2026ko ekainaren 30a.

Egun on.

Itzuli naiz lanera. 

Atzo Arberatzen esnatu ginen, EHZ festibalean, nahiz igandeko iluntzea ez zen munduko onena izan: jaialdia suspenditu zen, 19:00ak aurretik, izugarrizko euri jasa egin zuelako Etzakit taldearen hirugarren kantu hasieran, sekulako haizearekin. Jendea korrika aterpera; musikariak eta teknikariak ere bai presaka. Munduaren akabera zirudien. 

Ordu pare baten ondoren hasi zen atertzen. Baina EHZk horixe dauka: larre zabal maldatsuetan pilatzen direla autoak, furgonetak eta kanpinak, eta euriarekin formatzen den txokolateak ez duela izenik. Zeren, geroz eta auto gehiago atera, orduan eta atrapatuago gelditzen dira atzekoak. Halaxe, traktoreek gaua hor eman zuten, laguntza eskatzen zutenak kakoari lotuta errepidera ateratzen, eta lastoa zabaltzen, eta salbatu zituzten astelehen goizean bai ala bai lanera joan behar zutenak. Edo gehientsuenak. Ikusi ditugu-eta lankideei edota nagusiari bidaltzeko argazki eta bideoak grabatzen ari zirenak ere, justifikazio gisa, irten ezin izan zutelako, edo amore eman eta osasunari topa egin ziotelako. E, lau eta bost orduko itxaronaldiak izan ziren autotxoke lokaztietan. 

Antolakuntzak oso ondo zaindu gintuen bertan gaua egitekoak ginenok. Laguntza guztia eskaini zuten, informazioa zehatz, argi eta patxadaz eman ziguten aldi oro, artistek erabili ohi duten gela berora eraman gintuzten gero, janaria debalde zerbitzatu, giro inprobisatu eder eta goxoa sortzen lagundu... Biba zuek. Biba antolakuntza eta boluntario talde zabala. Eta eutsi goiari. Kalte ekonomikoak ez baitziren makalak izango. 

Hau ere esan nahi dut, larrialdi klimatikoaz ahaztuko baikara gero: muntaketa sasoia 40-45 graduren bueltan egin dute, eta desmuntaketako lehen eguna, berriz, lokatzetan. Eutsi.

Noan bestelako gaietara.

Eutsi

Eusten dio El Correo-k, eusten dio eskuinak, eusten diote euskararen baztertzaileek eta gaztelaniazko hezkuntzaren aldekoen sektore batek... Eta eusten dio EHUk. Izan ere, atzo, epaitegiek esan zuten selektibitateko Euskara azterketan zero atera eta salaketa ipini zuten ikasleak libre direla zulotik. Hau da, kalifikazio horiek ez direla aintzat hartuko unibertsitatera sartzerako unean. Ez delako justua izan. Ez delako justua izan gazte guztiei azterketa bera ipintzea? Ene, bada. 

Kalifikazioak aintzat ez hartzeko agindu die epaitegiek EHUri. Eta EHUk, bizi-bizi, errekurtsoa aurkeztu eta publikoki hitz egin du. Oso ados nago: epaileek esandakoa ez da inola ere justua. Zer esan behar dute besteek, 5eko kalifikazioa jaso dutenek adibidez? Eta pentsatu gauza bera beste etsaminekin.

Eta ikasle horiei zergatik eman dieten arrazoi epaitegiek? Bi punturengatik: EHUn aurrematrikula egiteko epea gaur amaitzen delako (batere nobedaderik ez, beti da data hauetan), eta horixe bera soluzio azkar gisa planteatzen dutela diote; eta bigarren arrazoia, “beharbada” zuzentzaileek bazekitela nortzuk edo zein eskolakoak ziren azterketariak. Anonimotasuna “zalantzan” jarri omen da eta horrekin batera sistema osoa, antza denez.

Sintonia ere hau da. Epaileak nola iritsi diren “susmo” horretara? El Mundo egunkari espainolista eta kontserbadoreko artikulu bateko kazetariaren esaldi sengabe bat “froga hastapen baten zantzu” gisa aurkeztuta. Ea, imajinatuko duzu kazetaria zein mundutan bizi den. Bada, horrekin ari dira deman egunkari espainolistetan: A ereduan ikasten duten Bilboko hainbat ikastetxe eta bertako ikasleak dira biktimak, batzuek euskara “inposatu” egin nahi dutelako. El Mundo harago doa: dio tribunal horretako zuzentzaileak “azken momentuan” aldatu zituela EHUko errektore Bengoetxeak berak, bere erabakiz, egunerokoan euskaraz hitz egiten zutenak jartzeko.

Horrelaxe kontuak. Buletinetako batean esan nuen ez nuela gaia hauspotuko, zeroak gora eta zeroak behera besterik ez zebiltzalako, baina gauzak dauden bezala ezin daiteke pasatzen utzi. Ondo ari da EHU, erakunde gisa bereari eusten diola nabari da, eta ezinbestean eta beharbada gehiago babestu beharko lituzke (eta genituzke) Euskarako azterketa zuzendu zutenak. Jasaten ari dira-eta ederra. Eutsi. 

Uste dut zalantzarik ez dagoela azterketaren mailaren inguruan. Gainbegiratua eman diot, eta beharbada luze baina sinple samarra iruditu zait, gai beraren bueltakoa, ulergarria eta zentzuzko gauzak dakartzana. Zer edo zer ongi egingo zuten zero, bi edo lau kalifikazioa jaso dutenek, baina gaizki ere egingo zuten, eta hori ez dira askorik aipatzen ari: ortografia. Gehienez bi puntu kendu ahal zaizkie. Beste bat hiztegi eta gramatika akatsengatik. Eta idazlanean, gutxiegi idazten badute, gehienez ere beste bi puntu eta erdiko penalizazioa. Ea, ezer arrarorik ez. 

Baina hemen frogak ditugu, EITBk grabatu eta zabaldu zituelako. Ikusi, ikusi: esaldi bakar bat ere egiteko gai ez denak zer nolako idazlana egingo du, bada? Eta zer ulertuko du irakurgaian? Ez baitira orain test formatuko etsaminak, jakin behar lukete ikasleek. Eta norbaiti kargu hartu behar baliekete, izan dadila haien irakasleei eta, batez ere, ikastetxeari.

Jaso nahi duzuna. Ordaindu nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Bernedoko udalekuak. Diputazioak jarritako zigorra behin-behinean baliogabetu du epaileak. Beraz, udalekuak antolatzeko moduan leudeke. Baina ez dutela egingo iragarri dute, dagoeneko gurasoei eta haurrei beste aterabide batzuk esplikatu dizkietelako. Jazarpena ere jasaten ari dira, eta Bernedon udalekuak antolatzea “zaila” litzatekeela diote. 
  • Subflubiala. Iragan urrian, Bilbon, diputazioaren egoitzan sartu ziren Getxo eta Portugalete lotuko lituzkeen itsasadarraren azpiko autoentzako tunelaren aurka. Zazpi pertsona identifikatu zituzten, eta 600 euroko isun bana heldu zaie, Mozal Legean oinarrituta.
  • Irungo alardea. Gaur da San Martzial. Gaur dira 30 urte emakumeek lehen parte hartze polemikoa egin zutela Irunen. Inprobisatua izan zen jokaldia, eta Fermin Muguruza izan zen gidaria. Hauxe duzu Mertxe Tranche; erdi-erdian zegoen.

PANTAILARA ITSASTEKO BAZKA

  • Segoviako ihesa. Film klasikoa. 45 urte ditu. Istorio errealak 50 egin ditu aurten, eta epe motzean berriz ikusi dut, bi aldiz gainera. Izan ere, aurreratuko dizut, bihar publikatuko dugun aldizkariaren azalean joango dela Segoviako ihesaren ekintzako protagonisten irudi gaurkoa; Segovian egon ginen maiatzean, jardunaldi batzuetan, espetxea haiekin bisitatzen. Filma Primeranen dago. Ederra da.
  • The Lobster. Yorgos Lanthimosen film ezagun ederra da hau. Lehen aldian arraro sentiarazi gaitzake Lanthimosek, baina gero, niri behintzat, bizio puntu bat ere sortzen dit bere distopiak, edo bere erokeriak gehienetan. Colin Farrell aktore buru, ederra da bakardadeaz eta bikote harreman ereduaz pentsatzeko. Hori oeliulegoaldean HBOn, Movistarren eta Filminen duzu eskuragai, azken bietan euskarazko azpidatziekin gainera; eta Iparraldean Canal Plusen. 
  • Bugonia. Bi gazte konspiratzailek enpresa handi bateko burua (Emma Stone) bahituko dute, gure mundu hau suntsitzera etorri den estralurtar bat dela pentsatzen dutelako. Horixe da asuntua, Save the Green Planet film korearraren remake-a, Lanthimosena. Etxean gogoz ginen ikusteko, eta espero nuena baina hobea iruditu zait; entzunak nituen kritikak, baina txalotzekoak gehiago dituela ondorioztatu dut. Hegoaldean Movistarren dago, eta Iparraldean TFIn. 

Honaino gaurkoa.

Astearte ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN