PSNk eta Geroa Baik akordiotxo bat erdietsi zutela kontatu nizun atzo, UPNri elkartuta aurre egitekotan zirela. Baina okertu nintzen. Zeren, okerreko hankarekin esnatu ziren jeltzaleak, eta kalabazak eman zizkieten soziatei. Egun kaotikoa izan zen atzokoa Nafarroako Parlamentuan.
Kontua da Hezkuntza Departamentuak iragarri zuela hemeretzi ikasgela itxiko zituela datorren ikasturtean. Horietako bost eskola publikokoak, baina horretan, azkenean, atzera egin zuen Carlos Gimeno kontseilariak. Beraz, hamalau itunpeko ikasgela zeuden jomugan, eta maila politikoan zein kalean, soka ondo tenkatu da azken aste gutxian. Ia hausteraino. Eta horretan hartu du esku UPNk. Egoera nahasia baliatu du itunpeko ikastetxeak blindatzeko lege proposamen bat aurkezteko. Jakina, UPN delako, baina hein batean EH Bildu eta Geroa Bai ados leudeke oinarrian, itunpekoen artean ikastolak daudelako; eta hamalau itunpeko horietatik kaltetuenak ikastolak direlako. Horregatik, azkenean, UPNren lege proposamenari aurrerabidea eman diote bi alderdi abertzaleek, abstentziora jota.
Ez dago argi lurrikara politikoak zer nolako seismoak eragingo dituen. Baina zerbait mugitu da. Izan ere, Nafarroako Gobernuan PSNk du lidergoa, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek badute pisua, badute parte hartzea; eta kanpotik, baina azken batean gobernua babestu egiten du EH Bilduk, bere interesekin. Laukote hori hautsi egin da hezkuntza arloko auzi latz horretan.
Parlamentuko irudia ere ikustekoa izan da. PSN eta Geroa Bai elkarri bizkar emanda egon dira denbora luzean; ez dute elkarrekin hitz egin. Maria Chivite lehendakaria, berriz, une batez, EH Bilduko Laura Aznali keinuka eta oihu bizian ikusi dugu, zera esanez: “Ez, ez; ez gara geure posiziotik mugituko”. Geroa Bairengana gerturatuko ote zen jakin nahiko zuen Aznalek, pentsatzen dut. Zeren, gero, EH Bilduren proposamena onartu du Geroa Baik, bi urteko luzamendu bat zatekeena, baina inora joan ez dena.
Enpin. Ez dut uste haustura politiko larri bati buruz hitz egiten ari garenik. Haserrea egongo da, baina zaila litzateke UPNri ateak hain erraz irekitzea.