2026ko maiatzaren 21a.

Egun on.

Zer moduz? Munduko futbol txapelketarena bat-batean lehertu da, eta irribarre txikiren bat sumatu dut inguruan... Baina erne oraindik.

Goazen gaian sakontzera.

Herri mugimenduen gola

Interesgarri jarri da asuntua. Edo aurrera edo atzera. Baina edozein kasutan, Mundial honen sailkatze fasean ondo kokatu du bere burua herri mugimenduak. Zeren, bi eszenario posible baino ez ditut ikusten: 

  • Baga: azkenean ez bada ez Bilbon eta ez Donostian jokatuko 2030eko munduko futbol kopa, garaipen argia da “ezezkoaren taldeko” direnentzat. Horiek dira, Eneko Goiaren iritziz, Guztiari ez esaten dietenak, “garapenaren kontra” daudenak; hau da, gure herri eta hiriak muturreraino saltzearen aurka egiten dutenak.
     
  • Biga: beste aukera bat litzateke erakunde publikoek hitzeman dituzten “azterlanak” egitea, gaia sakon aztertzea, eta zalantzak argituta azkenean aurrera egitea, Mundialarekin jarraitzea. Kasu horretan, protestarako txinparta dagoeneko piztuta legoke, zalantza eta polemika existitzen delako une honetan. 

Lehena, eskuadratik gola. Penaltia litzateke bigarrena, gol-erdia. Asmatu behar.

Hipotesiak maneiatzen ari garenez... Imajinatuko zenuke, Bilbon eta Donostian EH Bilduk aginduko balu EAJk beharrean, nola larrutuko zuketen botere ekonomikoek eta hainbat komunikabidek? Munduaren akabera zatekeen.

Tira, lurrera etorrita. Gauzak zertan diren ikusteko leitu ditut azken orduotan El Correo, El Diario Vasco eta Deia. Konklusio batera iritsi naiz: ez dakit zer gertatuko den azkenean, baina terrenoa prestatzen ari dira badaezpada. Eta ez da gutxi. Argudioak ematen ari zaizkie jende xeheari (futbol-eroari) ulertarazteko zergatik den hain konplexua Mundiala ekartzea, zergatik litzatekeen esfortzu ekonomiko eta logistiko hain handia… eta ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula FIFAren eskakizunak konplitzea (deitoragarriak, bide batez). Are, FIFArekin asuntua zail dagoela ere esan digu El Correo-k, Pradales lehendakaria aipatuta, antza martxoan “gogortu” zizkietelako hainbat baldintza.

Zurrunbilo honi esker jakin dira FIFAren exijentziak zeintzuk izaten diren hiri bat Mundialaren egoitza gisa hautatua izateko. Horri buruz gehiago hitz egin beharko litzatekeela uste dut, eta ez erakunde publikoei orain interesatzen ari zaien eran, hau da, txapelketa Euskal Herritik kanpora eramateko motibo bakar gisa; baizik eta, kirolaren aitzakia turismorako nola erabiltzen den aparte, ikustekoa da FIFAren boterea eta lotsagarrikeria zer nolakoa den. 

Hiru puntutan:

  • Estadioarekin ez legoke arazorik, edukiera aldetik 40.000ko gutxienekoa gainditzen baitute bai Bilbok eta bai Donostiak. Baina estadioaren aldamenean heliportu bat martxan izatea beharrezkoa da, baita gertu samar ere aireportu bat. Eta zer, eta 24 orduz. Gaur egun, legez, 06:00etatik 22:00etara aireratu eta lurreratu daitezke hegazkinak Loiun zein Hondarribian. Gauean ez, bizilagunen atsedena errespetatzeagatik. 
     
  • Zerga salbuespena nahi du FIFAk. Marka da gero, e. Hornitzaileen fakturak, FIFAren muntaketa guztia, gastu guztiak... Ogasunari ordaintzetik salbuetsita. 
     
  • Eta demagun baietz, Mundialeko egoitzetako bat Bilbo dela. Bada, hiriaren kontrola FIFAk izango luke: Mundiala jokatzen ari den egunetan beste ekitaldiren antolatuko bada, izan kultur arlokoa, bertan behera uzteko ahalmena luke FIFAk, “konpetentzia” argudiatuta. Eta Bilbo aipatu dut propio, zeren ziurrenik BBK Live musika festibalarekin kointzidituko luke.

Zerrenda labur horretan aipatu gabe doazen errepide mozketak, mugikortasun aldaketa guztiak, prezio igoerak, kutsadurak, egun horietako saturazioak... Herenegun, Bilbon, turismoari buruzko liburuaz solasean ari ginela, Asier Basurtok zioen: “Zertarako? Drone bat egunero Kontxako badian ibiltzeko? Oraindik eta jende gehiagorengana iristeko Donostiaren irudia?”.

Esandakoa: neurri horiek ez dira aukerazkoak, negoziagarriak... Ez, ez. Exijentziak dira. Edo hartzen duzu Mundiala, eta patatekin jaten duzu NATOren antza gehiegi duen FIFA honen menu osoa; edo ezertxo ere ez. Dagoeneko, ordea, zure burua hautagaitzat aurkeztu duzunean, eta orain zalantzak azaldu dituzunean, ez dut uste FIFAko jauntxo zitalak izango dituzunik telefono joka, baizik eta nago dei horiek Euskal Herrian izango dutela jatorria, eta izango direla gure auzoak zebra kolorezko etxez eraikitzen ari diren enpresen bulegoetatik eginak. Horiek bai egingo luketela negozioa Euskal Herrian joka daitekeen Mundialarekin, eta ez FIFAk. Zeren FIFAk, hemen ez bada, han topatuko ditu enbor ustel berdinak. 

Nahi duzuna jaso, nahi duzuna ordaindu.

BABESTU
KAZETARITZA INDEPENDENTEA

·····>   Ez galdu hauek

  • Maialen Mazonen kasua. Hilketa delitua leporatu diote akusatuari, Mazonen bikotekide ohiari, “modu kontzientean” eta “aurrez pentsatuta” egindako hilketa izan zelako. Gizonezkoa errudun jo dute, baita ere, bi abortu behartzeagatik eta adingabe bat abandonatzeagatik. Akusazio partikularrak 45 urteko espetxealdia eskatu zuen, baina 27 urtekoa ipini diote.
     
  • Atxikitze zentroak. Hendaian, iaz, 287 etorkin hartu zituzten preso. Cimade elkarteak salatu du “sistematikoki beteta” dagoela zentroa. Arrazoia sinplea da: atxiloaldi iraupena luzatu da. Gaur egun, bataz bestean, 33 egun igarotzen dituzte preso; duela hamar urte baino bi aldiz gehiago.
     
  • Flotillako bahituak. Armada sionistak Israelera eraman ditu Global Sumud Flotillako kideak. Sare sozialetan hainbat bideo zabaldu dituzte, eta Israelgo Defentsa ministroa ikusten da bahituak umiliatzen, lurraren kontra daudela eta eskuak lotuta dauzkatela.
     
  • Zapatero, inputatuta. Giroa oso bero dago Espainiako politikagintzan, José Luis Rodríguez Zapatero presidente ohia (PSOE) inputatu gisa deklaratzera deitu dutelako. Plus Ultra hegazkin konpainia erreskatatu zuen Espainiako Gobernuak, eta ikertuko dute eskupekoak jaso ote zituen sozietate sare baten bidez. Zapaterok dena ukatu du, eta gaur egungo Espainiako Gobernuak “sostengu osoa” adierazi dio.

ITZALETIK ARGIRA

Fototekaren txanda gaurkoa. Ea zer argazki ekarri digun Urko Apaolazak aste honetako Itzaletik Argira atalean…

ARGAZKIA: Garikoitz Garaialde / ARGIA
1996ko abenduan, Zamudion.

Jangelak. Ez nuen sekula pentsatu: aspalditxoan ere egongo ziren jangelak ikastetxeetan, baina noiz hasi ginen jana kanpotik ekartzen, goiz osoak (eta bezperako arratsaldeak) sukaldean pasa beharrik gabe? Bada, 1990eko hamarkadan. Horixe zen catering. Baina catering hitza, orduan, hegazkinetako modernitatea zela uste genuen.

Baina gero eta gehiago dira atzerako bidea egiten ari diren ikastetxeak. Segi leitzen.

Honaino gaurkoa.

Ostegun ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN