2024ko uztaila. Kontserbadoreen desastrearen ubera. Zor publikoa jaitsi ezinean zebilen Rishi Sunak, bere aurreko bi lehen ministro alderdikideak bezala. Aurretik izan zituen Boris Johnson zoroa, pandemiako etxealdian-eta 15 urteko buruarin baten moduan jokatu zuena; eta Liz Truss pobrea, gauza asko egin nahi zituena, baina ez zena gai izan ehuneko txiki bat ere egiteko. Mundu guztia krisialdiaz hizketan, fokua aldatzeko xedez, Sunak abentura arrazistetan murgilduko zen, migratzaileak Ruandara bidaltzen. Neurri horiekin nabarmenduko zen kanpora begira. Baina fokuak ezin dira beti ezlekuetan ipini, batez ere erosketa saskia betetzea gero eta zailagoa denean. Azkenean, bere indarrez jausiko zen Sunak. Erresuma Batuaren zorra oso altua zen, estatuan sortzen zen ondasun eta aberastasun guztiaren (BPG) ia tamainakoa.
Hala, 2024ko uztaileko hauteskundeetan, izugarrizko garaipena erdietsi zuen Alderdi Laboristak. Sekulakoa, sekulakoa. Botoen erdia baino gehiago galdu zituzten kontserbadoreek (zifra altuetan ari gara hizketan), laboristek irabazteko. Itxaropen izpi bat piztuko zen, eta hala izendatuko zuten Keir Starmer lehen ministro, krisialdiari buelta eman asmoz-edo.
Uda beroa igaro zen, eta segituan galduko zuen konfiantza. Laboristek ere ezin izan baitzuten deus egin egoera hobetzeko. Eta itxaropena ja enegarrenez atsekabetzen denean, eta zuk, boto-emaile gisa, alderdiaren kolorez ere aldatzen duzunean, harrika erantzuten diozu dagoenari, baita aurreko agintari guztien errua egotzita ere.
Brexitaz geroztik arrastaka doa Erresuma Batua. Sintoma argia zen Starmer: inork ez dio ia inoiz ezer onik esan, ezta bere alderdikideek ere. Jaustear zegoen peoia besterik ez zen, eta halaxe erori da astelehen honetan. Orain, gauzak “konpontze” aldera, primarioen prozesu bat dute abian Alderdi Laboristan, eta ziurrenik uztailean izendatuko dute lehen ministro berria. Litekeena da Andy Burnham Mancehsterreko alkate ohia izatea. Ikasi bere izena; ea zer egiten duen, zenbat irauteko gai den.
Dimisioaren iragarpena egin ondotik ere (espero zen, filtratua eta esana zegoen), komunikabideek larrutu egin dute Starmerren diskurtsoa. Zeren, bi urteotan ekonomia indartu egin duela esan du (The Guardian-eko John Harrisek puntuz puntu erantzun dio: “Gezurra”), soldatak inflazioa baino gehiago igo direla (“pintzekin hartzeko modukoa”), azpiegiturak berritu eta modernizatu dituela (“oso puntualak”), osasun etxeetako itxaron zerrendak murriztu dituela (“ez zen zaila, baina oso luzeak dira oraindik”), langileen eta maizterren eskubideak hobetu dituela (“urardotutako erreformak”), eta, besteak beste, Defentsako gastuak inoizko handienak izan direla II. Mundu Gerraz geroztik (Harrisek dio: “Esatea ahaztu zaio duela egun batzuk ministerio horretako buruak dimisioa eman zuela, argudiatuta estatuaren segurtasuna bermatzeko adinako aurrekonturik ez daukala”).
Horrelaxe daude kontuak Erresuma Batuko egunkaririk irakurrienetako batean. Ez naiz hango politikan aditua, ezta urrundik ere, baina uste dut tokatzen zela gaur honekin zabaltzea. Kontua da espektakuluaren erregeak ere badirela Erresuma Batuan, ez soilik koroaren asuntuetan, eta, halako show-ei bai, gustatzen zait pista jarraitzea.