Astelehen goizean hasi zuen operazioa Israelgo armada sionistak, eta apurka-apurka joan da ontzi denak atzematen, kideak atxilotzen eta tratu txarra ematen. Hitz egin genezake laguntza humanitarioa ematera doazen ekintzaileak atxilotzeaz, baina detaile hau ez da ahaztu behar: nazioarteko uretan egiten dituzte operazio militarrak zakur sionistek, eta hori lege guztien gainetik jokatzea da, inpunitate osoz, jakitun izanda nazioarteko dogma hautsita ere inork ez diela geratuko. Atxilotzeak, hortaz, agindu judizialik gabe eta nazioarteko uretan egiten dituztenez, bahiketak dira. Hitzek badute garrantzia.
Eta bideoek ere bai. Egun argiz, atzo, flotillaren ontzietako kameren bidez ikusi genuen nola egin zieten tiro sionista zikinek. Besoak altxatuta, eta Don't shoot oihukatuta ere, tiro.
Zazpi euskal herritar daude Global Sumuden misioan. Horietako bat lurreko espedizioan doa (Libian jarraitzen dute geldirik, dagoeneko 48 orduz baino gehiagoz), eta beste sei itsasoan. Sei horietatik lau astelehenean atxilotu zituzten, eta gose greba abiatu dute, horietako batek baita egarri greba ere. Ontzian jarraitzen zuten atzora arte bi euskal herritarrek: horietako bat arratsaldean atxilotu zuten. Euskal herritarrak bahiturik dauden bitartean, Global Sumuden lagunek Eusko Legebiltzarraren parean kontzentrazioa egingo dute egunero, goizeko 8:30etik 14:00ak artean.
Irakurri dudanez, atxilo guztiak Palestina okupatuko Israelen armadaren guneetara eramaten ari dira. Izango da zer berri datozen orduetan.