“Agur ohiko kurtso lektiboa; kaixo udako jakintza sesioa”.
Baina aurten ez. Ezohiko tempoetan baitabil EHUren buruzagitza berria, politikoki EAJrekin lerratuta ez dagoen taldea, aurrekoek baino gehiago zaintzen duena euskara. Eta gogotik ari da egurra jasotzen. Adibidez, auzia lehertu zenetik Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak iradoki die “garden” ez jokatzea, nolabait ere “azterketa horiek berrikusi egin behar dira” esanda, esku ilun batek zuzenduko balitu bezala. Alferrik izan da. Begi gehiagok ikusi dituzte zero kalifikazioko azterketa horiek, eta ez diote emaitzari aldaketa nabarmenik egin. Hala, Pedrosa isildu da. Beharbada Hezkuntza sistemak ez duelako euskalduntzea bermatzen-edo?
Lehenbiziko aldiz Unibertsitateko sailburuak hitz egin zuen gaiaz, unibertsitatera sartzeko hautaproben asuntuaz. Atzo Miramar Jauregian topatu zen EHUko errektorearekin, epaitegiek agindu ondoren Euskarako azterketari salaketa ipini dioten ikasleen notak ez daitezela aintzat hartu haien amaierako kalifikazioan. Sailburuak eta errektoreak iragarpen bat egin zuten elkar hartuta: ikasle horiek izena ematen duten graduko plazak handituko dituzte “behin-behinean”. Ez da ez debaldekoa izango, ezta errazkiro egingo dena ere, baina argi esan dute: “Auzi honengatik ez da inor bere plaza gabe geratuko, ez zuzenean eragiten diolako, ezta zeharka ere”.
Harritu nauena da, baina, zeinen erraz lortu den dirua orain. Zeren eskatu dute askotan irakasleek lan baldintzak hobetzeko; ikasle taldeek matrikulak merkatzeko; edota plaza gehiago sortzeko. Baina gai horietarako ez dago. Ordea, badago hauentzat. Orain kontua da ea Euskaran kalifikazio apala lortu duten Bilboko eskola pribatu eta aberatseko zenbat ikaslek emango duten izena EHUn. Baina tira. Aberatsak aberatsen gisan, erakunde publikoei lobby lana egin diete, eta lortu dute. Betikoa da: errazago dute, epaileak lagun edo senide baitituzte.
A, sarean zirkulatu du Josevisky-k ARGIArentzat egin zuen azal honek. Ederra zen baita erreportajea ere.