Atzo bete ziren 95 urte Donostian, Ategorrietan, zazpi langile hil zituztenetik. Atzoko egunez, 1931n, Pasaiatik irten ziren arrantzale borrokalari eta haien senide eta lagunak San Pedro auzotik, Trintxerpen jende gehiago batu zen, eta halaxe abiatu ziren hiribururantz, tipi-tapa, lan baldintzak hobetzea eskatzeko oihu eta aldarriekin. Donostiako Loiolako kuartelean soldaduska egiten ari zirenek geldiarazi zituzten lehenik, baina pasatzen utzi zieten; gero, berehalaxe, Ategorrietan, tiroka erantzungo zien Guardia Zibilak. Gutxienez zazpi pertsona hil eta makina bat zauritu zituzten.
Bigarren Errepublika ezarri berria zen Espainian, eta urte gutxira helduko zen estatu-kolpea, 1936ko Gerra, eta 40 urteko diktadura latza. Hein batean horregatik, gizarte mailan, oroimen askorik egin ez zaion gertakarietako bat da Ategorrietakoa; deserosoa ere bada, baita ere, errepublika garaian gertatu zelako. Eta arrazoi ugariren koktelagatik, gertakari nahiko ezezaguna da jendearentzat.
Azken urteotan, ordea, Pasaian eta Donostian egiten ari dira hainbat lanketa. Joan den urtean ezarri zuen Pasaiako Udalak oroigarri plaka bat, eta aurten, omenalditxoaz eta lore eskaintzaz aparte, Nora Gondat artistak mural itsasgarri bat paratu du oroigarria dagoen horman. Ekitaldi berezi horretan egon ginen atzo, baita arratsaldeko jardueretan ere, Ategorrietan Fisterra komikia argitaratu dugulako ARGIAn eta gonbidapen berezia jaso dugulako egitarauan parte hartzeko, komikia aurkezteko.
Jende dezente elkartu zen bart Trintxerpeko aretoan. Urko Apaolaza goiz eta arratsalde egon zen Pasaian, eta egunaren kontakizuna berehalaxe izango duzu irakurgai ARGIAren webgunean, azken ukituak ematen ari baitzaio buletina idazten ari naizen unean.