Nor egoskorrago, eskuin muturreko enpresariek ez dute gaur egun isilik geratzeko premiarik ere sentitzen. Horraino heldu gara; lehen lotsatuko ziren bat baino gehiago.
Zine jaialdien denboraldia hasi da Canneseko festibalarekin, asteburu honetan amaituko da, eta ez dakit zer ari den gertatzen Canal+ enpresaren zigilua daramaten filmen proiekzioekin, baina dakidana da The Electric Kiss pelikulak inauguratu zuela jaialdia, eta publikoak txistu egin zuela Canal+ enpresaren zigilua agertu zenean pantailan. Ea, kredituetan begia jartzen ez duzuenok, jakizue oso ohikoa dela zigilu hori pantailan ikustea; Frantzian film gehien produzitzen dituen ekoiztetxea da.
Kontua da, Canneseko festibalaren atarian, zine munduko 600 artistak baino gehiagok sinatu zutela gutun bat, salatzeko Canal+ enpresak Frantziako Estatuan zine areto izugarri mordoa dituen UGC erosteko asmoa duela, apurka-apurka ari dela kapitala erosten, eta asmoa duela den-dena erosteko. Eta hala, pixkanaka, pelikulen fabrikazioa ez ezik, difusioa ere osorik kontrolatuko luke. Julliette Binoche aktorea dago, adibidez, sinatzaileen artean.
Canal+ enpresaren atzean Vincent Bolloré milioidun ultrakatolikoa dago. Berea da CNews telebista-katea, Frantziako Estatuan gehien ikusten dena; Lagardère taldeko akziodun nagusia da, eta beraz, kontrolpean ditu Europe1 eta RFM irrati-kateak, baita Paris Match eta Le Journal du Dimanche hedabideak ere. Grasset argitaletxea berea da, Universal Music Group-eko akziodun nagusia ere bera da... Ez da edonor Bolloré. Eta ezaguna da eskuin muturreko ideologia duelako, bere menpeko komunikabideak erabiltzen dituelako horretarako, eta besteak beste, erabili zituelako iragan hauteskundetan, ezkerra zigortu eta Le Pen eta Bardella zuritzeko. Jenofa lankideari makina bat bider entzun diot hori erredakzioan.
Gutuna idatzi dutenek inperialismo hori nahi dute gelditu, ahal duten neurrian. Baina Canal+ enpresako burua ez da isilik geratu: Bolloré jauna babestu du Maxime Saada CEOak. Eta mehatxu egin du: “Zoritxarrez, etorkizunean ezingo dugu lan egin gure aurkako mezua idatzi duten horiekin”.