Dut taldeak bazioen ez dela “hitz berririk”, “gauza hori ez dela hori”... Ikusi kanpotik, aztertu barrundik. Itxura faltsuak!
Titular batek piztu dit arreta: 2008tik ez da hain datu onik izan langabeziari dagokionean Hego Euskal Herrian. Eta afiliazioari dagokionez ere, datu onak erregistratu dira maiatzean. 10.400 afiliatu irabazita, Hego Euskal Herrian 1.365.000 herritar ari dira soldatapeko beharrean, edo gutxienez kotizazioan Gizarte Segurantzan. Eboluzio positiboarekin kontentu agertu dira erakundeak. Ez da gutxiagorako, egia esan.
Baina datu gordin horiek ez dute inoiz lanpostuaren nolakotasunari buruzko detailerik ematen. Beti egiten zait deigarria. Ondo dago langabezia jaistea, jendea lanean hastea, baina kasu egin diezaiogun benetako asuntoari. Gero eta gutxiago dira bizitzaren garestitzeari eusteko moduko lanpostuak, edo ez behintzat gero eta gehiago. Hori baieztatzen dute aste honetan, afiliazio datuak-eta argitaratu baino egun gutxi lehenago, El Diario Vasco-k eman dizkigun bestelako datu hauek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak. Enplegu bat baino gehiago ditu jendeak. Duela lau urte baino %50 gehiago dira bi soldata dituztenak; lehen 22.700 herritar ziren, eta orain guztira ia 35.000 dira. Errekorra dela diosku El Diario Vasco-k. Eta ez soilik Euskal Herrian; Espainiako Estatu osoan gertatzen da.
Datuetara gehiago jaitsita, esanguratsua iruditu zait hau: soldatapeko lan bat baino gehiago dituen erdiak nahiago luke lanpostu oso bat eduki, baina ez du beste aukerarik, enpresak egiten dion eskaintza lanaldi partzialekoa delako. Ez zaie nahikoa. Hortaz, soldata oso bat poltsikoratzeko, beste lan bat topatu beharrean daude. Nahitaez behar baitute lanaldi osoa osatu, edo ia gehiengora iritsi, etxeko ekonomiari eusteko.