2026ko ekainaren 1a.

Egun on.

Zein unetan iritsi da ekaina? Hegan joan zait maiatza. Zuri ere bai?

Goazen astelehenarekin.

Herri Urratsen eginiko agerraldia (Patxi Beltzaiz)

Seaskako ikasle tematuak

Desobedientzia ekintzak ez dira inoiz samurrak izaten, estatuari edo estatu indarrei planto egiten dienak aukera asko izaten baititu galtzen irteteko, zigorra jasotzeko, oro har kalteturik paratzeko. Estimua diet kausa sozialen aldeko diren etika eta ideologia legearen gainetik jartzen dutenei. Eta estimua diet, kasu honetan, Seaskako ikasle desobedienteei. Ausardia behar da gero Parisko zentralismo jakobinoaren aurka indarrak batzeko eta kolektiboki aurre egiteko. Zer esanik ez baxoaren gisako halako une garrantzitsuetan.

Hego Euskal Herrian datorren astean egingo dituzte unibertsitatera pasatzeko etsaminak, eta Iñigo Martinez irakasle eta filosofoaren hitz hauek dauzkat buruan bueltaka: “Nire sentsazioa da ikasleak gero eta kezkatuago daudela espediente akademikoarekin”. Ari da kritikatzen gizarte gisa “indibidualki onenak” izatea eskatzen zaiela egungo gazteei, aldi berean kolektiboki “mezu katastrofistak” baino ez dituztenean entzuten. Tira, kritika ez zihoan ikasleei, baina horra joko dut: lehia betean bizi dira, ahalik eta espediente akademikorik onena lortu nahian, begiz jota duten unibertsitateko gradu horretan sartuko ote diren edo ez benetan larri kezkatuta; eta han doaz Ipar Euskal Herriko ikasle abertzaleak, Parisi hordagoa botata, matematikako azterketa euskaraz erantzungo dutela hitzemanez. Parisek apustuari eutsiko badio, zer? Makina bat problema sortuko litzaizkieke ikasle horiei.

Parisek, orain, iradoki du matematikako proban euskaraz erantzuten duten ikasleen azterketak ere besteak bezalaxe zuzenduak izango direla. Baina ez da ezer ziurra. Pasa den aste hasierako notizia da Parisek hitzeman duela 2028ko azterketak “elebitan” egiteko aukera izango dela, gutxi gorabehera gehienez ere azterketen erdia euskaraz eta beste erdia frantsesez erantzunda. Horrekin ez dira erabat kontent Seaskakoak: batetik, euskaraz erdia egitearekin soilik ez direlako konforme; eta bestetik, 2028a oraindik urrun dagoelako (batez ere, datorren urtean hauteskunde legegile eta presidentzialak egingo direlako Frantzian). 

Kontua da, pasa den asteko iragarpen hori eta gero, Seaskak hainbat bilkura egin dituela Hezkuntza Ministerioarekin. Ez dute ezer hitzartuta jaso, baina Seaskak esan du Parisek begi onez-edo hartuko dituela euskaraz erantzungo diren datorren ekainaren 12ko matematikako azterketak. Ikusiko da. Baina bistan da mugitzeak, kolektiboki antolatzeak eta injustizien aurrean desobediente jokatzeak ematen dituela bere fruituak.

· · · · · · ·

Bueno, eta baxoarekin eta selektibitatearekin bezalaxe, garai inportantea izaten da hau irailera begira jartzeko. Kurtsoz aldatzearen kezkak eta mamuak ditu hizketagai Mikel Garcia lankideak aste honetan Etxerako Lanak podcastean. Hain justu, LHtik DBHra igarotzeko trantsizio aldiaz mintzo da. Irunen badute Zubiak eraikiz izeneko plan bat, eta horixe izan du helduleku. 

·····>   Ez galdu hauek

  • Kukai. Dantza taldeko zuzendari Jon Maiak sexu erasoak egin dituela atera da argitara. Errenteriako mugimendu feminista konfidentzialtasun zorrotzez ari zen lantzen gaia, barne prozesu batean, erasoak jasan dituzten emakumeekin eta Jon Maiarekin berarekin. Maiak ez ditu gertakariak ukatu, “zuhurtzia eta errespetua” eskatu ditu, eta prozesu horretan parte hartu duela esan du. 

    Errenteriako PP eta PSE izan dira gaia argitaratu dutenak, EH Bilduren udal gobernuari kargu hartzeko, “ezkutuan” mantendu duelakoan. Herri horretan gertaturiko beste sexu eraso kasu bat baliatu dute Kukai dantza taldekoa argitara eramateko. Aproposa iruditu zait Berria-ko Oihana Elduaien kazetariak artikulu honetan egindako gogoeta, biktimen konfidentzialtasunerako nahiaren inguruan.

  • Zupiria eta MS. Ostiral goizeko plenoan, EH Bilduk Loiuko gertakariengatik galdetu zion Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, eta argudiorik ez duenak pilota kanpora bota eta zarata sortzea beste aukerarik ez duenez, halaxe egin zuen Bingen Zupiriak, konkretuki Mugimendu Sozialista aipatuta: “Gazte sektore batzuk giroa prestatzen ari dira uda honetan Euskadin liskarrak eta istiluak sustatzeko”. Mugimendu Sozialistak egindako bideoklip bateko letra irakurri zuen Zupiriak plenoan; kantu horretan, eragile horrek salatzen du ezker abertzaleko sektore batek ez diela uzten hainbat txosna batzordetan parte hartzen. 
     
  • Kirruli. Ostegunetik ostiralerako gauean, Bilboko Kirruli herriko tabernari eraso egin zieten. Ertzainek Iñigo Cabacas hil zuten plazan, haren oroigarria eta loreak hondatu zituzten, pintaketa egin eta tabernaren kristala hautsi zuten. 
     
  • Gaztetxeen topaketak. Elorrion egin dituzte jardunaldiak. Euskal Herriko ehun asanblada inguru batu dira. Gaztetxeen aurkako “ofentsiba” salatu zuten larunbateko manifestazioan: azken bost urteetan hamabost gaztetxe desalojatu dira, 50.000 eurotik gorako zigorrak pilatu eta 30 epaiketa egin.
     
  • Literaturia. Asteburuan, Zarautzen, jendetza batu da Literaturia letren jaialdian, euskara hutsezko azokan. Beteta egon dira antolatutako aurkezpen, tailer eta ikuskizunetako asko. Susa argitaletxearen Armiarma.eus atariari omenaldia egin diote, oroigarria jaso du, 25 urteotan egindako lan mardulagatik. Guka komunikabidearen bideo labur honetan ikus daiteke laburpentxoa.

HORRA HOR

Mundialetan mundialena. Hamar egun barru hasiko da lau urtean behin egiten den munduko futbol txapelketa askorentzat preziatua. AEBetan, Mexikon eta Kanadan jokatuko da, uztailaren 19ra bitartean. Ez dakit noiz jarri zen modan halako asunto batek hainbat herrialde barnebiltzea; ez dakit zein hobekuntza dakartzan. Irakurri dudana kaltea besterik ez da: inoizko mundialik kutsakorrena izango da. Estimazioen arabera, bederatzi milioi tona CO2 isuriko dira. Eta izango da aurreko edizioetan baino bi aldiz gehiago, hori ziur, eta segur aski gehiago: beharbada lau aldiz CO2 gehiago ere isuriko da.

Gehien-gehiena desplazamenduetan kutsatuko da. Joko Olinpikoetan ez bezala, adibidez, dena hiri batean egiten baita (horrek beste arazo batzuk sortzen ditu, jakina). Kasu honetan, hiru herrialde izanda, hamasei egoitza izango dituzte, punta batetik bestera 5.600 kilometro daude (Miami eta Vancouver), eta lau ordu-eremu diferente. 48 futbol-talde eta 104 partidu jokatzeke. A ze mugimendua zeruan. 

Honaino gaurkoa.

Astelehen ederra izan. 

Besarkada bat.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN