“Gardentasuna” eskatu eta zuzentzaileak jomugan direla, ARGIAn mintzatu gara zurrunbiloaren erdian dagoen Peru irakasle eta zuzentzailearekin. Berak ere jarri zuen zeroren bat. Ehundik gora azterketa zituen zuzentzeko, eta azterketaren gauean bertan hasi zen lanean, etxean. Beldurtu egin zen eskuetan zuenarekin: suspentso pila bat. Enuntziatuek eskatutakoa egin ez, eta idatzitakoa gaizki idatzita, akats mordo bat. Hara, begira: ariketa batean hitz batzuen sinonimoak ipini behar zituzten, eta batek baino gehiagok gaztelaniaz ipini zioten hitz horren definizioa. Horrek zer nota merezi du?
Asuntuari tankera, ordea, azterketaren unean bertan hartu zion. Etsaminako “zaintzaile” eta “laguntzaile” figura zuen Peruk. Hau da, zalantzak erantzun behar zituen. Bada, ikasle batzuk zailtasun handiak zituzten ahoz zalantzak adierazteko, eta gaztelaniaz zuzendu zioten galdera; Peruk euskaraz erantzun zien; eta haiek, bueltan, aurpegi zurbilarekin, Pero no te entiendo (“Ez zaitut ulertzen”). Ez ziren bat, bi edo hiru izan.
Eta zergatik aurten “hainbeste” zero? Peruk uste du ez dela asmo txarrik egon. Baizik eta zuzentzaile batek edo batzuek zorrotz jokatu dutela, “berez behar den bezala”. Izan ere, Peruk aitortu du, halako etsamina desastreak bata bestearen atzetik zuzentzen arituta, nahi gabe ere ohikoa dela malgu jokatzen hastea, 0 beharrean 1 jartzea, edo akats batzuk pasatzen uztea. Hala ere, zalantza hor dago: “Gaztelaniaz horrelako maila emango bazuten, onartuko zitzaien?”.
Bide batez, irakasle eta zuzentzaile horiek jasotzen ari direna jasotzen ari direla; sektoreko kideek elkartasun bideak zabaldu eta sinadura bilketa bat abiatu dute.
Dagoen bezala dago asuntua. Bete-betekoa da diskurtsoaren bataila. Baina susmoa dut galtzen ari garela. Ez garela ari inor konbentzitzen; konbentzituta geundela inguruko denok. Eta entzuten eta irakurtzen ditugunak sinesten ditugula, zinez sinesten ditugula, badakigulako non eta nola bizi garen. Aldiz, momentuz, eta nahi nuke oker egon, espainolismoak bataila irabazi digulakoan nago. Zeren, diskriminazio eta zapalkuntza betean biziko bagina sinestarazten diote euren buru-barruei, eta elkar konbentzitzen dira. Halakoxe txispak behar dituzte. Eta guk, ordea, txispa erabili behar dugu aktibatzeko, konstanteak izateko, eta ez amore emateko.