Asuntoak segida du: ARGIAk atzo publikatu zituen azterketako enuntziatu lotsagarriak besapean hartuta joan da EH Bildu Gasteizko Udaleko gai hauen batzordera, udal gobernuari azalpenak eskatzera. Testuinguruan jarri du ikasmaterial osoa ez zegoela euskaraz, hori ez dela bi hizkuntza ofizialak errespetatzea; eta batez ere, 33 errata baino gehiago topatu zituztela euskarazko etsaminan.
Udalaren erantzuna, oso-osorik gazteleraz izan da (gora gure EAEko hiriburua, joe). Eta bestela ere nobedade gutxi erantzunean. Bingen Zupiriaren estiloan, “honek ez zuen inoiz gertatu behar” bezalako hitzak erabili dituzte, “ulertzen dugu”, “sentitzen dugu”... Eta hor dator betiko baina hori. Ez da kasuon “probokazio” hitza erabili, lasai. Baina bai esan dute gertakari horrek ez duela ondorioztatzen “euskararen aurkako diskriminazioa” dagoenik. Eta udalaren iritziz, herritar guztien hizkuntza eskubideak “errespetatu eta bermatu” dira.
Gertakariak badu, Gasteizko Udalaren iritziz, justifikazioa ez den justifikazioa. Euskaldunoi esan digu “konprenitu” behar dugula lan deialdi asko egin dituztela azken hilabeteetan, epe gutxian 50 azterketa prestatu behar izan dituztela, guztira 12.000 enuntziatu baino gehiagorekin... Akatsak egitea normala da, ezta?
Gauza horiek ez dira kasualitatezkoak Gasteizen, eta bi segundoko bilaketa eginda topatu dut notizia hau, duela hiru hilabetekoa: Gasteizko ingurumen teknikariek ezinbestean ingelesa jakin beharko dute, eta euskara, ordea, ez.