2026ko maiatzaren 27a.

Egun on.

Ongi heldu zara asteazkenera?

Euskal hedabideak jarraitu badituzu azken orduotan, imajinatuko duzu nondik hasiko naizen. Halako agerraldi polemiko bat eta gero, isilik geratzen baldin bada norbait, irabazi duenaren seinale da; horiek dakartzat titularrera.

Goazen mamira.

Sindikatu korporatiboen lobby-a

Arre edo so. Bingen Zupiriaren ahotan jakingo genuen emaitza. Xabier Letonak ere hala esaten zigun aste honetako analisi batean: “Ikusiko da nork agintzen duen gehiago, Zupiriak berak edo Esan, Sipe, Euspel eta enparauek”. 

Atzo hitz egin zuen Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduren eta Sumarren eskariz egin ere, nahiz eta etengabe ari diren azpimarratzen “borondatezko agerraldia” izan dela, ez inork eskatua edo behartua. Trukoa da oposizioak eskaera erregistratzen duela, eta berak ere, atzetik, eskaera egiten duela; umemokoarena egitea bezala da: “Ez nator zuk eskatuta, nik eskatu dut”.

Tira. Agerraldian flipatu dut gauza batzuekin. Hasteko, ingelesez ekin diola hizketaldiari Zupiria jaunak (trakets samar, egia esan). Gero zer, eta modu oso irmoan esateko Euskal Herriaren irudia eta prestigioa ez direla zikindu, eta nazioartean ez dela deus gertatu Ertzaintzaren karga horiengatik. Begira, Jaurlaritzaren web orrian ere titular hori eman diote. Horixe da, hain justu, EH Bilduk eta Sumarrek oso gogor kritikatu diotena, “serioski” zikindu dela herri honen irudia, aldi berean Palestinarekiko hainbeste elkartasun keinu (eta Israelen aurkako oihu) egin dituen herriaren prestigioa. 

Ezagutzen ez genuen detaile esanguratsu bat eman du Zupiriak: AENAk (aireportuen jabea den Espainiako enpresa publikoak) deitu zuen Ertzaintzara, esanez flotillako kideei harrera egitera joan ziren lagunak “pilatzen” ari zirela Loiuko aireportuko irteeraren atean, eta “oztopoa” izan zitekeela beste bidaiarientzako. Orduan bidali omen zuen Ertzaintzak bere kuadrilla. Elkarretaratze hura ez zegoen Ertzaintzari jakinarazita, eta paternalismoaren kargu hartze horietako bat egin du Zupiriak, horrelakoak jakinarazi egin behar direlako, “aurreikusteko”, bestela “zailtasunak” egon daitezkeelako “elkarbizitza bermatzeko”. Enpin. Harrera egitera joan zirenei esan zieten hesiaren atzean kokatzeko, kontaktu fisikorik ez egiteko flotillako sei euskal herritarrekin, eta ekintzaileek ez zezatela aireportuko irteera oztopatu (bi ate ditu, baina tira). Unetxoren batean “oztopatu” zuten, bistan da, bideoetan ikusi da, baina segituan hasi ziren bultzakadak, eta segundo gutxian amaitu zuten denek lurrean, atxilotuta eta kolpatuta. 

Eta hemen dator onena: nork probokatu zuen nor? Hori zen Zupiriak erantzun beharreko galdera. Hau da: non kokatzen da Zupiria, eta zer nolako pisua dute Ertzaintzaren barneko sindikatu korporatibo lobbistek. Horra erantzuna, diskurtsoaren bukaera-bukaeran esandakoa: “Batzuek probokatu besterik ez dute egiten; Ertzaintzak ez du hori egiten”. Eta hau, betiko klabeetara itzultzen hasita: “Ertzaintzaren aurka probokaziorik larrienak egin eta jarrera oldarkorrena izan zutenek, atxilo eraman zirenetatik bi, ETAko kide izandakoak dira; batek sei urte eman zituen kartzelan, eta besteak hamabi". Tatxan. ETAren komodina. Falta zena. Nahi badiozu eman iezaiozu soka gehiago, bai, El Correo-ri, eskuinari eta ultraeskuinari, eta Ertzaintzaren barneko sindikatu asindikal lotsagarriei. Gorka Bereziartuari irakurri diodan moduan, egiten dutena (eta egin izan dutena) eta gero, lasai ederrean begiratu beharko diegu gainera BMW berrietan paseatzen ikusten ditugunean, gainontzeko langileriarentzat iraingarria den lan-hitzarmenaren abantailez gozatzen, zer, eta langileria borraz kolpatzera joateko.

Egia esatea nahi baduzue, nik behintzat ez dut sinesten Zupiria jaunaren iritzia hori denik. Uste dut etxeko sofan ez duela lekurik topatzen, Arkautin eta inguruetan jasaten duen presioa ez dela inondik ere onargarria inorentzat, baina hor egotea eskatu diotela, onartu duela, eta egon egongo dela, erretiroa laster hartu bitartean. Miren Dobaran izan da urtetan Zupiriaren eskuin eskua; urtebete iraun zuen Arkautiko polizia-etxeko zuzendari karguan. Bistan da: gaitza etxe barruan du.

Nahi duzuna jaso, nahi duzuna ordaindu.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Zesar Martinez. Bizikleta istripu batean hil da EHUko Soziologiako irakaslea eta besteak beste Joxemi Zumalabe Fundazioko ekintzaile sutsua. Urte luzez aritu da herri mugimenduekin elkarlanean, hala nola bazterketa sozialaren, hizkuntza normalizazioaren eta eskubide zibilen inguruko proiektuetan. 
     
  • Jangela zerbitzua Basaurin. Jaurlaritzak iragarri du “proiektu aitzindaria” ipiniko duela martxan Basauriko zazpi ikastetxetan, jantoki sistema “osasungarriago eta jasangarriagoarekin”. Sukalde partekatu bat, itxuraz. Baina gurasoak ez dira kontent. A priori, ez da erraza ulertzen. Baina kontua da ez dutela xehetasun gehiagorik eman, ez dutela datarik ipini, ezta adierazi ere catering enpresarekin segituko denik... Argigarriak hemen.
     
  • Iruñeko Udala eta euskara. Administrazioan Euskaraz Taldeak “penagarritzat” jo du Iruñeko Udalaren lan deialdietan euskara txertatzeko egindako bidea. 2024tik hona, 69 lan deialdi egin dituela zenbatu du AET-k, eta kritikatu du ez direla oposizio-lehiaketak egin, baizik eta merezimenduzkoa izan dela, eta euskarak puntuazio apala duela sistema horretan. “Harrituta eta kezkatuta” agertu dira agintean dauden alderdi abertzaleekin. 
     
  • Indar Gorri. Azken bi denboraldietan, astero kideetako bat atxilotu dute; 228.000 euroko isuna pilatu dute guztira. Larunbat honetan mobilizazio bat egingo dute, Sadarretik hasi eta Iruñeko espetxeraino, presoen egoera oro har eta batez ere preso politikoena salatzeko.

AGENDA KULTURALA

Udaberria ondo loratuta, kultur arloan badira makina plan egiteko. Adibidez, asteburuan Literaturia izango da Zarautzen.

  • Musika. Aukera eder mordoa. Hasteko bihar, ostegunez, Arrasateko gaztetxean oholtzaratuko da Mihise; Iruñeko Zentralen Nacho Vegas; eta Iruñeko O-ko Andre Maria Plazan, berriz, Izaki Gardenak. Etzi, ostiralean, Baionako Epaiskan Zikin + Berandu Baino Lehen taldeek kontzertua eskainiko dute; Zaldibian, berriz, Gar + Mugan; eta Errenterian, jaietan, Ezezez + Chuleria, Joder! + The Lio kartelean. Larunbatean, oholtza berera igoko da Kilimak taldea, eta Niessen aretoan, berriz, Perlata + Lukiek. Bestarako afixa zabala, baita ere, Hazparneko Ttattola gaztetxean, RTZ Kolektiboa kasurako. Baionan, berriz, larunbatean Physis versus nomos taldearen kontzertua izanen da; eta Hiriburun Jurgi Ekiza
     
  • Antzerkia. Gaur, Gasteizen, Trajea antzezlana oholtzaratuko dute. Etzi, Zumaian, Promesarik txikiena; Tolosan, Zanbuila; Plentzian, berriz, Destiny driver antzezlana; eta Zarauzko Literaturia-ren barnean, Imanol Epelderen Zerbait sartu zait begian. Haurrentzat, Donamartirin ostiralean, Pontx pailazoa eta Tor magoa izanen dira. Bukatzeko, larunbatean, Donostian, plan paregabea Bilintxi buruzko antzezlanarekin gozatzeko.
     
  • Bertsolaritza. Solasaldi interesgarri bat ostiralerako, Ortzaizeko Menta liburudendan, Uxue Alberdirekin eta Miren Artetxerekin: Emaztearen lekua bertsolaritzan. Bestela, Baionan, Onintza Enbeitarekin eta Oihana Aranarekin bertso saioa egingo dute Biltxokon. Larunbatean, besteren artean, Feministaldiaren barneko bertso saio elektroniko berezia egingo da Donostian. 
     
  • Literatura. Gaur, Ategorrietan langileriaren aurka izandako sarraskiaren 95. urteurrena medio, ARGIAk Ategorrietan fisterra aurkeztuko du, Pasaiako Trintxerpen, orduko manifestazioa hasi zen lekuaren aldamenean. Bestalde, gaur Maulen, Miranderi buruzko lana aurkeztuko du jendaurrean Mikel Sotok. Eta arrasti honetan baita ere, Larzabaleko Herriko Etxean, euskaraz irakurtzeari buruzko tailerra egingo dute haur literaturari zuzenduta. Bihar, ostegunez, Ziburuko Azokaren atariko Azokaroa-ren karietara, Deiadarra komikia aurkeztuko du Aritz Ibarrak; eta Iruñean izango da, berriz, Xabi Lasa, Odol arrastoak elur gainean liburua aurkezten. Eta ostiralean, Larzabaleko Ezpeletenean, Jone Bordatok Erroen izerdia aurkeztuko du. Ostiralean hasiko da Literaturia Zarautzen, eta asteburu osoan luzatuko da. Eta larunbatean, plan itxurosoa Sopelako Larrabasterra auzoetxean fanzine zaleentzat: topaketak egingo dituzte. Azkenik, heldu den asteartean, Dom Campistron ilustratzaileak Bekatorosak komikia aurkeztuko du Hiribarneko Mediatekan, Baionan. 

Honaino gaurkoa.

Asteazken ederra izan. 

Besarkada bat.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN