Asuntua gutxi gorabehera itxita zegoela uste nuen. Ba, ez. Lekarozko lurretan makroproiektu urbanistikoa egin nahi zuen enpresak tematurik segitzen du oraindik ere. Eta auzitegiek arrazoi eman diote. Ez die zazpi auziperatuei eragiten, zangatuta baitago “talde kriminal” zirenaren ideia, enpresa sustatzaileak han eta hemen hauspotu nahi izan duena. Aldi berean, Palacio de Arozteguia SM enpresak bazeuzkan bide judizialak zabalduta Nafarroako Gobernuaren aurka. “Kalte ordainak” eskatzen zizkion, a grosso modo, zera bezala, “ez didazulako bermatu nire obra gauzatzea”.
Arrazoi eman dio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Ebatzi du Foruzaingoak ez zuela bere lana “ondo egin”, ez zituela makroproiektu urbanistiko izango ziren lurrak “hustu”, hau da, ez zituela akanpalekua muntatu eta lurraren aldeko protesta egin zuten baztandarrak kanporatu. Zigor ekonomikoa jarri dio epaileak, “kalte ordainengatik”. Jo, horrela badirudi foruzainen dohakabezko pulamentuagatik ez dagoela Aroztegiko proiekturik gaur egun... Tira. Gobernuak 18 milioi euro pagatu beharko dizkio enpresari.
Kontua konplikatuko dut orain, kuriosoa delako gertatu dena. Zeren Espainiako Auzitegi Nazionalak duela hilabete eman zuen sententzia bat justu kontrakoa esaten: enpresak berak babestu behar zituela bere lurrak eta bere obrak, ez zuela halakorik ganoraz egin, eta Poliziak, halakoetan, esku hartu dezakeela, baina betiere “neurri batean”, eta hala egin zuela. Auzibide honetan enpresak 46 milioi euro eskatzen zizkion Espainiako Estatuari, hain zuzen ere Guardia Zibilak “ez zuelako ezer egin protestak eragozteko”. Horixe zen lehena, eta ildo bereko bigarren auzibidea zen Iruñekoa, baina profilak aldatuta: Nafarroako Gobernuaren aurkakoa, Foruzaingoari buruzkoa, eta Nafarroako Auzitegian ipinia.
Kuriosoa da horrexegatik, Nafarroako Auzitegiak entzungor egin diolako Espainiako Auzitegi Nazionalari. Gauzak horrela, oso haserre agertu da gobernuko Javier Remirez bozeramailea. Errekurtsoa jarriko dutela esan du, eta, sententzien segida kurioso hau aipatu ondotik, gogorarazi du auzitegiek gerora ebatzi zutela Aroztegiko obrak ilegalak zirela, esleipena ez zela ongi egin eta jarduketa urbanistiko hain handia ez zegoela justifikatuta. Horregatik, Remirez bozeramaileak esan du ez lituzketela kalte ordainak pagatu beharko, ez litzatekeelako proiektua existitu ere egingo.
Ibili den eta ari den bezala, gutxi esatea da Palacio Arozteguia SM enpresakoak “mafioso” batzuk direla, goiko argazkian bezala.