Ahaztu bomber jakadun burusoil nazi beldurgarriak. Eta ibili argi Tik Tokean itsu-itsuan dabiltzan eta izatea garatu gabe duten gazte itxuraz kaltegabekoekin. Gaitza hortik dator-eta gaur egun. Begira, hortik doa Everything you love telesail norvegiarra (goiko argazkikoa); sareen bidez eta gurasoak ohartu gabe nazismora gerturatzen den gaztetxo bati buruz da.
Alemanian (tira, babesik apenas duen Alemaniako Gobernuari ere interesatzen zaiolako) bolo-bolo dabil gai bat azken boladan: neonazi talde gazteak, ultraeskuineko AfD alderdia ere “epela” iruditzen zaienak. Angelique Geray kazetari gazteak bi urte eman ditu horietako talde batean infiltratuta, eta liburu bat idatzi du: Undercover unter Nazis (Nazien artean infiltratuta). Ea, El País-ek artikulu zabala ekarri du bera elkarrizketatuta, eta nire sentsazioa da neonaziek bezainbeste protagonismo hartu duela kazetariak, liburuaren azalean bere argazki handi bat jartzeraino; eta askotan azpimarratzen du arriskuan dagoela, mehatxuak egin dizkiotela neonaziek... Jakina sinesten dudala, larria dela, baina hona ekarriko dizkizudanak gehien interesatzen zaizkidan parteak dira.
Gutxienez hiru talde neonazitan sartu du burua kazetariak. Denetan errepikatzen dira patroi berak: janzkeraz ez dira nabarmentzen, “herri purua” defendatzen dute, Holokaustoari garrantzia kentzen diote, migratzaileak gorrotatzen dituzte, eta azken urte gutxian gorroto handia sortu dute feministekiko eta LGTBI komunitatearekiko. Belaunaldi berri bat da; gehiengoak 14 eta 17 urte artean ditu, eta oso gutxi daude 20ko langa pasatzen dutenak. TikTok, Instagram eta Telegram gisako foroak erabiltzen dituzte propaganda egiteko eta jarraitzaileak lortzeko. Derrigorrean, hori bai, bi gurasoek europarrak izan behar dute, eta bietako batek sortzez alemaniarra. Kuota txiki bat ordaintzen dute afiliazio gisa, eta antolaketa eredu oso bertikala dute; ardurak oso zehatz banatuta dituzte. Irakurri dudanez, Alemaniako Gobernuaren estimazioa da soilik 2025ean gisa horretako 5.500 afiliazio baino gehiago izan zirela.
Boxeoan aritzen dira, eta askok ez dute inolako drogarik kontsumitzen, estatu sozialdemokraten “arma” direlako “jendea lo mantentzeko”. Kontzertuak, ekitaldiak, bidaia laburrak... Aisialdiko plan erakargarriak ere badituzte. Eta bitarte horretan, afiliatuak samurtu ahala, ekintzak prestatzen dituzte: “etsaien” postontziak eta jabetzako gauzak erre, esbastikak margotu, eta errefuxiatuen harrera zentroei eraso egin. Su ematen ere saiatu ziren halako egoitza bati.