Egun on.
Zeinen gustura ibili ginen larunbatean Ziburuko Liburu eta Disko Azokan. Topaleku ederra da aspaldian ikusi gabeko jendea agurtzeko, lagunak zertan dabiltzan-eta eguneratzeko, kulturgileak ezagutzeko, salerosketatik harago joanda gozatzeko...
Antolatzaile gisa, ARGIAkook Baltsan elkarteko lagun jatorrekin batera prestatzen baitugu eguna, benetan pozgarria da konfirmatzea gero eta jende gehiago etortzen dela azokara, eta argitaletxeetako jendearen aldetik ere entzuten dugula plaza dotorea dela, hitzordu ederra zaiela, eta salmentak ondo joaten zaizkiela. Pista bezala, argitaletxe bateko kide batek esan zidan beste azoketan baino (Durangokoa salbu) nabarmen gehiago saltzen dutela Ziburun, nabarmen-nabarmen. Eta jo, pozgarria da. Pozgarria da euskara hutsezko eta Lapurdiko liburu eta disko azoka batek hain ongi funtzionatzea. Ni, benetan, hunkitu egiten nau sortzen den giroak. Giro ederra sortzen baita, baita ere, bazkaritan: beste inon ez bezala (uste dut), Baltsanen elkartean eman zitzaien bazkaltzen ehundik gora kulturgileri, azokan lanean zirenei. Hor dute atseden hartzeko aukera, elkarrekin bazkaltzekoa, solastatzekoa…
Eguna nola joan zen-eta zertzelada gehiago nahi badituzu, hemen duzu Jenofa Berhokoirigoinek idatzitako kronika. Eta hemen dituzu Ziburuko Azokako aurtengo omenduaren hitzak, Beñat Oihartzabal hizkuntzalariarenak.
A, eta ARGIAren aldetik ere benetan gustura gaude jasotako harrerarekin. Hantxe izan genituen udaberri honetako lau nobedadeak, hantxe izan ziren egileak, eta hantxe aurkeztu genuen lehenbizikoz Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburu mardula. Oso jendetsua izan zen ekitaldia. Estitxu Eizagirrek jaso ditu detaileak.
Tira, ohi baino sarrera luzeago hau eta gero, noan hastera.