2026ko ekainaren 25a.

Egun on.

Beroak loa galarazten du eta ni behintzat nekatu samar nago. 

Zer moduz zure astea?

Goazen mamira.

· · · · · · ·

Hau ez da soilik klima aldaketa

Argipen batzuk beroaldi jasangaitz honen komentario errazei. Egunotan bizi dugun muturreko beroak badu azalpen bat, eta ez da soilik mugatzen “klima aldaketak eragindakoa” dela; beroaldia, “hazkunde sakrosantuarekin obsesionaturik” dauden eliteen eta haiei men egindako helburu klimatikoak alboratu dituzten buruzagien biolentzia politikoa da.

Urko Apaolazaren artikulu landuan leitu nuen atzo. Frantziako Reporterre kazeta ekologista preziatuari irakurri dizkio bere editorialean. 

Pobreenek jasaten dute gehien beroaldia. Eta zaurgarrienak beti dira pobreenak. 

Bordele kanpoaldean, mahastietan sasoiko lana egiten dute atzerritik heldutako 700 langilek. Txaboletan bizi dira. Eguzkipean ez denean, txapazko estalkien azpian egiten dute lan, 43 graduko tenperaturan. Eta iturri bakarra dute inguruan. Horrela ezin da lanik egin. Konkretuki behargin horien egoera salatu du Akitaniako mediku batek, eta hitzez hitz esan du: “Beldur gara, hildakoak egongo direlako”. 

Bulego batean, sarri etxean, baina beti ordenagailu baten atzean eta eserita egiten dugu lan geuk. Zortekoak garela ere ez genuke esan beharko, baina ezinbestean akordatu beharko genuke bero zapa hau lantegietako makina artean jasaten ari direnekin, etxez etxeko banatzaileekin, kalean eta egoera penagarrian lan egiten dutenekin, aire girotua pagatu ezin dezaketenekin, kalean bizi direnekin... Zentro publiko eta zaurgarri askotan ere larritasuna bizi dute, hala nola osasun etxeetan (geletako tenperatura 35 gradutik jaitsi ezinda dago zenbait lekutan), eta ikastetxe askotan ere berdin.  

Detaile batera jota: gure auzoan eta inguruan, normalean baino janari banatzaile gehiago ikusi ditut astelehen, astearte eta asteazken honetan. Beharbada izango da opor sasoia hasi delako askorentzat. Baina gizatasunaren kontrako atentatu modukoa iruditzen zait zuk, zure etxeko sofatik, ilunetan eta aire girotua jarrita, zartagina sutan jartzeko betarik ez daukazulako, banatzaile bati esatea zure etxera bizikletan joateko, euro baten truke, sentsazio termikoa 40 graduren inguruan dabilenean. 

Urkoren artikulura itzulita. Esaten du beroaldi hau ez dela klima aldaketa soilik. Ez dela “fatalismoa” bakarrik. Baizik eta modu boluntarioan eragindako biolentzia ere badela. Zeren, Reporterre hedabideak oroitzen duen moduan, TotalEnergies, ExxonMobil, Shell eta gainerako petrolio konpainiek duela 50 urte ere bazekiten euren jarduerak berotze globala eragingo zuela, eta ondorio katastrofikoak ekarriko zituela. Hori zioen txosten bat zeukaten, eta informazioa ezkutatu egin zuten.

Hori enpresen aldetik, baina erakundeen aldetik ere gauzak ez doaz ondo. Donald Trumpen eta Javier Mileiren adibideak dira muturrekoenak, karbonoaren faxistak direlako, ahalik eta gehien esplotatzeko helburua dutelako. Baina ustezko berdeak ere ez dira berdeak. Aspaldi gainditu genuen denok Parisko Akordioak ezarritako gehienezko 1,5 graduko igoeraren langa. 

Eta Europar Batasuna, azken hilabeteetan, isil-isilean atzera egiten ari da hainbat legetan. Adibidez, 2035ean konbustio fosileko ibilgailurik ez zela ekoiztuko zioen lege bat onartu zuen, baina indargabetuta dago. 

· · · · · · ·

Eta irrati eta telebistetan bezalaxe, hona eguraldi partea.

Itxuraz gaur jaitsiko dira tenperaturak, pixka bat behintzat. Maximoak ez, baina minimoak bai. Litekeena da iluntzean trumoiak lehertzea, zaparradak botatzea, eta tenperatura jaistea. Eta gaur baino probabilitate gehiagoz bihar. Ea, ba.

Sutea ere badago Zalduondoko Galarreta mendian, Aizkorriko puntatik gertu. Sei kilometro karratu-edo erre direla kalkulatu dute. Aurreko ostiralean piztu zen, itzaltzea lortu zutela uste zen, baina egunotako bero honekin garrak zabaldu dira. Gaur eta bihar artean itzaltzea espero dutela irakurri dut

Jaso nahi duzuna. Ordaindu nahi duzuna.

BABESTU PROIEKTUA
EGIN ARGIAKOA

Eta bart gaueko nobedadea: akordioa lortu dute EAJk eta EH Bilduk administrazioko hizkuntza eskakizunen gaian. EAJk esan duena da EH Bilduren abstentzioaren bitartez onartuko dela EAJren jatorrizko proposamena, baina, egiari zor, EAJk bere dokumentuari zuzenketa batzuk aurkeztu dizkio, eta horixe da onartuko dena.

Detaile gehiago gaur ezagutuko ditugu, Eusko Legebiltzarreko plenoan bozkatuko delako. Interesgarria izango da bi aldeen diskurtsoak entzutea. Edonola ere, aurrerantzean, aldaketa nagusia izango da lan deialdi publiko batera aurkezten denak ez duela momentuan bertan hizkuntza eskakizuna egiaztatu beharko, baizik eta posible izango dela gero egitea, behin lanpostua eskuratuta

Baita ere, interesgarria da, EH Bilduk exijitu duela hiru urtez jardungo duen batzorde bat sortzea, legediaren aplikazioa eta eraginkortasuna maiztasun batekin aztertuko duena. 

·····>   Ez galdu hauek

  • Aitor Gabilondo. Patria telesailaren egileak esan du, behin hori egin eta izandako oihartzuna eta gero, “zorra” sentitu duela estatuaren terrorismoaren biktimekiko, “kontakizun zehatz bat indartzeko” erabili delako Patria. Horregatik, torturari buruzko film bat egiten ari dela iragarri du.
     
  • Alemania: 70 urte. Proiekzio bat egin dute. Bizi itxaropena handitzen joango denez, erretiroaren adina ere luzatzea proposatu du aditu talde batek. Hasiera bateko helburua da, 2092rako, erretiro adina 70 urtekoa izatea. Era berean, pentsioa nahitaez “osatu” beharko lukete langileek, haien soldataren %2 inbertituta finantza merkatuetan. 

ITZALETIK ARGIRA

ARGAZKIA: Banoa / ARGIAren artxiboa
1993an egina, Bilbon.

Turismoa 1993an. Turismoa indartzen hasia zen 1990eko hamarkadarako. Jauzia mende aldaketarekin batera emango zuen, hegaldi merkeen eta interneten abantailarekin; hala entzun izan diot Asier Basurtori

ARGIAk, 1993an, Banoa bidaia agentziakoak elkarrizketatu zituen. Hasi berri ziren turistifikazioari eta jasangarritasunari buruzko eztabaidak, baina oso apalak ziren; eta Banoa agentziak “zerbait desberdina” nahi zuen eskaini. Gakoetako bat eman zuten, sektorearen kanpoko indarraren eta turismo agentzia handiek duten lobby gaitasunaren inguruan: “Gu baino aurreratuago doaz, heltzen diren tokiak kontsumo produktu bihurtuko dituzte”. 

Segi irakurtzen.

Honaino gaurkoa.

Segi ondo. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN