANTAILARA ITSASTEKO BAZKA

  • Licorice Pizza. Ikusi behar nuela, ikusi behar nuela... Eta harritu nau, onerako. 1970eko hamarkadan kokatutako maitasun istorio bat da; mutilak 15 urte ditu eta neskak 25. Eta horrek baldintzatuko du. Baina ez doa hainbeste hortik; ez da maitasun istorio bat soilik. Ondo kokatuta dago garaian, 1973an, petrolioaren krisia ageri da; eta onena da, esango nuke, inplizituki baina oso presente dagoela bizi benetan prekarioak dituztela, eta horiekin apurtzeko grina handia dutela. Movistarren eta Filminen dago.
     
  • The Hunger Games: The Ballad of Songbirds and Snakes. Hunger Games-en zalea naiz, baina zenbait kontuk utzi izan naute epel. Klase gatazkari lotutako kontuengatik beti. Prekuela honek Snow-engan ipintzen du fokua; gazte zeneko garaira itzulita, tipo xume bat izatetik nola iritsi zen Kapitolioko burua izatera (tira, horraino ez da heltzen). Apur bat higuingarria egin zait zenbait momentutan, eta eztabaidatu dut aldamenekoarekin baita ere: iruditzen zait aurpegi zuriketa egiten duela. Baaaina... Amaiera parterako ere ez da hain light-a. Tira, ez dakit. Deseroso utzi nau. Primen Videon eta Rakuten TVn dago; euskarazko bikoizketa dauka eta azpitituluak ere bai.
     
  • Casa en flames. Hamar egun barru estreinatuko dute Se tiene que morir mucha gente (Jende askok hil behar du) telesail laburra, umorezkoa; iragarki bat ikusi dut, Macarena García aktorea agertzen dena, eta Casa en flames-ekin akordatu naiz. Tira, beharbada biek amankomunean dute zeinen desegituratuta gauden erakusten dutela. Casa en flames pelikulak familia baten barneko tripak erakusten ditu. Ikusteko erraza da, asko tindatzen delako umorean. Aktore talde ederra dute. Netflixen dago. 

Honaino gaurkoa.

Astearte ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN