Duela kasik bi aste, kontatu genizun ARGIAn, eraso larria jasan zuela Gasteizko Errekaleor auzo okupatu historikoak: kalean eta bazterkeria egoeran bizi diren hainbat pertsona saiatu ziren Errekaleorreko etxeetako batera sartzen, indarrez eta modu txarrean, eta gainera Poliziak lagunduta. Asteazken gau batez gertatu zen hori. Hurrengo egunetan jakinarazi zuen Errekaleorrek “ekintza orkestratua” izan zela, hain zuzen ere Ertzaintzak bultzatutakoa. Eta horren baieztapena jaso dugu azken orduotan. Hala Bedi irratiaren eta Arabako Alea komunikabidearen lan hurbilari eta finari esker, zazpi minutuko bideo batean ageri zaigu kale egoeran bizi den gazte bat, eta konfirmatu egiten du Ertzaintzak “aholkatu” ziela Errekaleorrera joateko.
Errekaleorretik gertu dagoen URSSA lantegi abandonatuan ehun pertsonatik gora bizi dira. Hilabeteak daramatzate hor, eta sarritan gerturatu zaie Ertzaintza, baina sekula ez maiatzaren 10eko gauean bezala: indar handiz joan zitzaizkien agenteak, borrekin kolpatu zituzten, hormaren aurka ilaran jarri, banan-banan grabatu eta aurrekarien arabera bi taldetxotan sailkatu; aurrekari penalak zituztenak eta ez zituztenak. Ertzaintzak esan zien “epe oso motzean” kaleratuko zituztela lantegi abandonatutik. Eta hurrengo gauean agertu ziren berriz, oldarkor, azken ohartarazpen gisako bat-edo egitera. Eta hor “aholkatu” zieten Errekaleorrera joateko. Aipaturiko testiguak dio jendeak beldur handia sentitu zuela, egoerarik okerrenean zeudenak asko larritu zirela, eta presaka eta korrika, Ertzaintzari kasu eginda, Errekaleorrera joateko antolatu zirela. Handik bi egunera joango ziren.
Atzo arratsaldean, berriz, hiriaren erdigunean, agerraldi jendetsua egin dute 47 eragilek deituta. Errekaleorri babesa adierazteko ez ezik, salatu dute guztiaren oinarrian “ideologia faxista” dagoela, instrumentalizatu egiten direla kalean dauden pertsonen egoerak, eta instituzioetatik ez direla irtenbideak eskaintzen.