2026ko ekainaren 24a.

Egun on. Edo bero honekin ahal dena. 

Ondo San Joa gaua? Surik egin zenuen?

Zer demontre izan zen atzokoa... Aurreko egunetan baino bero gehiago izan genuen, ezta? Puf... Ba EITBn irakurri dut “txarrena” etortzeko dagoela. Sentitzen dut, nahiago nuke halakorik ez iragarri.

Gasteizen izan ginen atzo Asier Basurto eta biok, Turismoa. Desazkundera bidaia liburua aurkezten. Ez zen ez ordurik eta ez egunik onena, baina esperotakoa baino jende gehiago etorri zen Liburutopiako freskurara. Gustura egon ginen, eta Asierrek ere hala esan zidan bueltako bidaian, iritzi, komentario eta galdera interesgarriak entzun genituela.

Tira, noan asteazkenari heltzera. 

Bide orrian, non da euskara?

Legealdi erdiko balantzea egin zuen atzo Imanol Pradales lehendakariak, Ajuria Enean, muntaketa tekniko xarman batekin, eta sailburu eta erakundeetako jendearen parte hartzearekin ez ezik, baita gizarteko hainbat ordezkariren aurrean ere. Etorkizuneko “ildo nagusiez” hitz egitekoa zela esana zeukan. Ohikoak izaten dira horrelako balantzeak, baina uste dut halako muntaketarik ez zela aspaldian egin legegintzaldiaren ekuatore batean.

Esan behar da dezenteko kanpaina kutsua hartu zuela. “Asko dago egiteko” esatea, sailburuei “erritmoa, umiltasuna eta entzuketa” eskatzea eta orain arte egindakoa ez dela “nahikoa” esatea, tonu onean bada ere, adierazteko modu bat da EAJ ez dela hona arte mugatzen, edo ez duela, behintzat, itxura hori eman nahi; ez daudela geldi, alegia. Ez dut uste, ezta ere, kasualitatea denik azken aste eta hilabete gutxian udaletarako alkategai batzuk aurkeztu izana. Eta deskribatzen dizudan kanpaina kutsu horren pista bat gehiago da Pradalesen beste esan hau: “Ziurgabetasun handiko hilabete trinko hauetan asko erein dugu, pixkanaka uzta jaso ahal izateko; hau da gure bidea, beharbada ez da azkarrena izango, ezta errazena ere, baina bai zuzena”. 

Halako hitzaldietan interesgarriena da behatzea aurrera begira zein gai edo auzi aurkezten dituen “gako” moduan. Hauxe laburpena. Epe motzean fintzeko sei lege proiektu: Unibertsitate Legea eta Euskal Kulturarena, bi horiek ziurrenik udazken honetan izango dira; eta beste lauak administrazioa bizkortzeari buruzkoa, turismoarena, nekazaritzarena eta tratu berdintasunarena. Eta erronka orokor gisa, hiru hauek (betiko komodinak, ez harritu): etxebizitza, osasuna eta autogobernua.

Euskara ez. Ez da aipatzen. Aipatu ditu, ordea, politika egiteko “euskal eredua”, eta “euskal agenda” erdigunean jartzeko konpromisoa. Agendarena uler dezaket, hori esatean autogobernuaz ari baita ia beti. Eta PSOE zentralari errekadu bat da hori. Baina “euskal eredua” zer da? Funtzionario izateko lan deialdietan ere ganorarik ez badago euskarazko azterketen enuntziatuak duin idazteko, alferrik da eredu-ri euskal aurrezkia gehitzea. Hori ez baita ez eredu, ez eredugarri, eta ezta euskal ere. 

Hori bai: euskararen kaleko erabileran “jauzi kualitatiboa” ematea “erronka handia” dela esan du asuntua dagokion Ibone Bengoetxea sailburuak. Ea nondik joko duten, ba. Udazken honetan egingo da Soziolinguistika Klusterraren bost urtean behineko behaketa; 2021eko datuetan, 2016an bezalatsu, Euskal Herrian zortzitik batek erabiltzen du euskara kaleko harremanetan.

Bide batez: bihar helduko da Eusko Legebiltzarreko plenora administrazioan hizkuntza eskakizunari dagokion proposamena, EAJrena, EH Bilduren abstentzioz fasez igaro dena. Osteguneko saioa erabakigarria izango dela dirudi. Horren atarian, ELAk eta LABek eskatu dute euskara gaztelaniaren pare jarri dezatela, ez luketela besterik onartu beharko. 

Jaso nahi duzuna. Ordaindu nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

Nerabeak eta sare sozialak

Hemen kontatu izan dut nola iragan abenduan, Australian, debekatu egin zizkietela sare sozialak 16 urtez azpikoei. Kontuak itxi zizkieten. Ia bost milioi kontu itxi zituzten.

Ea, ez gaitezen itsutu, beti baitago tranpa egiterik. Halaxe izan da: bitik batek atzera ere kontua zabaldu du, amarru eginda. Baina beste erdiak ez, eta horri ere erreparatu beharko zaio, jende asko baita. Eta azkenean, edo inkesta baten arabera behintzat, 30 urtez azpiko gazteen %60 ados eta kontentu dago legearekin, eta biztanleria osoa hartuta, hamar australiarretatik bederatzi ere bai. Ez da lorpen makala. Milioika eta milioika nerabek egunean hiru, lau, bost ordu pasatzen dituzte sare sozialetan kateatuta, eta orain, Australian, zero ordu pasatzen ditu mordoxka batek. 

Euskal Herrian ere saiatu behar dugula diosku Telmo Lazkano osasun digitalaren arloko aholkulariak. Mikel Garciak hitz egin du berarekin.

Zerbait esan nahi didazu? Erantzun mezuari edo idatzi buletinak@argia.eus helbidera.

·····>   Ez galdu hauek

  • Aire txarra. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren %40k kalitate txarreko airea arnastu zuen iaz, eta Nafarroan %55k. Ekologistak Martxan elkarteak egin du txostena, Europar Batasunak 2030erako ezarritako mugak erreferentzia hartuta.
     
  • Korsika. Frantziako Asanblea Nazionalak onartu egin du Korsikaren autonomia estatutuari buruzko lege proposamena. Konstituzioari eragiten dion proposamena denez, orain Senatuan eta gero Kongresuan onartu beharko dute legea, azken horretan botoen hiru bosten lortuta. 

AGENDA KULTURALA

Beno, aste honetatik aurrera ja esan dezakegu festa sasoian murgildu dela Euskal Herria. Apur bat beldurgarria ere bada musika eskaintza zabalari entresaka egitea. Argazkian, Bilboko Lekuz Leku dantza jaialdiko argazki bat.

Honaino gaurkoa.

Asteazken ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN