Santos Cerdán milagroarra, Koldo García barakaldarra... Euskal herritar horien izena bolo-bolo dabil aspalditxoan Espainiako Erresuman. Gehiago edo gutxiago, edo obra batzuengatik edo musukoen trafikoagatik, ustelkeriak zipriztintzen ditu biak. Espainiako markoan entzuten ditugu, baina ez ahaztu ikerketa zabalik dutela Nafarroako Parlamentuan, ustelkeria kasu zenbaiten sorterrian.
Belateko ditxosozko tunel garestien lanean ondo murgildu zen Cerdán, eta parlamentuan ikertzen ari dira ea onuradun, interesdun edo komisiodun gehiago egon ote zen eta batik bat Nafarroako Gobernuak zerikusirik izan ote zuen. Funtsean, mokokaldi saioak dira parlamentuko horiek. Eta hortik etekin politikoa atera nahi duena azken urteotako galtzaile handia da: UPN. Eta batez ere Javier Esparza, honezkero ez zaio-eta denbora askorik geratuko lidergoan.
Cerdán egon zen otsailean ikerketa-batzorde horretan, eta buletinean deskribatu nizkizun biak maromo navarro gisa. Atzo, berriz, María Chivite lehendakariari egokitu zitzaion hitzordua, Osasunbidean bezala, luzeak dira-eta itxaron-zerrendak. Bada, metraila prest joan zen Esparza jauna zitara. Hatza altxatuta esan zion, taberna zulo batean eta zarataren artean baleude bezala, tonua altxatuta: “Zu lehendakari izanda, Chivite andrea, nahi adina ostu du hemen Cerdán jaunak”. Hatza jaisteko esan zion Chivitek lehenbizi, edukazio txarrekoa delako, baina Esparzaren tonuan paretsu, eta besoak mahaitik apur bat altxatuta, Chivitek zioen ez dagoela zantzurik pentsatzeko Nafarroako Gobernuak parte hartu duenik ustelkeria praktiketan, eta baldin balego, aholkatu zion fiskaltzara joateko, eta frogak aurkezteko. Eta hara berriz Esparza: “Zu eta zure gobernua Cerdánen nahietara moldatu zarete beti; ez zaitut sinesten”.
Nork nori sinetsi zer. Gakoa izaten da fundamentuzko zerbait aurkeztea. Ez diogu, bada, PSNri ipurdia garbituko, baina frogarik ez duenak, eta hatza altxatuta eta marruka hitz egiten duenak, ez du inoiz konfiantzarik ematen.
- Eta beste kontu bat: jator gisan jokatzen ari da orain PSN. Akordatzen pasa den asteko notizia, arrazoi demografikoak medio nola hemeretzi ikasgela itxiko dituzten datorren ikasturtean? Saltsa handia sortu du, publiko zein kontzertatu, ikasgelak ixtea ez delako inoren gustuko. Bada orain, PSNk eta Geroa Baik akordioa egin dute, eta “atzera”-edo bota dute Hezkuntza Departamentuaren asmoa. “Errebisatu eta analisia egingo da urtez urte”, diote. Alegia, tapaki probisional bat jarri eta geroratu egingo dutela auzia, arazoaren oinarriaz eztabaidatu gabe.