2026ko ekainaren 4a.

Egun on.

Nahaspila (ordenatu) ederra izan genuen atzo lantokian. Zuhaitzak eta arbolak liburuko egileak etorri zitzaizkigun. Lehenbiziko aldiz hartu zuten eskuetan ia hiru kilo pisatzen dituen liburua; txundituta gelditu ziren. “Hau luxuzko produktu bat da, inon ikusten ez dena”, izan ziren Jakoba Errekondoren lehen hitzak. Bideoz jaso zuen momentua Manex Morenok. 

Erredakziora etorri zitzaizkigun ehunka eta ehunka pakete zeudelako prestatzeko, eta beraiek sinatzeko, jende pilak erosi duelako liburua aurre-salmenta epean. Lanegun nekeza izan zen atzokoa administrazioko lankideentzat, baina pozez egindako beharra.

Liburuaren lehen liburu aurkezpena Ziburun izango da, zapatu honetan. Festa berezia, berriz, ekainaren 13an Gasteizen. 

Tira, goazen osteguneko buletinarekin.

Sarekada

Giro horretan ginen atzo erredakzioan, zu ere zeure zereginetan ariko zinen, Iruñetik notiziak heltzen hasi zitzaizkigunean. Derrepentean atxiloketak. Hasieran dozena bat zirela, gero hogei, eta gero 28. Denak ere gazteak, eta asko ikasleak. Institutu batean ere espektakulua muntatu zuen atzo Espainiako Poliziak, ikasle baten bila sartuta, auskalo nor izango bazen bezalaxe. 

Kontua da, iragan urrian, Vito Quiles eskuin muturreko ekintzaile espainolista Iruñera etortzekoa zela, lehenbiziko aldiz Euskal Herrira, Espainian egin ohi duen gisan giroa astindu eta bazterrak nahasi asmoz, eta ideia faxistak zabaldu asmoz, idolo zuen Charlie Kirk zenaren estiloan. Unibertsitate Campusean eman behar zuen hitzaldia. Baina azkenean ez zen etorri. Kilometro gutxi batzuetara gelditu zen, igo zuen bideo bat bere sareetara, bere zortzi matoiak aldamenean, harrokeria handiz baina ziur barnetik kikilduta. Zeren, ez zen nolanahikoa izan antifaxistek erakutsi zuten antolatzeko gaitasuna. Faxismoaren aurka mobilizatu ziren, ez siglen izenpean, eta han zeuden guztiak elkartuta. Asko ziren.

Arratsalde-gau hartan istilu handiak izan ziren Foruzaingoarekin eta Espainiako Poliziarekin. Egunean bertan bi pertsona atxilotu zituzten, nahiz berehala aske utzi. Baina “ikerketak”, hala deitzen baitio Espainiako Poliziak, aurrera segitzen du, eta auskalo noiz arte luzatuko den. Eta auskalo zer nezesidaderekin. Azaroan beste operazio bat egin zuten, lau pertsona atxilotzeko; eta otsailean beste bi identifikaturen bila joan ziren. Atzo, 28 gazte atxilotu zituzten. Denekin gauza bera ari dira egiten: aliritzira bezala hautaturiko egun batean haien bila joan, indarrez eraman, kalabozoan sartu eta epailearen aurretik pasa, gero aske uzteko. Eta ari gara urrian gertaturiko kontu batzuei buruz hizketan; hori ez bada beldurra eragitea, esango didazue zer den. Egin dezaketela adieraztea, egingo dutela iradokitzea, mehatxatzea, eta gutxien esperotakoan egitea. Urtetan egin izan dutena egiten jarraitzea, alegia. Beste belaunaldi bati oraingoan. Baina gauzak zerbait aldatu direla iruditzen zait: ez dut agintaririk edo politikaririk entzun sarekada polizial hau kritikatzen.

Atzo 28ren bila joan ziren. Horietako hamabik espetxean pasatu dute gaua, ez dutelako astirik izan epailearen aurrean deklaratzeko. Horixe irakurri dut Gedarren. Eta ikusi ditut protesten irudiak. Izan ere, atzo goizean, atxiloketen berria hedatu ondotik, jendea mobilizatu zen Iruñean. Lehenik komisaldegiaren kanpoaldean, eta gero Alde Zaharrean. Ehunka lagunek hartu zuten parte arratseko manifestazioan, atxilotuak askatzea eskatzeko.

Jaso nahi duzuna. Ordaindu nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Bernedoko udalekuak. Egin egingo dira, nahiz eta Arabako Foru Aldundiak isuna ipini Sarrea elkarteari, udalekuen atzean zegoen izen administratiboetako bati. Isunak ez du zerikusirik leporatu zitzaizkien eraso kasuekin, dutxa mistoen kontuekin-eta; baizik eta zehaztu dute Diputazioari “jakinarazi gabe” egin dituztela udalekuak, erregistroak ondo egin gabe. Orain, ordea, lege eskakizun guztiak bete dituzte Euskal Udalekuek, eta udalekuak egingo dira.
     
  • CAFi eraso. Biltegi batean zeuden hainbat tranbiari pintura gorria bota eta kristalak eta karrozeria kaltetu dizkiete aurpegia estalita zeramaten hainbat ekintzailek. “CAF konplize” eta “Israel suntsitu” pintaketak ere egin dizkiete. Ekainaren 13an egingo du manifestazioa BDZ taldeak, Beasainen, CAFen akziodunen batzarra dela-eta. 
     
  • Lan istripua. Bost foruzain hil ziren atzo goizean Elgoibarren, trafiko istripu lazgarri batean, ikastaro batera zihoazela. Zisterna kamioi bat jo zuen Nafarroako Poliziaren furgonetak, eta bost bidaiariak hil ziren bertan. 
     
  • ‘Leturiaren egunkari ezkutua’. Gaur, Bilbon, Klasikoen Irakurraldi Jarraitua egingo dute Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta. 400 irakurlek baino gehiagok hartuko dute parte Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua nobelaren irakurketan

Zerbait esan nahi didazu? Erantzun mezuari edo idatzi buletinak@argia.eus helbidera, eta gustura irakurriko zaitut.

Bide batez. Gaur aurkeztuko dugu jendaurrean Oker habil Makiavelo liburua, Lasarte-Oriako gure erredakzioan. Nagore Irazustabarrenak 20 urte daramatza ARGIAn Denboraren Makina atala idazten, bere idazkera ironiko eta kritikoan, eta 57 istorio bitxiren hautaketa egin dugu, iraganetik ikasteko eta etorkizuna idatzi gabe dagoela ikusteko.

ITZALETIK ARGIRA

Historia eta istorio zaleentzat, goiko anuntzioko liburua bezalaxe, ARGIAren Fototeka ere pagotxa da horretarako. 

ARGAZKIA: ARGIAren artxiboa.
1978an egina, Donostian.

Martuteneko espetxea. Partxis saio bat ziega eta ziega arteko patioan, denboraren joanean, eguzkipean eta mantel baten gainean. Martuteneko espetxean egindako fotografia bat da goikoa, Amnistia Legea onartu eta urtebetera. Ez zuen arnas askorik eman amnistia hark, laster beteko baitziren berriz espetxeak. 

Datorren ekainaren 15ean itxiko dute Martuteneko espetxea. Kilometro gutxira, Zubietako instalazio berrietara eramango dituzte presoak. Urko Apaolaza lankideak egin digu espetxearen errepaso laburra, argazkiaren komentarioa. Hemen.

Honaino gaurkoa.

Ostegun ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN