2026ko ekainaren 9a.

Egun on.

Beno bada, ez nuen espero hain goiz izatea. Atzoko buletinean kontatu nizun Juan Mari Aburto ez dela berriz Bilboko alkate izatera aurkeztuko, eta dagoeneko badaukagu ordezkoa: Mikel Hidalgo. Aurpegi gaztea (33 urte ditu) eta aurpegi berria (EAJ barnean ibili da beti, baina atzeko lanean). Lasai, ezagutuko duzu laster, ezagutaraziko dizute. Edo ez. Bilbon paparra hainbeste aterata al dabiltza jeltzaleak, bada? 

Benga, goazen mamira.

‘Ongietorriak’, noizko kontuak?

Etxeko sofan erdi-eserita eta erdi-etzanda nengoela, parean agertu zitzaidan Diario de Navarra-ko bideo labur bat. Carlos Herrera mintzo zen. Espainiako irrati-esatarien artean gehien kobratzen duena, eskuindarrei goizero mezaren pareko purrustada botatzen diena, ahots urratua duen COPEko gizona. Higuingarria egin zitzaidan bere ahotik entzundakoa (hauxe irakurgaia): PSOEri egurra emateko EH Bildu ari zen gupidarik gabe iraintzen, eta besteak beste esaten ari zen ETAko presoei omenaldiak egiten zaizkiela, jendearen berotasuna ematen zaiela, txalo egiten zaiela egin zituzten krimen eta delituengatik... Serioski diot benetan pentsatu nuela: “Zein urtetan gelditu da katigatuta gizon hau?”. Atzo kontatu nizun buletin honetan, gainera, Sare ere desagertzera doala, beste garai batean sartzen garelako…

Baina beharbada ez dabil oker. Madrilen sintonia horri eusten baitiote oraindik. Zeren atzokoa, Auzitegi Nazionalean ikusitakoa, izan zitekeen lasai asko duela hamar urteko kontua. Berangoko auziaren lehen eguna izan zen atzokoa. Ibai Aginaga preso politikoari 2022ko martxoan harrera egin zioten, frontoian, eta hamasei lagun daude auzipetuta, eta bakoitzari gehienez bi urte eta pikoko espetxe zigorra galdegiten zaio. Akusazio partikularraren aulkian, zaldi gaineko western bizitza maite duten eskuin muturreko farandurelo ultraeskuindarrak: Vox eta bere bueltako fundazio eta elkarte bi. 

Dozena bat polizia-agente pasa ziren epailearen aurretik atzo. Guardia zibilak, Espainiako poliziak eta ertzainak. Epaileak frogak eskatu zizkien. Baina hara hor ez dutela ezer demostratzeko, ez baitziren frontoira sartu ere egin, eta ez daukate diskurtsoa grabatuta. “Kolaboratzaile” batek esandako gauza batzuk baino ez dituzte, pertsona horrek euskarazko diskurtsoko zati batzuk gaztelerara itzuli eta audio bidez kontatu baitzien agente lagunei. Baina bestelako euskarririk ez. Eta ez dago, edo ez luke beharko zerbait grabatuta egon. Izan ere, hamasei lagunen defentsak azpimarratu moduan, harrera hori “pribatua” izatea nahi zen, ez “publikoa”, eta hainbatetan eskatu zitzaien bertan zirenei ez zezatela ezer grabatu

Baina Madrilgo sintoniak izan ohi ditu hari gehiago. Hori da kolektiboen izenak esatea, ia kriminaltzat aurkeztea nahiz eta ondo ez jakin zein den beraien jarduna. Tinko antolakundea, Jardun Koordinadora eta Gasteizko Elkartasun Komitea izan dira ateratako izenetako hiru, guardia zibilen ahotik. Izan ere, Ibai Aginaga “Ezker Abertzalearen disidente” gisa aurkeztu dute, “Ezker Abertzale ofiziala berehala desmarkatu” zelako Berangoko gertakari haietatik. Ulertzera eman dute, hortaz, “Ezker Abertzale ofizialak” ezetz, baina beste Ezker Abertzale batek-edo ongietorriak egiten dizkietela presoei, terrorismoa goratzen dutela... Txispa bizi dagoela. Hori da Madrilen bota dena. Ebrotik gora ez dute iritzirik eskatuko.

Horrelaxe kontuak. Ekainaren 15ean jarraituko du auzi-saioak Madrilen, Auzitegi Nazionalean, eta gutxienez beste bost egun ere badaude aurreikusita, baina epaileak esan du “saiatuko” direla 15ean bertan bukatzen.

Jaso nahi duzuna. Ordaindu nahi duzuna.

BABESTU ARGIA

·····>   Ez galdu hauek

  • Maderas de Llodio. Aiaraldean sekula egon den grebarik luzeena amaitu da, 262 egun eta gero. Enpresak egindako azken eskaera onartu dute langileek, eta hortaz, lanera itzuliko dira. Ez dituzte detaileak eman, baina pozik agertu da langile batzordea. 
     
  • Hizkuntza eskakizunen auzia. EAJk eskatutakoa bete du EH Bilduk: abstentziora joko du Enplegu Publikoaren Legeko erreformaren eztabaidan, hizkuntza eskakizunen auzian. Hortaz, EAJren proposamena izango da erreforma-dokumentuko oinarria. EH Bilduk argudiatu du jeltzaleekin “negoziazioan” jarraitzen dutela, eta horregatik hartu dutela erabaki hori.
     
  • AAren energia demasa. Ezinezkoa da adimen artifizialaren bide honetan segitzea eta energia berriztagarriarekin egitea. “Ilusio faltsua” dela esan du Nazio Batuen Erakundeak. Hainbesteko gastu energetikoa dute, non munduan AAri eskainitako datu-zentro guztiek herrialde bakar bat osatuko balute, munduko 11. postuan leudekeela energia-gastuari dagokionez. Hau da, Frantziako kontsumo osoarekin berdinduta. Eta asuntoa da, aurreikuspenen arabera, lau urteko epean bikoiztu egingo dela AAren energia gastua. Nola egingo da? 
     
  • Bidehuts, malkartsu. Anari, Lisabo, Inoren Ero Ni... Horien aterpe, horien kolektibo eta disko zigilu den Bidehutsek 20 urte bete ditu aurten, eta garai “delikatuan” dagoela iragarri du. Aitortu dute bost urte daramatzatela gerrikoa estututa, eta hausnartzeko denbora hartuko dutela.  

Zerbait esan nahi didazu? Erantzun mezuari edo idatzi buletinak@argia.eus helbidera.

PANTAILARA ITSASTEKO BAZKA

  • Aftersun. Paul Mescal aktorea Bartzelonan ari omen da The Beatles taldeari buruzko film bat grabatzen, aurrekoan hala esan zidan Maialen lankideak, eta halaxe entzun dut Kataluniako irrati publikoan (Paul Mescal, Gràcia auzoan atrapatuta). Ibili omen da auzoko taberna klasikoetan barrena, garagardoak edaten, batere disimuluan pasatzeko asmorik gabe. Eta hala amaitu genuen Maialenek eta biok Aftersun filmaz hizketan; oso-oso lan ederra egiten du hor Mescalek. Aita gazte baten papera egiten du. Izorratuta dago barnetik. Baina alabaren ikuspegitik (eta oroimenetik) dago kontatuta, aitak eta biak egindako opor-bidaia da. Gogorra da, oso ona. Movistarren eta Mubin dago.
     
  • The Paper. The Office-ko Dwight Schrute aipatu nuen aurreko asteko buletinetako batean, eta akordatu nintzen The Paper (The Office-n kopia gaurkotua) ikusten hasi ginela etxean, eta ez genuela amaitu. Nahiko txarra, ez? Eskasa iruditu zitzaidan. Baina beti gertatzen da halakoekin. Hala ere, jakiteko lehenik ikusi egin behar izaten da. Movistarren eta Sky-n dago. 
     
  • The Worst Person in the World. Sentimental Value ikusi baduzu, ziur aski jakingo duzu zertaz ari naizen. Eta Sally Rooneyren idazketa gustatzen bazaizu, litekeena da film hau gustatzea. Joachim Trierrek idatzi eta zuzendutako film norvegiarra da. Julie (Renate Reinsve) da protagonista, 30 urte inguruko emakumea. Triste eta deseroso dago, bere talentua galtzen utzi duelakoan, eta bikotekide pixka bat toxikoa du, gain-gainean izaten duena. Baina gauzak aldatu egingo dira. Filminen dago, euskarazko azpidatziekin.

Honaino gaurkoa.

Astearte ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN