Enplegu Publikoaren Legea deitzen zaionaren zati bat erreformatu dute Eusko Legebiltzarrean (aka, administrazioko lan deialdietako hizkuntza eskakizunari dagokiona). Esan eta esan genbiltzan oldarraldi politiko eta judizial bat dagoela hizkuntza eskakizunen aurka, pila bat lan deialdi atzera bota dituztelako epaitegiek, ustez “euskara gehiegi” eskatzeagatik eta, pixka bat gehiago flipatuta, “gaztelania diskriminatzeagatik”.
Marka da gero biktimismoarena. Eta ikaragarria da auzi honetan nola ari diren jokatzen alderdi eta eragile espainolistak, ezkerretik eskuinera, “langileen defentsan” betiere. Ze, kontu honetan, mediku ona ala mediku euskalduna esatearen parekoa da garbitzaileei ere euskara exijitzen zaie esatea. Eta anekdotikoa arau bihurtzen dute. Euskadi Irratian, atzo, gai honi buruz ari zirela, sentsazioa izan nuen Galder del Campo tertuliakidea momentu batean Kutxabankeko presidente Anton Arriolaren klon bihurtu zela. “Denok maite dugu euskara” esan eta, baina batekin segituta, esaten dizute poloniar doktoratu super-inteligenteek ezingo dutela inoiz Euskal Herrian lan egin, euskarak “muga” gisa jokatzen duelako. Zenbat poloniarrek nahi dute, bada, Euskal Herrian lan egin, eta batez ere langile publiko izan?
Legebiltzarrean onartu denera itzulita. Gauza bat argi geratu da: hauteskunde usaina dago. Eta EAJk tinko eutsi nahi dio makilari. Ordezkaritza bera dute EAJk eta EH Bilduk, baina lehenak bigarrena obligatu du bere proposamena zirkinik gabe onartzera. EAJk abstentzioa eskatu zion EH Bilduri, zatarra izan zen jokaldia, jeltzaleek ez zutelako haien posiziotik mugitzeko gogorik; eta azkenean, kexatu arren, EH Bilduk amen-amen egin dio.
Gutxienez hiru urtez probatuko da EAJren legea. Bi nobedade ditu nagusiki: batetik, ez dela zertan lan deialdian eskatutako euskara maila azterketaren egunean zehaztuko, hau da, behin lanpostua eskuratuta konpromisoa hartu daitekeela euskara ikasteko, eta eskatutako maila ziurtatzeko; eta bestetik, ez dela “derrigortasun indize orokorturik” egongo, erakunde bakoitzak bere errealitatearen arabera ezarri ahalko dituela eskakizunak. Horrek sortzen ditu zalantza ugari, ez ote den gehiegizko karga eta erantzukizuna.
Pista gisa, euskalgintza sektorea ez dago kontentu onartu denarekin:
- Kontseilua: “Sentipen gazi-gozoa dugu”
- ELA: “Euskarak menpekotasun egoeran jarraituko du”
- LAB: “Ez da hau momentuak eskatzen duen lege aldaketa”
- Euskal Herrian Euskaraz: “Legea ez da euskalgintzak aldarrikatutakora hurbildu ere egiten"
Erreformaren berrikuntza interesgarria, ordea, EH Bilduk EAJri eskatu dion gauza bat izan da: jarraipen batzorde bat sortzea, maiztasun batekin bilduko dena datozen hiru urteetan. Legea praktikan nola ari den jartzen aztertuko dute, helburuak betetzen ari ote diren, eta, ondorioztatzen bada ezetz, legea berriz erreformatzeko konpromisoa hartu dute.