Negargarriak dira irudiak. Goian jarri dizudana adibiderako: astakirtena izan behar da lurrean zaurituta, lotuta, harrapatuta dagoen pertsona bati lepo atzean kolpatzeko. Galderetako bat da Ertzaintzak zergatik kargatu zuen harrera goxoa izateko helburua zuen hitzordua, istilurik izateko batere-batere gogorik izango ez zuketenean Global Sumud Flotillako kideek. Eta beste galdera da horren aurretik doana: zergatik joan behar zuen Ertzaintzak hitzordu horretara? Zergatik agindu zuen hori Erandioko komisaria zentralak?
Troll kontu lelo eta alderdikoi batzuk baino ez ditut ikusi Twitterren Ertzaintza defendatzen. Lur hartu duten hegazkinetako bidaiarien irteera “oztopatzen” ari zirela diote jeltzale sutsu anonimoek. Eta horrez aparte flotillako militanteak iraindu dituzte, baina hori ez zaigu axola. Inportantea iruditu zait Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berak ere “sentitzen dut” esan duela, eta “beharrezko azalpenak” emango dituela astearte honetan. Iruditzen zait, ikusitakoak ikusita, kostatu beharko zaiela gertaturikoa azaltzea eta zuritzea. Egin egiten badute, jakina. Dagoeneko, dena dela, Bingen Zupiria sailburuak aurreratu digu “probokazioak” jasan zituela Ertzaintzak.
Autokritika minimorik egingo ez dutenak lobby lana egiten duten Ertzaintzako sindikatuak dira, Esan eta Sipe. Esan dute “errespetua” merezi dutela, “testuingurutik ateratako bideoak” (!) erabili direla “desinformatzeko”, eta “biktimak” direla, “higadura ideologikorako erreminta” gisa erabiltzen direlako.
Loiuko aireportuko irteerako atea gora eta behera ari dira azken orduotan, ea jende-trafikoan enbarazu egiten zuten (edo egin zezaketen) Palestinaren alde inoiz egin den flotillarik jendetsuenean parte hartu duten sei euskal herritarrek. Ea, uste dut, “enbarazu” esaten badugu, edozein tropelek egiten duela enbarazu. Izango da imserso-an joan den 60 laguneko kuadrilla, ikasbidaiatik itzuli den 80ko nerabe taldea, edo El Conquis programatik itzuli diren lan katuak. Azken horiei ETBko kamerek geratzen die sarreran, eta reality-ak berak sortzen du ataskua. Auzi antzerakoa iruditzen zait herri honetako milioika kirol probek trafikoan eta garraioan eragiten dituzten eragozpen guztiak; horiek ez dute “enbarazu” egiten, ez?
Edozein kasutan: flotillakoek esan dute ez zutela irteerako atea blokeatu, ez zela inolako arazorik izan, eta ez zela istilurik izango Ertzaintza gisa horretan agertuko ez bazen. Beno, eta esan behar da: flotillakoen harrerak unetxoren batean aireportuko atea “blokatuko” balu, gehienez ere bost minutuko kontua litzateke? Irteera horrek, gainera, bi ate ditu. Baina Ertzaintzaren esku hartzea eta gero, gutxienez ordu erdiz egon zen itxita.
Tira, erreakzionatzeko kapazitate handia ere bere du herri honek. Oso jendetsua izan zen atzo eguerdiko mobilizazioa Bilbon. Ertzaintzaren jarduna kritikatu eta Jaurlaritza egin zuten erantzule, sionismoaren konplize direla seinalatuta. Eta horri lotuta, salatu zuten oraindik ere negozio ugari egiten direla Israelekin. Ahoztar Zelaieta kazetariari esker jakin dut, adibidez, Loiuko aireportuaren segurtasun zerbitzuak I-SEC enpresak eramaten dituela, Israelgo ICTS enpresaren menpekoak. ICTSren sortzaileak zerbitzu sekretu sionistako partaide ohi batzuk dira, eta hain justu, eta horrekin titularrera itzulita… krav maga arte martziala Polizia barnean sustatzeaz arduratzen direnetako batzuk dira.