Nola dagoen Erresuma Batuko politika. 2020ko Brexitaren ondoren urak ez dira bare. Boris Johnson zoroak bi urte eman zituen karguan; atzetik heldu zen Liz Truss, beharbada ez zara berarekin akordatu ere egingo, hilabete eta erdiz izan baitzen lehen ministro; ondoren Rishi Sunak, lehenbiziko aldiz lehen ministro jatorriz indiarra, baina berdin-berdin arrazista, migratzaileak Ruandara bidaltzen hasi baitzen aberaskumea, eta urte eta erdiz egon zen karguan; eta azkenik, hauteskundeetan bira eman eta Keir Starmer laborista jarri zen buru (aurreko hirurak kontserbadoreak ziren).
Starmer ustez iritsi zen “fundamentua” jartzera, hain gobernu efimeroen aroa atzean uztera, eta “beste era bateko politika” egitera. Batik bat, ekonomiari buelta ematera: Brexitaren osteko zor publiko astunari aurre egiteko premian, Europako Batasunera urreratuta. Baina politika egiteko “beste era bat” omen zuen desio, bai berak eta bai bere Alderdi Laboristak. Baina bistan da ez duela deus lortu: harrigarria da zer nolako presioa jasaten ari den bere etxean bertan, ustezko diplomazia hitz potoloaren erreinuan, Erresuma Batuan.
Kontua da aurreko ostegunean udal hauteskundeak egin zituztela Erresuma Batuan, eta Alderdi Laboristak izugarrizko kolpea jaso zuela. Estatu egitura zentralari ipinitako zigorra izan zen, Starmerrek hitzemandako hobekuntza ekonomikoak haizeak eraman baititu. Eta orain, egunek aurrera egin ahala, Starmerri dimisioa eskatu diote bere alderdiko 80 diputatuk baino gehiagok. Baina itxuraz eusteko asmoa du, hala dio berak, fidel-fidel, politika egiten eta ekonomia hobetzen. Ahal duen neurrian (eta denboran) izango da. Aldi berean, alderdiko goi kargudun ugarik dimisioa eman dute azken ordu gutxian.
Buletin hau idazten ari naizen unean, oraindik karguan jarraitzen du Starmerrek. Eta litekeena da eustea, zeren dimisioa galdegin dioten bere alderdikide guztiak ados jarri behar lirateke beste hautagai bat izendatzeko, eta horretan ere arazoak dituzte: fama txarra duten lider gehiegik altxa dute burua.
- Iragan osteguneko Erresuma Batuko hauteskundeak, eskuin muturraren hazkundearentzat ez ezik, alderdi independentisten mesederako ere izan ziren, hala nola Galesen eta Eskozian. Eta hala, lehen aldiz independentista izango da Galesko lehen ministroa: Rhun ap Iorweth izendatu dute kargurako, Playd Cymru alderdi independentistako burua. Alderdi Laboristak izan du beti gehiengoa Galesen, 1999an parlamentua sortu zenetik; orain, bederatzi parlamentari baino ez dituzte 96tik (independentistek 43, eta ultraeskuinak 34). Laboristen abstentzioak ahalbidetu du Galesko lehen ministroa independentista izatea. Eskozian, oraindik, gauzak ikusteke daude: gehiengoa osoa ez dute lortu independentistek.