Txat bidez bidaltzen diren argazkiak bezala, soilik behin ikusteko proposamen auto-suntsigarri bat bidali dute Bilbok eta Donostiak 2030eko Munduko Futbol Koparen kari. Ikusten duzu proposamena, irakurtzen duzu, FIFAk ere gauza bera egingo du, eta ez da inora joango. Laster mezua hartuko du FIFAk, eta hatzarekin ezkerrera eginda bezala, erantzungo du ikono batekin: hatz lodia beherantz (sorpresarik ez bada). Aio hautagaitzari.
Proposatu dutena da Bilbo eta Donostia egoitza bakar bat izatea, bi estadioetan lau partida jasoko lituzkeena. “Kontraeskaintza” bat da, baina zero errealista, a priori. FIFAren baldintzetan inola ere sartzen ez dena. Baina “proposamena” da, eta horixe saldu digute. Aurpegia zuritzeko adinakoa, trankil esateko modukoa “guk gure proposamena egin dugu eta FIFAk ez digu onartu”. Edota: “Guk ez dugu atzera egin; atzera bota digute”. Horregatik diot win-win jarrera hartu dutela EAJk eta PSEk.
Urtetan herri mugimenduek protesta egin dute txapelketa Euskal Herrian jokatzearen kontra, turistifikazioaren aurka, tartean nahi zirelako bi egoitza ipini 100 kilometro pasatxoko distantzian. Bi hirien arteko lehia ere sustatzen aritu dira zegozkien erakundeetatik, nor konbentzituago egongo txapelketa bere hirian jokatzeko. Enpin. Jon Insausti Donostiako alkatea izan zen itsasontzitik jaisten lehena, zalantzak azaldu zituena; jokaldiari jarraitu zion Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak gero; eta errematea Imanol Pradales lehendakariak ipini zion. Pradalesek esan zuen FIFAren “baldintza berriek” sortu zituela zalantzak.
2024ean ja, FIFAri dokumentu bat igorri zioten EAEko erakunde publikoek. Zalantzak agertu zituzten NATO futbolistikoaren exijentziekin: kostu ekonomiko handiak, estadioetan eta lurraldeetan inbertsio berriak egiteko beharra, araudiak aldatzeko beharra, Euskadiko hizkuntza koofizialik ez egotea antolaketa-eremu jakin batzuetan, eta egoitza-hiriak Munduko Txapelketarentzat esklusiboak izatea, hain zuzen ere FIFAk gaitasuna izatea “lehia” egin diezaieketen jarduerak bertan behera uzteko. Horrek ez dio graziarik egiten inori, eta are gutxiago BBK Live kuttuna tartean egonda.
Orain, EAEko erakundeek “marra gorri” horiek aitortuta, eta mugituko ez direla esanda, “proposamen” berri antzu bat egin diote FIFAri. Inteligentea izan da EAJ, galtzak jaitsiko baitzituen FIFAren aurrean, eta egur elektoral handia jasoko zuen 2030era bitartean; eta era berean, “kontraeskaintza” narras honekin, gutxienez lortu duelako PSE isiltzea, PSE izan baita beti futbol ekitaldi handiaren alde agertu dena.
Win-win bat. Isla faltsuak sor ditzaken proposamen auto-suntsigarria.
Baina win, baita ere, herri mugimenduarentzat. Batez ere, Mundialari behin betiko atea ixten bazaio.