Urtuta. Betuna likido bihurtu, erreien artetik barreiatu eta erdi solido bihurtu zen berriz, nolabait ere koskak sortuta. Eta hortaz, tranbiek ezin segurtasunez bidaiatu. Tranbia zerbitzu guztia eten zuten. Eta urtu, autobide bazterrak ere urtu ziren Alemanian, Frantzian zein Erresuma Batuan. Azken horretan, irakurri dudanez, hondarrarekin edota arroka hautsarekin estali zituzten likidotutako zatiak.
Anekdotikoa izatetik harago doa asuntua. Klima larrialdia berehalakoa da, kalteak ezagutzen ari gara, baina azpiegiturak ez daude prest. Eta Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duen moduan, “ondorio dramatikoak” gerta daitezke duela astebetekoaren gisako beroaldietan, zeren, garraioa eteteak kasu askotan problema larriak sor ditzake, baina horrez aparte, sistema elektriko eta elektronikoek ere huts egin dezakete.
Duela lau urte ere esana zegoen (eta askoz ere lehenago ere bai, jakina). Europako Ingurumen Agentziak ohartarazi zuen: Europa ez dago prest klima aldaketaren arriskuei aurre egiteko. Eta ez. Ikusi dugu ez dagoela prest.