Kritiko izateko zirkinik ere egin gabeko elkarrizketa batean, El Diario Vasco-n, luxuzko etxebizitzen alorreko aholkulari baten ahotan irakurri dut “aro berri bat” hastear dela Euskal Herriko kostaldean. Esaten du konstatazio bat dela “Premium merkatua”, eta kazetariak ere bere ahotan jartzen du. Harrituta galdetzen dio adituari, ea zergatik ari diren estatubatuar aberatsak batik bat Hondarribian eta Zarautzen erosten, eta zergatik ez hainbeste Donostian. “Getariako gastronomia izango ote da?”, galdetzen dio kazetariak. Jakin nahiko nuke zein planetatan bizi den hori galdetzeko. Pena ematen dugu.
Adituak “aro berria” erabat lotzen du “work flex”-ekin (terminologian ere txiro gabiltza). Ea, etxetik eta malgutasunez lan egiteko aukeraz ari da. Slow living-a. Kostalde honek eskaintzen duen “esklusibitatea, autentikotasuna eta bizimodu erlaxatua”. Ez dakit nor bizi den hemen “erlaxatuta” egia esan, baina tira. Ugazaba horiek bizitzera edo urtearen zati esanguratsu bat igarotzera Euskal Herrira etortzen dira, eta hemendik egiten dute lan, eta hemen bizi dira, bi, lau edo sei hilabetez bada ere. Hauxe da elkarrizketaren titularra: “Gero eta ohikoagoa da estatubatuarrek milioi eurotik gorako etxeak erostea Hondarribian, Zarautzen eta Getarian”.
Lehen, antza, uda sasoi osoa (edo parte handi bat) igarotzera etortzen ziren Euskal Herrira, baina ez zuten hormigoia erosten, baizik eta txaleta alokatzen zuten. Orain, “aro berriaren” irudiko, denbora gehiagoz geratu nahi dute, eta erosi egiten dute. Hortaz, jada ez dira udatiarrak.
Beraz, egon zaitez prest, laster etorriko zaizkigu-eta Kutxabankeko lehendakari Anton Arriola eta enparauak, atzerriko talentua erakartzeko euskara “oztopo garrantzitsua” dela esatera. Urtebete baino ez da pasa hau esan zuenetik: “Poloniar bat etortzen bada, eta bost urte pasako baditu hemengo proiektu batean, joder, agian ez zaio egoki irudituko seme-alabek euskaraz ikastea, ezta? Talentu hori galdu egingo da”.