Milioi bat arbola beroari. A zer beroa egunotan, ezta?
Bilbok, Baionak eta beste hainbat hirik eta herrik "babesguneak" jarri dituzte beroarentzat, “babesgune klimatikoak”, hitzak dioen gisan beroari aurre egiteko, ez baitiote hain esplizituki, baina gure herri eta hirietan ez baitira berotik babesteko leku publiko ugari. Babesgune puntualekin, ordea, ez gara urrunera joango.
(Goiko argazkikoa Medellin hiria da, Kolonbian; korridore berdeak dituzte etxe arteetan)
Atzoko arrats beroan akordatu nintzen Lander Arbelaitz lankideak idatzitako Net Hurbil honekin: Balear Uharteetan nola aurkeztu duten plan bat bertako klima 2ºC jaisteko. Nola, eta milioi bat fruitu-arbola landatuta. Fruitu-arbolak konkretuki han, Balearretan, arazo larriak baitituzte lurrarekin, tokiko elikadura faltarekin, ur eskasiarekin... Baina laburbilduta: jarri zuhaitzak, kopon. Estalki berdeak behar ditugulako, euria eragiteko, eta euriari lurzoruan ahalik eta gehien eusteko, uraren zikloa indartzeko.
Urbanizazio oso handi bat egin berri dute gure herrian, eta pasatzen naizen aldiro pentsatzen dut: nola da posible halako espazio zabal bat, haurrentzako parke handi bat, dena kautxuarekin eta asfaltoarekin egitea, lau zuhaitz tristerekin soilik... Hori bai, gero, etxebizitzak igerilekuarekin.