2026ko maiatzaren 29a.

Egun on.

Ostra, eguraldia bero dago, baina nola dabiltza politikariak? Termometro gisa balio dit niri nire aitak; nagia ematen diola esan badit, ziur nago gizartearen ehuneko oso zabal bati bost axola zaiola asunto guztia. Fase horretan sartu gara.

Beno, situazioan jarriko zaitut.

Goazen mamira.

Jeltzaleak garondoan xuxurlaka

Bost eguneko epean bigarrenez, EAJk hauteskunde aurrerapena eskatu dio Espainiako Gobernuari. “Hori da interes orokorrak dioena”, esan zuen atzo Aitor Esteban jeltzaleen buruak, Pedro Sánchez presidenteak bezperan esan ondotik ez zituela hauteskundeak deituko, ez liekeelako Espainiako Estatuko herritarren interesari erantzungo, baizik eta PSOEren enegarren ustelkeria kasuekin kanpaina egiten ari diren alderdiei. PPri buruz ari zen Sánchez, baina EAJ interesatuki batu da itsasontzira. 

Orain arte ez diot kasu handirik egin eztabaida politiko-mediatiko honi, baina autoan harrapatu ninduen atzo Maria Eugenia Arrizabalaga jeltzale zumaiarrari egindako elkarrizketak, eta hamar urte atzera egitea bezala izan da. Ez dakit aspalditxoan jeltzalerik entzun dudan hain argi esaten PPren gobernu bat babestu dezaketela. Ea, hitzez hitz ez zuen hori esan, baina birritan galdetu zion kazetariak ea PPren hautagaitza babes zezakeen EAJk, eta bi aldiz gauza bera erantzun zuen Arrizabalagak: “Guri Espainiako politikagintza ez zaigu askorik axola; Euskadiren interesak defendatuko dituenaren alde egingo dugu”. 

Mezu inplizitua ez, esplizitua da PPrentzat. Utzi itzazue Ayuso entzun, Euskadi euskaldun eta lelokeriak. Eta PPren baroiak has daitezela zerbait serioski planteatzen, jeltzaleak benetan limurtzeko. Hori erraza da: ekarri eskumen gehiago EAEra. Jeltzaleak kontent horrekin. Eta Madrilgo boto-emaile eskuindar xumeari bost axola zaizkio kontu horiek. Baina erne izan prentsa, prentsa zentralista eta espainolista. Eman trantsizio aldi bat kazetariek ohiturak alda ditzaten, ze azken zortzi urteotan El Mundo-n lanean hasi den kazetariak ez baitaki autonomia erkidegoei ematen zaizkien eskumenak kritikatzen besterik. Ez da askotan aipatzen, baina estatuko hedabide super-alderdikoietan lan egiten duten kazetarien bizimodua ez da erraza izan behar; gauzak asko aldatzen zaizkie nagusia gobernuan edo oposizioan egonda. Kontxo, uste dut kalte-ordainak ere eskatu beharko lituzketela, lanpostuko zereginak asko aldatu zaizkie-eta. 

Lehengokora itzulita: Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketa Arrizabalaga jeltzaleari. Nik hona ekarri dudan aipua ez dute titular gisa eskaini. Fokua jarri dute EAJren eta PSEren harremanaren onbideratzean, antza, dena lasai samar dago-eta dagoeneko. Nik egingo dut jauzi: Madrilen asuntoa nahas-mahasean dagoenez, ez al du Jaurlaritzak egonkor itxura eman nahi, EH Bilduri fokuak itzaltzeko?

· · · · · · ·

Horrelaxe kontuak.

Justu, atzo, EITBren Focus inkesta berria argitaratu zen, urtebete barru izango direlako udal eta foru hauteskundeak Hego Euskal Herrian. Ez dago titular handirik: denak berdin jarraituko luke lau gobernuetan. Alderdi guztien erreakzioak entzun ditut, eta denak atera dira “garaile”. Betiko sintonian, beraz. EH Bilduk eta EAJk zertxobait gora egingo lukete leku guztietan, eta PSE-EE/PSNk eta Podemos, Sumar eta enparauek behera. 

Jaso nahi duzuna. Ordaindu nahi duzuna.

BULTZATU ARGIAREN KAZETARITZA

Ez zinen ohartuko... Buletin honen titularrak badauka hitz-joko merke bat garondoan hitzarekin. Begira, atzo Gorka Bereziartuak nobela berria aurkeztu zuen Donostian, Garondoan. Alberdaniarekin kaleratu du.

Presentazio ederra egin zuten Bereziartuak eta Aritz Galarraga editoreak, eta solasaldi ederra sortu zen publikoarekin gero, benetan interesgarria, aurreko hamarkada hasieraz-eta. Hasita nago irakurtzen; sekulako itxura du. Uda parterako irakurgai ederra. Hemen duzu atzokoaren artikulua

·····>   Ez galdu hauek

  • 300.000 euskal hiztun berri. Horixe ipini du erronka Euskalgintzaren Kontseiluak 2036rako. Hau da, urtero 30.000 hiztun irabaztea. Erabileran ere %20 langa gainditzea da xedea (gaur egun, %15 bueltakoa da). Ekainaren 13an egingo du mobilizazioa Iruñean.
     
  • Oreretako bertso eskola. Irakasle baten eraso matxistak salatu dituzte, eta elkarretaratzea deitu dute larunbaterako. 2018az geroztik bada eraso horien berri, eta barne mailako hainbat neurri ipini izan dira martxan; baina aurten, errepikatu egin dira erasoak. 
     
  • Meliton Manzanas. Diktadura frankistako torturatzaile ezagunak 50 domina eta ohore titulu baino gehiago ditu. Gaur, bizileku zuen Irunen, mozio bat bozkatuko dute udal bilkuran, Egiari Zor fundazioak proposatuta, “meritu” horiek guztiak baliogabetzeko. ETAk hil zuen Manzanas torturatzailea 1968an.
     
  • Berangoko 16ak. Duela lau urte, ongietorria egin zitzaion ETAko preso politiko bati Berangon, eta horren harira, hamasei lagun epaituko dituzte ekainaren 8ko astean. Atarikoan, zapatu honetarako mobilizazioa deitu dute.  

ASTEKO KOORDENADAK >>

Astea komunikabideetan nondik nora joan den ikusteko, bi irakurgai eta beste bi entzungai proposatzen dizkizut.

  • I > Itxiera. Baztango Ziga eskolaren azken egun eta asteak dira hauexek; itxi egingo dute, ikasle falta medio. Euskadi Irratian hango lagunekin hitz egin dute, eta aste honetako entzungai ederretako bat izan da. 
     
  • H > Hezkuntza. Baxoa, selektibitatea... Unibertsitatera pasatzeko proba. Datorren astean izango dira Hego Euskal Herrian, eta urduritasunak nabarituko dituzue etxeetan, gertu egokitzen bazaizue. Horretaz gogoetatu du, besteak beste, Iñigo Martinez filosofo eta irakasleak erreportaje zabal honetan: “Nire sentsazioa da ikasleak gero eta kezkatuago daudela espediente akademikoarekin; indibidualki onenak izatea eskatzen zaie eta kolektiboki mezu katastrofistak baino ez dituzte entzuten”.
     
  • E > Ernai. Izango dira Ernairen militantzian parte hartzen duten ikasle asko datorren astean unibertsitatera sartzeko proba egingo dutenak. Tira, duela gutxi kongresua egin du Ernaik, eta aste honetan argitaratu dugu Amaiur Egurrola bozeramaileari eginiko elkarrizketa. Zertan dabiltzan eta zer duten jomugan jakitea beti dator ongi. 
     
  • M > Mapa. Mapak, mapak eta mapak. Boterea duenak ezartzen ditu mugak. Horregatik, dokumentu ofizialetan, Nerbioi ibaia Burgosen hasten da. Eta berez ez, Arabako lurrak baitira horiek. Baina boterea botere, eta mapak mapa, borroka itsuan ari da Andoni Zabala; egoskorturik ari da erakundeak konbentzitu nahian. Aiaraldean duzu hogei minutuko elkarrizketa entzungai. 

Honaino gaurkoa eta aste honetakoa.

Astelehenean, ekainarekin batera itzuliko naiz. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN