2026ko ekainaren 10a.

Egun on.

Selektibitateko notak jakingo dituzte gaur Hego Euskal Herriko ikasleek. Puf. Batek baino gehiagok ez zuen oso ondo egingo lo... Animo denei (eta ingurukoei).

Goazen mamira.

· · · · · · ·

Enuntziatu ona ala enuntziatu euskalduna? (I) 

Ez naiz inoiz oso ona izan matematikan. Akats tontoak egiten zituen horietakoa nintzen. Baina uste dut ulermenerako gaitasuna badaukadala. Eta kazetarion artean dioguna beste sektoreetan ere praktikatzen bada, dogmak dio lehen irakurraldian ulertzen ez dena ongi adierazita ez dagoenaren seinale dela. 

Horixe gertatu zen zientzien adarreko Matematikako azterketan. Lehenbiziko galderan batez ere. Zuzentzaile lanetan aritu den Ines Alonso irakasleari “flipatzekoa” iruditu zaio: enuntziatu luzeegia, korapilatsua eta ulergaitza, edo ulertzeko oso zaila, tartean Fisikako kontzeptu batzuk uztartzen dituelako, eta detaile horiek ez dutelako ezertarako balio ariketa horretan. Soilik “testuingurua emateko”. Baina finean, “ikasleak nahasteko”. Pista moduan: berari zuzentzea egokitu zaion bakar batek ere ez ditu puntu guztiak eskuratu ariketa horretan. [Sarean gaztelaniaz baino ez dugu topatu ariketa hori]

Dena dela, bosgarren ariketako B aukera da polemika gehien sortu duena. Erantzuteko oso zaila dela aitortu dute irakasleek.

Orokorrean, baina, ikusitakoak ikusita, zuzentzea egokitu zaion ikasleak “nahiko ondo” ikusi dituela aitortu du Alonso irakasle eta zuzentzaileak. Baina nota altuak ez direla egongo esan du: 8tik aurrera “oso kasu gutxi”, bere ustetan. Dena dela, tokatu zaion laginean, denek gainditu dute. 

Bihar beste bote bat ekarriko dut buletinean, euskarazko enuntziatu ulergaitzen ingurukoa. Artikulua prestatzen ari zaigu Zigor lankidea.

Jaso nahi duzuna. Ordaindu nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

NATOren trastuak Bardean

Espainiako aire armadak etxe barruko erakustaldia egin du asteburuan Nafarroako Bardean, frankistek duela 75 urte zabaldutako azpiegitura militarrean. Atzo izan zen irekieraren urtemuga, eta Urko Apaolaza lankideak asteburuko espektakulua kontatu digu, gaian aditu egin baitzaigu berriki Larrun benetan interesgarria ondu ostean.

Indra armagintzako multinazional espainiarrak (akziodun nagusietakoa SAPA enpresa andoaindarra da) kontatu du sareetan zertan ibili diren. Sistema oso berri bat probatu omen dute Bardea gaineko hegaldietan, aire armadako gerra elektronikoaren kontrako hegazkin eskoadroiekin. Misilen kontrako sistema bat, finean. NATOk erabiltzen duen horietakoa. NATOk erabiliko duena.

Urtean 2.000 bonbardaketa-ariketa egiten dituzte Bardean, eta Europako tiro eremu zabalenetakoa da. Bi urte barru iraungiko da erabilerarako hitzarmena, baina berritu egingo da okerrik ezean, eskuineko alderdiak eta PSOE ere bai tiro poligonoaren alde baitaude. Hala, protesta egin zuten igandean Bardean. Herritarrek deitutako martxa izan zen. “Poligono honek lotsa ematen du”, esan zuten. 

·····>   Ez galdu hauek

  • Kamerak ikasgeletan. Jaurlaritzak web-kamerak instalatu ditu ikastetxeetan, baita horren kontra agertu diren hainbat eskolatan ere. Polemikak indarra hartu du berriro, hala nola LAB eta STEILAS ari baitira gogor, eta azken orduotan, Hezkuntza Sailari aspaldi eskatu genion iritzia eman digu: ukatu egin dute kontrolerako tresna direnik, baizik eta helburua da bermatzea hezkuntza-jarduera era hibridoan edo urrutiko eran ematea posible dela, egun batetik bestera pandemiaren gisako bat etorriko balitzateke. 
     
  • Lan heriotza Laudion. Astelehenetik astearterako gauean langile bat hil da Laudioko pigmentu fabrika batean, 49 urtekoa, labe baten leherketaren eraginez. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, 33 dira Euskal Herrian urte honetan beharrean hil diren langileak. 
     
  • EHBT. Aurkeztu dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, Bilboko Kafe Antzokian egindako prentsaurrekoan. Izen hori hartuko du, atzean utziko baitute Bertsolari Txapelketa Nagusia deitura. Irailaren 19an hasiko da lehen fasea, Hazparnen, eta abenduaren 20an jokatuko da finala, Iruñean. Sarrerak ekainaren 17an ipiniko dituzte salgai.
     
  • Marienia. ELB sindikatuak, Lurzaindiak eta Ostia kolektiboak agerraldia egingo dute gaur Kanbon, Marieniaren harira, igande honetan egingo duten manifestazioa iragartzeko, eta zein egoeratan diren kontatzeko.

· · · · · · ·

Portzierto, agenda kulturalarekin sartu aurretik. 

Harrera oso beroa jasotzen ari da Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua, eta jakina, oso pozik gaude. Goizpasa bat antolatu du larunbat honetarako ARGIAko Bizi Baratzea atalaren lantalde prestuak: Gasteizen izango da, 10:00etan hasita, Olarizuko lorategi botanikoaren etxaldean. Debaldekoa eta edukiera mugarik gabeko hitzordua. Ibilaldi gidatua egingo dute zuhaitz artean hiru egileek, azalpenak emango dituzte, eta bitartean bertsotan jardungo dute Onintza Enbeitak eta Unai Agirrek. Liburua ofizialki aurkeztu eta gero, garaiko eta bertako produktuen dastaketa egingo da Fede Pacharen eskutik.

Gonbidatuta zaude.

AGENDA KULTURALA

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN