2026ko ekainaren 5a.

Egun on.

A ze sustoa atzo goizean: bi buletin bidali nizkizun. Bata ona, titularra zeramana; eta bestea txantiloia, sarri erabiltzen dudan plantilla. Nahasi nintzen, bi fitxategi zabaldu eta aktibatu bainituen. Tira, egunero aritzearen ajeak. Sentitzen dut.

Beno, eta atzo eguerdian, goxo-goxo, Nagore Irazustabarrenaren liburua aurkeztu genuen gure platoan: Oker habil Makiavelo. Aurkezpen etxetiarra izan zen, umoretsua, ironikoa… Liburua bezain ilustrea. Halakoxe kronika idatzi du Jon Tornerrek, eta bideoz jaso Eneritz Arzallusek.

Bi kontutxo horiek esanda, goazen astea borobiltzera.

***
Lehenbizikoz heldu zara hona? Goizeroko buletin bat da hau, eguna informaturik hasteko balio ahal dizuna. Eman izena debalde, eta jaso egunero zure postontzian.

Aberatsen kromo-trukea

Hasiera batean irria eragin dit, baina garai aldrebes, likido eta hutsal honen adierazle ere badela iruditu zait. 

Krisia lehertu da merkatuan: Ekialdeko Hurbileko erasoaldi inperialisten ondorioz diesel litroa garestitu den bezalaxe, prezioak biderkatu zaizkio datorren ostegunean hasiko den Munduko Futbol Txapelketaren kromo-albumari. Zazpi kromoko zorro bakoitzak euro eta erdi balio ditu “ofizialki”, baina salmenta leku gehienak hasi omen dira bost zentimo igotzen, gero hamar, hogei... “Kromoen sukarra” dagoela esaten ari dira Espainiako eta Portugalgo komunikabideetan. “Zoramena”. Bikoiztu egin dira prezioak, batez ere Ebrotik behera. Ebrotik goialde honetan, ez naiz neu ibili kioskoz kiosko galdezka; erredakzioan galdera eginda, aurrekoan semeari euro eta erdian erosi ziola esan dit lankide batek, eta bi eurotik gora beste batek. 

Mafia gisakoak ere antolatu omen dira kutxa mordo bat erosi, merkatutik kendu, eta Wallapopen garestiago saltzeko. Madrilgo, Valentziako eta Sevillako notizietan ikusi dut hori. Joño. Batzuek serio hartu dute Dwight Schrutek The Office telesailean egiten zuena: Gabonak heldu baino bi hilabete lehenago, modan jarriko ziren panpina guztiak erosten zituen inguruko dendetan (2005a zen lagunok), stock-ik gabe geratzeko, Dwightek, gero, merkatu beltzean saltzeko.  

Egunero salerosketaren erritoa
 Boterearen mitoa, urrezko kate tinkoa
 Gasolina litroak, heriotzaren ministroak
 Galtzaileak betikoak 


 Hor duzu Mateo Zikutaren kopla bat. Azken boladan dezente entzun dut. 

Kromo-trukearena nahiko absurdoa da. Pobreen (baina ez hain pobreen) Monopoly-a da futboleko albuma kolekzionatzea. Aberatsena da hiriak osorik erostea. Frantzian bai behintzat. Edo egiteko gai dira, gutxienez. Adibidez, Hermès luxuzko moda-katearen jabea gai da Marseilla eta Estrasburgo hirietako higiezin guztiak erosteko. Bernard Arnaultek gauza bera egin dezake Lyonen eta Grenoblen. Eta Serge Dassault zenaren semeek Lille hiria eros dezakete. 

Halakoxe konparaketak egin ditu Desberdintasun Sozialen Frantziako Behategiak, txosten berria aurkezteko eta sona emateko. Esan du gero eta aberats gehiago daudela, eta asko dutenek, urte gutxian, gero eta gehiago dutela. Ideia bat egiteko: “aberats” etiketa ipintzen zaio Frantzian hilean 4.300 euroko garbi kobratzen dituenari (bikoteen kasuan, 6.500 euro). Halako 4,8 milioi pertsona daude Frantzian (populazioaren %14). Baina ez pentsa “aberats” horiek esan dizudan muga ozta-ozta gainditzen dutenik. Zeren, 4,8 milioi “aberats” baldin badaude Frantzian, horietatik gehiengoak, 3,5 milioi pertsonak, pilatuta dauka milioi eurotik gorako ondasuna. “Aberats justu bat” izatea ez da ohikoa.

Enpin. Haien kromoak trukatzen dituzte aberatsek. Agian frantses horietakoren bati begi artean sartuko zaio bere Monopoly-an Arabako palazioren bat erostea. Idealista web orrian sartzen zara, eta gutxienez bost jauregi historiko ikusten dituzu salgai. Ozaetan dagoen Isasi-Isasmendi palazioa adibidez, XV. mendean eraikia, igerilekuarekin eta sekulako lorategiarekin, 7,5 milioi euroan dago jarrita. Gisa bereko dezente iragarki gehiago daude.

Norbera bere kromotan.

Hedabide hau ez da inongo aberaskumeena. Langileona da.
Horregatik gara independenteak.

EGIN ARGIAKOA

Ziburu ate-joka

Tin-tin-tin. Konfirmazioa: larunbatean ez dago Ziburura joatea beste plan hoberik.

Egun ederra izango dugu biharkoa. Baltsan elkartearekin batera, zazpigarrenez antolatu dugu euskara hutsezko liburu eta disko azoka. Egun paregabea izaten da argitaletxeengana gerturatzeko, egileak ezagutzeko, lagun zaharrak ikusteko, haurrekin eguna pasatzeko, euskarazko sorkuntza bultzatzeko eta kulturaz gozatzeko. 

10:00etan zabalduko dugu azoka, 13:00ak arte. Bazkalostean 15:00etan irekiko dugu berriz, 19:00ak arte. Eta segidan, Oinherrirekin elkarlanean, Jurgi Ekizaren 20:00etako kontzertuak itxiko du eguna. 

ARGIAren nobedadeak azokan izango ditugu, udaberri honetako lau berritasunak: Turismoa. Desazkundera bidaia saiakera liburua, Ategorrietan Fisterra komikia, Oker habil Makiavelo artikulu-bilduma liburu ondua, eta etxe guztietako armairuetan egoteko moduko Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian. Egile guztiak Ziburun izango ditugu. Eta azken liburu hori, larunbat honetan, estreinakoz aurkeztuko dugu jendaurrean, 16:00etan. 

Egitarau zabala prest dago larunbaterako, disko eta liburu aurkezpenak tartekatuta.

Eta Ziburura etortzerik ez baduzu, lasai. Promozioa dugu-eta. Azokak irauten duen bitartean (10:00-20:00), ARGIAren Azokako online dendako produktu guztiak bidalketa gasturik gabe eskuratu ahalko dituzu.

·····>   Ez galdu hauek

  • Marjane Satrapi. Persepolis hil da, lan grafiko eta zinematografikoen idazle, gidoigile eta burua. Irandar emakumea, mugimendu sozialista eta komunistetan ibilia, gaztetan Europara emigratu eta Parisen bizi izan da aspalditxoan. Duela urtebete hil zen Mattias Ripa senar maitea, eta tristura horrekin hil da. 
     
  • Maria Garro. 1611n hil zuten hondarribiarra, sorginkeria leporatuta. Orain, herriko emakume elkarteak bultzatuta, Hondarribiko Udalak bere izena eman dio elizaren aldameneko plazari, ez baitzeukan deiturarik. 
     
  • Hazparneko Xuriatea. Ostatuak diru bilketa abiatu du, apartamendu sozialak eta espazio kolektiboak eraikitzeko xedez, besteak beste, kulturgune bat eta elkarteentzako espazio bat. Alimaleko kostua du proiektuak, eta laguntza galdegin dute. 

     

Eta asteburura begirako bi:

  • Amnistia Eguna. Aske antolakundeak antolatuta, larunbatean Durangon egingo dituzte topaketak. Egoera politikoaz egiten duten analisia jaso dugu artikulu honetan. Larunbatean, batez ere, “Poliziak gizarte kapitalistan duen funtzio soziala” izango dute aztergai.
     
  • Señora Sariketa. Plentziako Danontzat gaztetxean jokatuko da seigarren edizioko finala, larunbatean. Hauek izango dira kantuan: Ana Picallo, Oihana Iguaran, Maider Altuna, Lide Arregi, Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarraga. Gaiak ematen, Iratxe Legarra. 

ASTEKO KOORDENADAK >>

Asteko tendentzien bildumatxoa egiten dut ostiralero, iparrorratza hartuta. Bi entzungai eta bi irakurgai gaurkoan. Tartean, EHZkoei egindako elkarrizketa, argitaratu duten liburuari lotuta.

  • I > Ibilbidea. EHZ festibalak aurten 30 urte bete ditu, eta lerrootara ekarritako Uhinen Ildoan podcastaz aparte, liburua ere argitaratu dute, urteen joan honi begira ipintzeko, ibilbideaz mintzatzeko. Atzo aurkeztu zuten liburua Donapaleun, eta bihar izango dute bigarren presentazioa Ziburuko Azokan. Euskal Irratietan elkarrizketatu dituzte.
     
  • H > Hegalaldia. Izen hori duen elkarteko Stephan Maury leitu dut aste honetan Kazeta-n, putreek egindako erasoei buruz hizketan. Izan ere, azken egunetan hedatu egin dira erasoak, eta abeltzain ugarik kezka azaldu dute. Erasoak saihesteko aholkuak eman ditu: besteak beste, abereak zuhaitz artera eramatea, putreek ez ditzaten ikusi. 
     
  • E > Etika. Futbolaren etikaz mintzatu da Futbola 00 ekimeneko zuzendari Gorka Etxeberria. Euskadi Irratian egin diote entrebista, Parisko PSG taldeak Txapeldunen Liga irabazi eta gau horretan izandako istilu izugarrien harira. Gogoeta interesgarriak egin ditu Etxeberriak; arazoa ez dela futbola dio, baizik eta gizarteak barnean daraman deabrua. 
     
  • M > Mandamentua. Piter Ansorenaren zalea naiz, eta arrazoi osoa ematen diot artikulu honetan: Korrikan parte hartu nahi duen orok dokumentu bat sinatu beharko luke, non konpromisoa hartuko lukeen hor ari den bitartean euskaraz soilik jarduteko. Aber, esque nahikoa da. Exijentzia maila jarri behar diogu asuntoari.

Honaino gaurkoa.

Asteburu ona izan. Astelehen arte.

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN